Haurrentzako agenda, oraindik osatu gabe

Haurrentzako agenda, oraindik osatu gabe

Miren Garate

Konfinamendua dela medio, sei aste egon ziren haurrak etxetik atera gabe; egunean ordubete ateratzeko baimena eman zitzaienean, lagunekin ez jolasteko esan zitzaien, distantziak mantendu behar direlako; eta eskolara ere ezin dira joan oraindik. “Beren berdinekin jolasteko aukerarik ez dute izan, eta itxialdiak eragindako ondorio emozionalak igartzen zaizkie”, esan du Amaia Perez Elorza Urtxintxako kideak. Aisialdi elkarte horrek eta beste batzuek —Astialdi sarea elkartean biltzen direnek— Ume eta nerabeentzako aisialdi hezitzaileko jarduerak dituen 2020ko uda baten alde izeneko adierazpena atera dute. Inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zaie aurtengo udan ere udalekuak antolatzea. Eta ez kontziliazioa errazteko bakarrik. “Iruditzen zait begirada batez ere gurasoen beharretan jarri dela, baina beharra haiek dute: haurrek eta gazteek. Ez dakit instituzioak konturatzen diren horretaz”.

Herri askotan, oraindik ere ez dute jakinarazi udan zein jarduera antolatuko dituzten haurrentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzaren erdian iragarri zuen bertan behera utziko zuela Udalekuak 2020 programa. Eta Eudelek egindako gomendioari jarraituz, udal gehienek ere erabakia zuten ohiko udalekurik ez antolatzea aurten. Aurreko astearen hasieran, ordea, hirugarren fasetik aurrera udalekuak baimendu egingo zituela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak —astelehenean sartu zen fase horretan Gipuzkoa—, betiere talde txikitan eginda eta segurtasun neurriak errespetatuta. Udaleku irekiak egiteko aukera ez ezik, gaua pasatzera joateko udalekuak egiteko aukera ere jarri zuen mahai gainean Jaurlaritzak.

Iragarpen horren ostean, ostiralean bilera egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek. Hain zuzen, aldundiak jarduerak antolatzera bultzatu nahi ditu udalak, eta erabaki du haiei eta erakundeei ematen dizkien diru laguntzak mantentzea. Aholkularitza eta laguntza zerbitzu bat ere jarriko du martxan, jarduera horiek antolatzeko beharrezkoak diren prestakuntza baliabideak emateko. Eta osasuna bermatzeko materiala ere emango die antolatzaileei, hala nola maskarak eta gelak. Eskola kirola programa etenda zegoen martxotik, baina haren barruan urtero antolatzen duen Uda izeneko kanpaina berreskuratu egingo du aldundiak, eta Donostiako Txuri Urdinen ludoteka jarriko du, ekainaren 22tik abuztu erdi aldera arte.

Harkaitz Millan Kultura eta Gazteria diputatuaren esanetan, “ez da kasualitatea” udalen esku uztea haurrentzako jardueren antolaketa. Neurri horrekin, besteak beste, aurreko urteetan izaten ziren lurralde historikoen arteko joan-etorriak eta zerbitzu komunen erabilera handia saihestu nahi dituztela azaldu du. “Gaur-gaurkoz ez zitzaigun zuhurra iruditzen halakoak antolatzea. Tokian tokikoagoak izango dira jarduerak, eta uste dugu udalak eta tokiko erakundeak direla egokienak horiek antolatzeko”.

