Eskuak lehen sektorearentzat

Eskuak lehen sektorearentzat

Josu Artutxa Dorronsoro

Eskulana behar duten baserritarrekin eta nekazariekin lan eskabideak bideratzeko zuzenean harremanetan jartzea, horixe da erronka. Euskal Nekazarien Batasunak (Enba) lan poltsa bat eratu du Nekazari Gazteen Elkartearekin (Asaja) eta geolokalizazioan mundu mailako liderra den Ingurumen Sistemak Ikertzeko Institutuak (ESRI) Espainiako Estatuan duen enpresarekin lankidetzan. “Euskal Herriko lehen sektorea txikia izan arren, eskulana behar izaten da bai udan eta bai udazkenean”, azaldu du Xabier Iraola Enbaren Gipuzkoako koordinatzaileak.

Modu digitalean eratu dute zerbitzua, eta lan eskaintzaren bat duten baserritarrek eta nekazariek nahiz lan egiteko prest dauden herritarrek www.asaja.com webgunean aurki dezakete informazioa; izena ere bertan eman behar da. Herritar bakoitzak bere ezaugarriak sartu behar ditu bertan, hala nola lan eskaintzaren datak, lekua, lan baldintzak, curriculuma edo lekualdatzeko ahalmena: “Norbera nola, non, noiz eta zertan lan egiteko prest dagoen azaldu behar da”. Ondoren, sistemak berak aztertzen du informazioa, eta bi aldeak harremanetan jartzeko bidea egiten du.

Lan eskaera egin dutenen artean galbahea egin, eta bateragarriak diren profilak aukeratzen ditu sistemak. “Lehenik, eskaria eta eskaintza kontrastatuko dira baserritarrekin eta nekazariekin, eta horiek erabakiko dute pausoa eman edo ez. Funtsean, aukerak gerturatzea da helburua, herritarrekin harremana sortzea”.

Baratzean eta mahastietan

Urte sasoiaren arabera, lan desberdinak izaten dira Euskal Herrian. Udan, batez ere baratzeetan behar izaten da eskulana; udazkenean, berriz, mahastietan. Uzta jasotzen aritzen diren langileak urte osoan “alde batetik bestera” ibiltzen direla dio Iraolak. Hala ere, eremu guztietan ez da berdin lan egiten. “Hemengo errealitateak ez du zerikusirik Murtziakoarekin edo Andaluziakoarekin, lursailen tamainagatik”, dio. “Gure txikitasunean, ordea, badira punta-puntako eremuak; Arabako mahastiak, esaterako”. Esparruka ere arazoak izaten direla gaineratu du. “Badira urte osorako langileak dituzten abeltzainak. Beste batzuek, ordea, komeriak izaten dituzte langileak lortzeko”.

Dagoeneko COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak inguruan nahiz beste herrialdeetan utzitako ondorioen berri izaten hasia da Iraola. “Aipatu didatenez, Lleidan [Herrialde Katalanak], han bertan eta inguruko probintzietan ari dira jendea bilatu nahian. Hego Amerikan, berriz, hegazkin bidaiak debekatu egin dituzte, eta, biztanleen mugikortasuna murriztu egin dutenez, eskulanik gabe geratuko da nekazari ugari”.

Bi ataletan bereizita dago lan poltsa: lan eskaintza egiten dutenak daude, batetik, eta lan egiteko beharra dutenak edo prest daudenak, bestetik. Urte sasoi honetan lehen sektorean aritzeko bertako langileak aurkitzea zaila zela jabetuta erabaki zuten zerbitzu berria sortzea: “Izan ere, askotan ez da erraza izaten kanpokoak aurkitzea ere”, aitortu du Iraolak.

Iraolak uste du orain arte izan dituzten arazo askori irtenbidea emateko “urrats handi bat” izan daitekeela zerbitzu berria: “Bertakoek askotan ez dute jakiten lan eskaintzak daudela. Atzerritarrek egiten dituzte bitartekari edo mezulari lanak”. Iraolaren esanetan, hori bai, kasu honetan Euskal Herrian bizi den herritar asko azaldu da jada lanerako prest.

“Harremanak sortzen eta kudeatzen laguntzeko” bide modura ere deskribatu du Enbaren Gipuzkoako koordinatzaileak lan poltsa. Lehen urtea izanik, jakitun da “froga moduko bat” izaten ari dela. “Oraingoz, gehiago dira lan eskaera egin dutenak eskaintza egin dutenak baino”. Alde horretatik, Lanbide Heziketan ari direnei edo ikasketak burutu dituztenei ere bidali diete informazioa. “Askotan alde batera uzten diren arren, aukera eman behar zaie gainerako herritarrek bezainbesteko balioa edo handiagoa dutenei ere”.

Caritas elkartearekin ere harremanetan jarri direla azaldu du Iraolak. “Izan ere, zaurgarritasun egoeran dauden herritarrengana ere heldu nahi dugu, aukera gehiago izan dezaten. Baserritarrak horiekin elkarlanean aritzea izango da hurrengo erronka”. Caritasekin nahiz Lanbide Heziketako ikasleekin duten harremana “areagotzea eta hobetzea” eta “elkarren arteko lanketa sustatzea” ere badira Enbaren helburuak. “Eurak presente izan nahi ditugu gure aukeren artean, eta eurek ere gu presente izatea nahiko genuke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.