Hitza hamaika ertzetatik lantzen

Hitza hamaika ertzetatik lantzen

Aitziber Arzallus

Zabalik da Hitzaren Eskolan izena emateko epea. Azpeitiko Kulturaz kooperatibak eta Kultur Mahaiak antolatutako egitasmoa da, Azpeitiko Dinamoa sormen gunea du kokaleku, eta hitzaren eremuko proiektua da, “proiektu ardatza”, Aitor Bengoetxea kooperatibako kidearen hitzetan. “Gure asmoa da hitzaren alderdiak modu poliedrikoan lantzea, hitza ertz desberdinetatik lantzea”. Izan ere, kulturan, nork bere adierazpidea aukeratzen duen arren, eta horren teknikak menderatu behar dituen arren, “beste adierazpide ugaritatik” edan behar izaten da, “eta, zenbat eta gehiago edan besteetatik, orduan eta aberatsagoa izan ohi da norberaren lana”. Horretarako, hitzaren bueltan aritzen diren idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak eramango dituzte eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, osotasun baten bila: “Belaunaldi berriak hitzaren jabe egitea da helburua, hitza har dezaten bidea jartzea”.

COVID-19ak eragindako ezohiko egoera dela eta, lehendabiziko ikasturtea ez dute pentsatu bezala bukatzeko aukerarik izan. “Martxoan egitekoak ginen saio batzuk airean gelditu zaizkigu, baina, ondo bidean, datozen asteetan egingo ditugu, eta horrela bukatuko dugu ikasturtea”, azaldu du Bengoetxeak. Dena dela, dagoeneko bigarren ikasturtera begira jarrita daude antolatzaileak. Lehendabizikoak izan duen formatu bera izango du bigarrenak ere. “Ez da bi arratsaldeko ikastaro bat izango; esperientzia nahiko luzea eta trinkoa izango da, bide bat egiteko, hausnartzeko, elkar ezagutzeko eta lan egiteko aukera emango duen jardun bat”. Egoerak modua ematen badu, irailean hasi eta martxoan bukatuko dituzte saioak, eta astean bost ordu egingo dituzte, bi zatitan banatuta: asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Hilean behin ekitaldi ireki bat egingo dute, gainera.

Bi ikasturteek formatu bera izango dute, bai, baina eduki aldetik guztiz desberdinak izango dira, irakasleak ere desberdinak izango direlako. Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Miren Gaztañaga, Irene Arrarats, Igor Elortza eta Lorea Agirre izan dira lehendabiziko urteko irakasleak, eta Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe izango dira bigarrenekoak. Irakasle bakoitzaren ardura izango da eskolak antolatzea, eta lan hori egiteko “askatasun guztia” izango dutela nabarmendu du Bengoetxeak. “Aurrez ez dugu jakiten bakoitzak bere saioetan zer lantzeko asmoa duen, eta, gainera, askotan asmoak aldatzen eta egokitzen joan dira taldearen dinamikara eta momentuak eskatzen zuen horretara”.

Lehenengo aldiaren “oso balorazio baikorra” egin dute antolatzaileek, eta baita ikasleek ere. Horietako bat da Ignacio Arakistain azpeitiarra. “Aitortu beharra daukat erreparoa eman zidala irakasle eta ikaskide nor izango nituen jakiteak. Musikaria eta irakurzalea naiz, eta badut beste diziplinekiko interesa, baina beste maila bat zeukan han ikusi nuen jendeak”. Hala baieztatu du Bengoetxeak ere, kulturaren esparruan nor den jendeak parte hartu duela ikastaroan: “Ikasle izan diren batzuk ia irakasle izateko modukoak ziren”. Baina, gero, ibilian, “oso eroso” sentitu dela esan du Arakistainek, eta “esperientzia aberasgarria” izan dela.

Elkarlanerako bidea

“Denetik pixka bat” egin dutela azaldu du azpeitiarrak. “Irakasle bakoitza bere ibilbidean landu dituen alderdien inguruan jardun da. Saio teorikoagoak izan dira batzuk, eta praktikoagoak eta inprobisatuagoak beste batzuk, baina oso interesgarriak denak”. Eskoletan, edukiez gain, erreferentzia eta ideia asko jaso dituztela azaldu du Arakistainek, eta “ate berri asko” zabaldu zaizkiela. “Ondo idazteko ondo hitz egin behar da, eta ondo hitz egiteko, ondo pentsatu. Niretzat inportanteena da pentsamenduak ordenatzen jakitea, orri zuri baten aurrean zaudenean nondik hasi eta nora jo jakitea, eta niri horretarako balio izan dit eskolak, oso baliagarriak diren pautak eman dizkigutelako”.

Bengoetxeak zein Arakistainek, biek nabarmendu dute “oso giro ona eta sanoa” sortu dela parte hartzaileen artean. “Interesgarriena izan da kulturaren esparruan baina oso arlo desberdinetan gabiltzanak mahai beraren bueltan elkartzea, elkar ezagutzea eta bakoitzak dituen interesak eta grinak zeintzuk diren jakitea”, azaldu du Arakistainek. Eta gaineratu du elkarlanerako bidea ere eman diela eskolak. “Esate baterako, eskolan parte hartu dugun azpeitiarrok irakurle talde informal bat sortu dugu, eta liburuak irakurri eta haiei buruz hitz egiteko afariak egiten ditugu”.

Interesa duen herritar orori Hitzaren Eskolaren bigarren ikasturtean izena emateko deia egin diote Bengoetxeak eta Arakistainek. Ekainaren 7ra arte dute horretarako aukera, 635 738 760 telefono zenbakira deituta edo www.dinamoa@dinamoa.eus helbidera idatzita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.