Donostia da udaleku irekiak egingo dituztenetako bat. Oporretan Euskaraz egitasmoa antolatu dute 7 eta 12 urte arteko haurrentzat, eta zozketa bidez adjudikatu dira plazak. Ikastetxeetan egingo dira jarduerak, eta, sartu aurretik, sukarra hartuko zaie haurrei. Horrez gain, bi metroko distantzia mantendu ezin denean, maskarak erabili beharko dituzte. Zortzi haur egongo dira talde bakoitzean. Zarautzen, asteazkenean amaitu zen aurrematrikula egiteko aukera. “Oraindik ezin da ziurtatu antolatuko direnik, baina aurreikuspen bat egitea egokia iruditzen zaigunez, aurrematrikula zabaltzea erabaki dugu”, azaldu dute udaleko ordezkariek. Beasainen ere atzo amaitu zen izena emateko epea. Hamar haurreko taldeak osatuko dituzte. Hernanin, 6 urtetik aurrerakoek izango dituzte udalekuak.

Orion, hasierako asmoa zen lan kontuengatik beharra zuten familiei bakarrik eskaintzea zerbitzua, baina, Jaurlaritzaren baldintzak ezagutu ostean, udalak ikusi du uztailean haur gehiago ere hartzeko modua badela —abuztuan premia dutenei bakarrik emango zaie zerbitzua—. Elduainen, Amezketan, Lizartzan, Berastegin eta beste herri txiki batzuetan ere izango dira udalekuak. Gainerakoan, udal askok iragarri dute haurren aisiari lotutako ekintza puntualak egingo dituztela. Hain zuzen, aldundiak Udabizi bilatzailea sortu du herritarrek jarduera horien berri izan dezaten.

Perezek kontatu du azken ordura arte udalekuak egiteko aukerarik izango ote duten ez jakiteak “estres handia” sortu diela aisialdi taldeei. Martxorako hasi ohi dira, normalean, dena prestatzen, eta askoz denbora gutxiago izango dute aurten. Haren esanetan, berriz planteatu beharko dute guztia, baina uste du, distantziak eta abar bermatuz, aurreko urteetan egiten zituzten jardueretako batzuk egiteko modua izango dutela. Garrantzitsuena taldeak ez nahastea izango dela dio. “Talde txikiak egiten baditugu, eta talde horiek eta erreferentea beti berberak badira, gauza asko egiteko aukera izango dugu”. Talde handietan egin beharreko ekintzak baztertu egingo dituzte. Igerilekuak eta beste azpiegitura batzuk erabiltzeko aukera, berriz, batik bat udalen esku egongo dira.

Mugak muga, Perezen ustez, beharrezkoa da aurten ere udalekuak antolatzea. Alde batetik, haurrek beren adinkideekin, lagunekin eta gelakideekin jolasteko premia dutelako; eta, bestetik, udalekuek alde on ugari dituztelako. “Jolasa izaten da tresna nagusia, eta haurrek atseginez egiten dituzte gauzak. Dibertimendu hori erabiltzen da balio batzuk sustatzeko: autonomia garatzen dute haurrek; ratioak txikiagoak direnez, bakoitzari behar duen atentzioa emateko aukera izaten da; emozionalki ez badaude ondo, denon artean hitz egiten da…”.

Batzuen esku bakarrik

Badute beste kezka bat ere aisialdi taldeek. Udalek udalekuak ez antolatzeak ez du esan nahi udalekurik edo aisialdirako jarduerarik izango ez denik. Enpresa eta erakunde pribatuek ere eskaintza zabala egiten dute, eta familiek kontziliaziorako izango dituzten arazoak direla medio, pentsatzekoa da egitasmo horiek eskaera handiagoa izango dutela.

Alabaina, garestiagoak izan ohi dira. Izan ere, udalek beren gain hartzen dute udalekuen gastuaren zati bat, eta ohikoa izaten da arazo ekonomikoak dituzten familiei bekak ematea ere. “Betiko udaleku horiek gabe, haur batzuek etxean geratu beharko dute, eta, seguru asko, etxean geratzen diren horiek izango dute udalekuen beharrik handiena”, esan du Perezek. Hezkuntza sisteman ikusi den arrakala ekarri du gogora. “Haur horietako batzuek udan ere ez badute aukerarik aisialdi egitasmoetan parte hartzeko, ia sei hilabete egon beharko dute beren adinekoekin harremanik izan gabe”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.