“Enpresak hiltzen ez uztea da sekretua”

“Enpresak hiltzen ez uztea da sekretua”

M. Garate

Ekonomisten Euskal Elkargoko Ekonomista Aholkulari Fiskalen Erregistroko (EAFE) lehendakaria da Miguel Angel Calle (Leioa, Bizkaia, 1978), eta ez da zerga berriak sortzearen aldekoa. Lurralde batek behar duen bilketa modu ordenatuan egin behar dela dio: gastuak ikusi, zorraren bidez zer zati finantzatuko den aztertu, eta horren arabera erabaki zer zerga ukitu.

Egoerari aurre egiteko zer neurri hartu dituzte orain arte ogasunek, eta zer etor daitezke laster?

Lehenik eta behin, egoera larri honi aurre egiteko salbuespenezko neurriak hartu dituzte; esate baterako, salbuespenezko atzerapenak onartu dira ordainketetan. Bigarren neurri sorta bat ere egon da, eta konpromiso batzuk betetzeko epeak luzatu dituzte; esate baterako, etxebizitza kontu bat bazuen norbaitek, eta aurten egin behar bazuen inbertsioa, luzatu egin da epe hori. Hirugarren neurri sorta falta da orain, pertsonen eta enpresen susperraldiari laguntzera bideratutakoa. Baina egiturazkoagoak dira neurri horiek, eta beranduago aterako dira.

Ausartuko zinateke nondik nora joan daitezkeen esatera?

Ogasunek aztertu beharko dute zenbateko diru premia duten, hortik zenbat finantzatuko duten zorra handituta, eta, ondorioz, zenbateko zerga bilketa egin beharko duten. Horren arabera, zer zerga aldatu erabaki beharko dute. Aukera bat izan daiteke sozietate zerga murriztea enpresa txiki eta ertainei, suspertzeko eta jendea enplegatzeko modua izateko; beste aukera bat da pertsonei murriztea zergak, kontsumoa indartzeko… Baina ez nintzateke ausartuko esatera nondik norakoak izango diren aldaketak. Ez da gai erraza, ezta berehala egitekoa ere. Pandemiak ehun industrialean izan duen eragina jakitea eskatzen du.

Ondasun handientzako tasa berri bat sortzea ere aipatzen da, Covid tasa deitu diotena. Jarriko da martxan?

Halako gauzak esatea ondo geratzen da prentsan, baina zerga berri bat sortu eta izen polit bat jartzeak ez du ezertarako balio. Zerga hori nork ordainduko du, enpresek edo pertsonek? Hori da garrantzitsua. Lurralde batek behar duen bilketa modu ordenatu batean egitea da kontua.

Espainiaren eskumena da, baina BEZa aldatuko da?

Ez dute uste; azkenaldian, gainera, tasa murriztua edo supermurriztua duten zenbait ondareri tasa arrunta jartzeko aholkua eman dio Europako Batasunak Espainiari.

Langile autonomoei gogor erasan die krisiak. Haien kuotetan egon daiteke erreformarik?

Ez zait iruditzen murriztuko zaienik. Ordaindu behar duenari molestatu egiten dio, baina kuota hori ez da hain garestia; garestiagoa da Gizarte Segurantzaren araubide orokorra. Aukera hori buruan izan dut nik ere azken asteotan, baina jarduera hasten duenak hobari handiak ditu, eta, urtebetean ez badu lortu jarduera horrek diru sarrerak izatea, badu zentzurik gehiago laguntzeak?

Diru bilketari lotuta, beti aipatzen diren kontuetako bat da zerga iruzurrari aurre egitea. Horretan zer egin daiteke?

Hiru ogasunek TicketBAI izeneko proiektua dute: sinadura elektronikoa du, datuak aldatzea eragozten du… 2021ean zen jartzekoa, baina azkenean atzeratu egingo dute 2022ra. Uste dut asko aldatuko duela borroka hori.

Zure ustez, oraintxe bertan zerk du lehentasuna?

Enpresak hiltzen ez uztea da sekretua orain. Oso garrantzitsua da irautea eta berriz ere langileak kontratatzea. Eta horretarako ezinbesteko faktorea da finantzaketa: zergak atzeratzea, Gizarte Segurantzako ordainketak atzeratzea, kontratazioei hobariak ematea… Ongi etorriak izango dira halako neurri guztiak. Likidezia faltak ezin ditu behartu enpresak jende gehiago kaleratzera, eta garrantzitsua da enplegua erregulatzeko aldi baterako espedienteak ere orain arte bezala kudeatzea. Kontsumoa suspertzea da beste bideetako bat, baina zergak murrizteagatik bakarrik ez da lortzen hori, jendeak edonongo produktuak eros ditzakeelako.

Likidezia falta, erregulazio espedienteak… 2008ko krisia gogorarazten dute kontzeptu horiek. Zer alde ikusten dituzu orduko egoerarekiko?

Funtsezko bi kontu aipatuko nituzke: erabateko likidezia falta izan zen krisi haren ezaugarria, ez zegoen dirurik; oraingoan, momentuz behintzat, likidezia badago. Bigarren aldea da, BPGaren beherakada egundokoa izango den arren, beherakada hori ez dela izan merkatuaren inertzia batek eragindakoa, kanpoko faktore batek eragindakoa baizik: batzuek, ez denek, kontsumitzen jarraitzeko aukera izango dute uzten dietenean. Krisia baldintzatuko duen beste faktore bat, berriz, gurekin salerosketan aritzen diren herrialdeen egoera izango da, herrialde guztiei eragin dielako pandemiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.