“Ingurukoek benetan sinetsi izan dutenean, ez naiz kikildu izan”

“Ingurukoek benetan sinetsi izan dutenean, ez naiz kikildu izan”

Unai Zubeldia

Ziklo bat amaitutzat ematea erabaki du Saroi Jauregik (Zaldibia, 1978). Hamar urteren ondoren, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari kargua utzi berri du, nahiz eta urte bukaerara arte zuzendaritzan jarraituko duen, “errelebo lasaia” bermatzeko. Gai jartzaile taldean ere segituko du. Hogei urteotan elkartearen proiektua “izugarri” handitu dela azaldu du. “Hezkuntza arloan bereziki. Gaur egun, ia Gipuzkoako ikastetxe guztietan ari gara ikasleekin bertsolaritza lantzen”.

2010ean hartu zenuen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen lehendakari kargua, eta, hamar urte geroago, uzteko ordua iritsi dela erabaki duzu. Zergatik?

Hogei urte daramatzat Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen zuzendaritza taldean; hamar urte izan dira lehendakari karguan… Erreleboa eskatzeko zenbaki politak direla uste dut. Baneraman denbora bat erreleboa eskatuz, baina kontua da Gipuzkoako Txapelketa izan genuela iaz, eta txapelketa urtea kanpora begira lan handia egitekoa izaten dela elkartean; horregatik atzeratu genuen dena urtebete. Belaunaldi berria sartzen ari da zuzendaritzan, gai jartzaileen taldean… eta, guri egin ziguten bezala, guk ere gazte horiei tokia egiteko garaia dela uste dut.

Kargu aldaketa lasai egiteko asmoa daukazue hala ere, ezta?

Bai, bai. Gauzak txukun egin nahi ditugu, ondorengoari ere babes pixka bat emateko. Koronabirusaren eraginez, inoiz baino bilera gehiago egitea egokitu zaigu, eta uste dut onuragarria izan dela erreleboa horrela egitea. Asier Azpirozek hartu zuen lehendakari kargua azken batzarrean, konfinatu aurreko astean, martxo hasieran. Zuzendaritza taldean zegoen lehendik, eta harentzat ez da gauza berria. Oso ondo daki Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen berri, baita Gipuzkoako bertsogintzaren eta txapelketaren berri ere, eta hezkuntza arloa ere ezagutzen du, irakaslea delako lanbidez. Hala ere, lehendakariaren figura kargatu gabe, zuzendaritza indartsu bat edukitzea da gure helburua; talde lana da oinarria.

Zuri dagokizunez, orain, zer?

Gipuzkoako gai jartzaileen taldean jarraituko dut, eta baita elkartearen zuzendaritza taldean ere, hurrengo batzarrera arte. Baina zuzendaritzan eta lehendakaritzan egon gabe ere, bertsozale izaten jarraituko dut, eta nire aletxoa jartzen saiatuko naiz, saioetara joanez, herri mailako lanetan…

Gai jartzaile, aurkezle, Hitzetik Hortzera saioan… Bertsolaritzaren aurpegietako bat izan zara askorentzat. Ardura hori inoiz bihurtu al zaizu karga?

Ez… Inoiz ez dut bizi izan karga bezala, baina bai arduraz, talde handi bat ordezkatu izan dudalako. Plazer bat izan da horrelako proiektu baten aurpegia izatea, eta gustu handiz egin dut. Asko espero izan gabe etorri da dena bata bestearen atzetik. 1999an hasi nintzen gai jartzaileen taldean, urte horretan bertan Gipuzkoako Txapelketako finala aurkezteko proposatu zidaten, handik bi urtera Euskal Herrikoa, eta ondoren iritsi zitzaidan Hitzetik Hortzera aurkezteko aukera, 2005ean. Harrituta gelditu nintzen, baina, ingurukoek benetan sinetsi izan dutenean zerbait egin nezakeela, ez naiz kikildu izan, eta probatu egin izan dut beti.

Zein izan duzu erreferente gai-jartzaile lanerako?

Erreferente ez dakit, baina Inaxio Usarraldek eta Joxepa Madariagak bultzatu ninduten ni gai jartzaileen taldera. 1999ko Herriarteko Txapelketan Gipuzkoako taldeko gai jartzailea nintzen; gure taldeak lehen fasetik ez zuen aurrera egin, eta berez hor amaitzen ziren nire lanak. Baina gustatu egin zitzaien, nonbait, eta gai jartzaile gisa jarraitzeko proposamena egin zidaten biek. Talde iraunkor horretan ezagutu nituen Laxaro Azkune, Mariasun Oteiza, Nikolas Zeberio… eta baita gazte pila bat ere; Jon Zaldua, esaterako.

Gaiak jartzeko modua asko aldatu da azken urteotan. Lanketa handia egin duzue alde horretatik ere, ezta?

Zikloka ibiltzen garela uste dut. Bakarkakoetan batez ere, gero eta gai soilagoak jartzeko bolada bat izan zen. Gaiak irudi bat ematen du askotan, eta bertsolariak sortu behar izaten ditu gaia bera eta istorioa. Gaien zabaltasun horretan bide bat egin genuen momentu batzuetan, baina berriz bueltan gatozen sentsazioa daukat.

Txapelketa edo plaza, zer duzu nahiago?

Oso ezaugarri desberdinak dauzkate. Plazan bertsolari eta egoera jakin bati begira jartzen ditugu gaiak, eta txapelketan saioa non izango den bakarrik jakiten dugu. Baina gauza bat dauka ona txapelketak: taldean lan egiten dugula. Dena den, ni sekula ez naiz joan plazara aurretik taldeko kideren batekin gaiak kontrastatu gabe. Babes handia ematen du horrek.

Nahi duzun doinu eta neurrian, agur gisa zein mezu bidaliko zenieke bertsozaleei?

Konfinamenduaren kontu honekin, hasieran erabat gelditu zen bertso plaza, baina, zerbait baldin badauka, egoerara egokitzeko gaitasuna dauka Bertsozale Elkarteak, eta irakurle guztiei eskatu nahiko nieke kontuan hartzeko plaza gelditzen bada oso zaila dela bertsolaritzak eta Bertsozale Elkarteak aurrera egitea. Beraz, denen ahalegina beharko da plaza horiek berreskuratzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.