“Denboraldia aurrera ateratzeko zerbait izango dugu behintzat”

“Denboraldia aurrera ateratzeko zerbait izango dugu behintzat”

Aitziber Arzallus

Hondartza denboraldi “arraroa” espero dute Zarautzen. Hala dio Ibon Elorza toldozainak (Zarautz, 1961), edo toldozain ohiak, aurten ezingo baitute hondartzan toldorik jarri. Debekuak “egoera zailean” utzi dituela aitortu du, “negu guztia udako denboraldiari begira lanean” pasatu eta gero ezingo dutelako ordainik jaso. Udalak, baina, zeregin berria jarri die hastear den denboraldirako: toldozainak arduratuko dira hondartzako sarbideak eta edukiera kontrolatzeaz.

Noiztik zara Zarauzko hondartzako toldozaina?

2007an hasi nintzen. Aurretik, nire aitaginarreba ibiltzen zen, eta haren lekukoa hartu nuen.

Zuk duzu Zarauzko hondartzako toldo guztien ardura?

Ez, bi enpresaren artean banatzen dugu hondartza, biak ere familiakoak. Narrosetik Gurutze Gorriaren postuaren parerainoko toldoen ardura —kale aldekoak— nire koinatuak du, eta Gurutze Gorriaren postuaren paretik Donostia aldera jartzen ditugun toldoena, nik. Koloreka bereizten ditugu. Nire koinatuaren toldoek zutabe, aulki eta banku urdinak dituzte, eta nireek, berdeak.

Zenbat toldo jarri ohi dituzue guztira?

Zoritxarrez, gero eta gutxiago. Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzari eskatu behar izaten diogu toldoak jartzeko baimena, eta hark esaten digu zenbat jar ditzakegun. Azken urteetan 630 bat jarri izan ditugu.

Zeintzuk dira toldozain baten eginbeharrak?

Hondartza denboraldia ekainaren 1ean hasi eta irailaren 15ean bukatu ohi da Zarautzen. Tarte horretan, toldoak hondartzan jarrita egoten dira, eta gure lana izaten da itsasgorarekin jasotzea. Mantentze lan txikiak ere egiten ditugu, aulkiren bat puskatu bada hura konpondu eta horrelakoak. Mantentze lanik gehienak, ordea, neguko hilabeteetan egiten ditugu. Zutoinak burdinazkoak izaten dira, eta kresalak jan egiten ditu; beraz, herdoila kendu, soldatu eta margotu egiten ditugu; egurrezko aulki eta bankuak konpondu eta margotu egiten ditugu; oihalen junturak josten ditugu, edo, puskatuta badaude, berriak egiten ditugu… Lan horiek guztiak koinatuak eta biok egiten ditugu.

Zenbat langile dauzkazue guztira?

Uda partean, hogei bat lagun aritzen gara toldozain lanetan; neguan, berriz, koinatua eta biok.

Toldozain izateaz aparte, beste lanik egiten duzu?

Lehen, bai, ehorzketa etxeentzako hileta koroak egiten aritzen nintzen, baina negozio hori ere gain behera doa, eta bukatu zait hori ere. Beraz, orain, toldozainarena da nire lanbide bakarra, eta aurten, hori ere ez.

Nork alokatzen ditu toldoak?

Bezero gehientsuenak finkoak dira; alegia, bizitza guztian toldoa alokatu izan dutenak. Zarauztarrak asko, eta, gero, Zarautzen bigarren etxebizitza duten Gipuzkoako beste herri batzuetakoak: Tolosakoak, Azpeitikoak, Eibarkoak eta abar; eta bizkaitarrak ere bai. Azpeiti aldetik egunero hondartzara etortzeko ohitura duten bezeroak ere baditugu, eta, gero, Gipuzkoatik kanpoko bezero finkoak ere bai: Madrilgoak, Zaragozakoak, Valladolidekoak, Ipar Euskal Herrikoak, Frantziakoak… Lehen, leku horietatik jende asko etorri ohi zen Zarautzera oporraldia pasatzera, eta batzuek, oraindik ere, eutsi egiten diote ohitura horri.

