“Gizakiak naturarekin daukan konexioa berpiztu behar dugu”

“Gizakiak naturarekin daukan konexioa berpiztu behar dugu”

Unai Zubeldia

Naturari entzutea proposatu dute, naturarekin bat egitea. Landarlan ingurumen elkarteak Naturan Hezten hezkuntza proiektua aurkeztu berri du, euskarri gisa webgunea hartuta. Elkarte horretako kide da Garazi Auzmendi (Beasain, 1988), eta euren proposamena “natur eta kultur ondareari buruzko ezagutza errazteko kanal bat” ere izan daitekeela azpimarratu du. Hori bai, izatez irakaskuntza arautuko 0 eta 18 urte artekoentzako eskaintza da, lau adin tartetan banatuta. Kutxa Fundazioa da babesle nagusia, Irizar eta Orkli kooperatiben laguntza ere jaso dute, eta ON Produkzioak arduratu da bideo edizioaz.

Natura oinarri hartuta, hezkuntza proiektu berri bat aurkeztu duzue: Naturan Hezten. Zer hausnarketa dago atzean?

Aralarko pista proiektuaren harira, gazte batzuk sartu ginen Landarlan ingurumen elkartean. Bilera informatiboak egiten hasi ginen herriz herri, eta orduan konturatu ginen gizarte bezala izugarrizko ezagutza falta zegoela gure inguruko natur eta kultur ondareari dagokionez. Gure lanaren zati bat horretara bideratu beharra geneukala sentitu genuen, eta hortik sortu zen Aralar, mundua leku den lurra dokumentala. Material asko bildu genuen, baina oso gutxi erabili ahal izan genuen azkenerako. Sobera gelditu zitzaigunak balio didaktiko handia zeukala jabetu ginen, eta hortik jaio zen Naturan Hezten.

Gizartearen pentsaera eta jarduna errotik aldatu behar direla azpimarratu duzue.

Ahaztuta daukagu natura; bizitzen ari garen pandemia eta krisi egoera honetan ere ez gara konturatzen ekonomia bizirik mantentzeko behar-beharrezkoa dugula. Aurreko belaunaldiek orain arte, agian, ez dute hainbeste sufritu naturaren osasun gabezia hori, baina beste testuinguru batean gaude gu. Mundu osoko adituak behin eta berriz ari zaizkigu gogoratzen ekosistemaren gainbehera sufritzen ari garela eta egoera ez-jasangarri batean sartzen ari garela. Horrek ez dio ingurumenari bakarrik eragiten, baita ekonomiari eta gizarteari berari ere. Beraz, gizarte ongizate bat bermatzeko beharrezkoa dugu gure natura zaintzea.

Teknologiarekin dena konpon dezakegula uste dugu, baina ez da hala. Gaiari serio heltzeko garaia da, eta, gure ustez, ezagutzatik hasiko da aldaketa hori, hezkuntzatik eta pedagogiatik.

Euskarri bat da zuena, webgune bat, baina nola iritsiko zarete eskola bakoitzera?

Denontzat ezustekoa izan da itxialdia, eta, hain zuzen ere, orain egin dugu publiko proiektua, etxean dauden irakasleek hurrengo ikasturterako hausnarketa eta lanketa bat egiteko aukera izan dezaten. Kontzientziak astintzeko eta aldaketa horren bidean bultzadatxo bat emateko baliagarri izan zitekeela iruditu zitzaigun. Nolabaiteko normaltasunera iristen garenean, ordea, gustatuko litzaiguke aurkezpenak eskoletan bertan egitea.

Ingurune naturalaren ezagutzan sakontzeko arazo egoerak, bideo laburrak, mapak eta beste jarri dituzue guztien eskura. Zer lanketa proposatzen duzue?

Arazo egoeretan oinarritzen da gure proposamen didaktikoa, bestelako hezkuntza eredu bat behar dugula uste dugulako, hainbat gai uztartuta eta transbertsaltasuna lortzen saiatuta. Egunerokoan izaten ditugun arazoak oso nekez izaten dira gai bakarrari lotutakoak, eta hezkuntza arloan bertan ere ikasgaien zurruntasun horrekin hautsi behar dela uste dugu. Gure proposamena da ikasketa prozesu horren zati bat etxetik eta eskolatik kanpo garatzea, kanpora ateratzea ezinbestekoa delako zenbait gauza ikusteko eta sentitzeko.

Nolabait esatearren, baso eskolen izaera legoke proiektuaren oinarrian?

Bai… Gaur egun, oso aberasgarria eta erabilgarria da ikus-entzunezkoen bidez lor dezakegun guztia, dela informazioa, dela irudia, dela soinua… Baina gauza asko galtzen dira kanal horien bidez, eta, gauza batzuk diren bezala ikusteko, sentitzeko eta barneratzeko beharra ere badagoela uste dugu. Gizakiak naturarekin daukan konexioa berpiztu behar dugu.

Konfinamenduan nabarmen gelditu da gizakiak hartuta zeuzkan hainbat espazio berreskuratu dituela naturak. Herritarrek zer ikasi beharko lukete errealitate horrekin?

Adituek habitaten galeran eta animalia basatiekin egiten ditugun gehiegikerietan kokatu dute pandemia honen jatorria. Azken batean, zoonosi bidez gertatu da transmisioa, eta horrelako pandemiak saihesteko bere onera ekarri beharra daukagu natur ingurunea; bestela, gero eta gehiagotan izango ditugu horrelako arazoak. Lehendik hor geneuzkan klimaren krisia eta ekosistemaren kolapsoa, eta egun batetik bestera mahai gainean jarri zaigu pandemiaren gaia. Etorkizunik izango badugu, jasangarritasunaren bila joan beharra daukagu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.