Zenbat balio du toldo bat alokatzeak?

Toldoak aloka daitezke denboraldi guztirako, hilabeterako edo egun baterako. Iaz, 385 euro balio zuen denboraldi guztirako alokairuak; hilabetekoak, 195 euro; eta egun batekoak, 20 euro.

Aurten, ordea, koronabirusa dela eta, ezingo duzue hondartzan toldorik jarri.

Hala da, bai. Aurtengo hondartza denboraldia berezia izango da. Elkarren arteko tarteak zaintzen direla bermatzeko, hondartzako edukiera mugatu eta kontrolatu egin beharko da, eta toldoek lekua hartzen dutenez, ez jartzea erabaki dute. Alde batetik, ulertzen dugu erabakia, denon onerako izango dela uste baitugu; baina, bestetik, gu ez gaitu oso egoera onean uzten, hortik bizi garelako. Bageneukan toldoak jartzen utziko ziguten itxaropen txiki bat, baina ezetz erabaki dute, eta onartzea besterik ez zaigu geratzen.

Toldoak jartzeko debekuak zer egoeratan utzi zaituzte?

Galera handia izango da guretzat. Urte guztian, udako denboraldiari begira aritzen gara lanean, diru eta lanordu asko sartzen dugu, eta, orain, ordaina jasotzeko garaia iritsi denean, esku hutsik geratu beharko dugu.

Toldoen kontzesioa zuek izanda, ez daukazue laguntzarik eskatzeko eskubiderik?

Kontua da lau urterako kontzesioa genuela eta aurten egokitzen zitzaigula berritzea. Toldorik beharko ez denez, ordea, udalak ez du antolatu lehiaketa publikorik. Dena dela, hasieratik harremanetan egon gara udalarekin, badu gure egoeraren berri, eta irtenbide bat topatzen ahaleginduko zela esan zigun.

Eta badirudi topatu duela, ezta?

Bai. Hondartzako sarbideak eta edukiera zaintzeko, gonbidapen bidezko lehiaketa bat antolatu du udalak; toldozainoi eta beste hainbat enpresari parte hartzeko gonbidapena egin digu, eta baiezkoa eman digu guri. Beraz, horretan ariko gara aurten.

Gustura zaudete lan berriarekin?

Egia esan, bai; udako hilabeteetan aurrera egiteko eta denboraldia salbatzeko zerbait izango dugu behintzat.

Noiz hasiko zarete lan horretan?

Ekainaren 15ean hasiko gara, eta irailaren 15ean bukatuko dugu.

Nola zainduko dituzue hondartzako sarbideak eta edukiera?

Zazpi zatitan banatuko dute hondartza; zati horietako bakoitzak sarrera bat izango du, eta sarrera horietako bakoitzean kontaketa egingo dugu guk. Zati bakoitzak edukiera jakin bat izango du, aldakorra, itsasbeheran handiagoa eta itsasgoran txikiagoa, eta une bakoitzean edukiera muga errespetatzen dela ziurtatu beharko dugu. Hondartzan panelak jarriko dituzte une bakoitzean gune bakoitzeko edukierari buruzko informazioa emateko, eta sakelakoetarako aplikazio bat ere sortuko dute, jendeak une oro informazioa izan dezan. Gure ardura izango da informazio hori etenik gabe berritzea ere.

Aurten toldorik ez jartzeak uste duzu aurrera begira kalte egin diezaiokeela negozioari?

Hori da gure beldurra. Bizitza guztian toldoa alokatu izan dutenek datozen urteetan ere alokatuko dutela uste dugu, baina litekeena da bezero berriak egiteko zailtasun handiagoa izatea. Urtebete toldorik gabe egin eta gero, horiek gabe ere molda daitezkeela pentsa dezake jendeak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.