Fokuen eta soinu mahaien atzean zer ezkutatzen den

Fokuen eta soinu mahaien atzean zer ezkutatzen den

M. Garate

“Oihalaren atzean beltzez jantzita gaudenak gara, lan prekarioak eta arautu gabeak dituztenak”, “WhatsApp bidez kontratatutako autonomoak gara; merkataritza kontratu gabekoak”, “frogak luzatzen direnean afaldu gabe geratzen garenak”, “deseskaladan alarma egoeran sentitzen garenak gara”. Esaldi horiek eta beste batzuk erabiliz aurkeztu zuten beren burua ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek joan den astean. Lehen ere egoera prekarioa zutela diote, eta kultur jardueraren gainbeherak gehiago okertu diela egoera. “Ikusezin” sentitzen direla esan dute, eta sindikatu bat sortzera doaz: Teknikariok izena edukiko du.

Argi teknikariak, soinu teknikariak, furgonetak kargatzen eta deskargatzen aritzen direnak, eta beste hainbat teknikari bilduko ditu sindikatuak. Gorka Agirre da horietako bat. “Jendeak uste duen baino askoz gehiago gara”. Sektorea “erregulatu gabe” dagoela kontatu du; adibidez, ez dute lan hitzarmenik. “Lanbidera edo Gizarte Segurantzara joaten garenean, epigrafea jarri behar dugunean, erakundeek ere ez dute argi izaten zein den gure jarduera ekonomikoa. Eta kontratuetan ere lan kategoriak ez dira argi egoten”.

Argitasun falta horrek, alarma egoeran, teknikari batzuei diru laguntzak jasotzeko aukera ere kendu diela azaldu du, esate baterako, irratiko langile moduan edo beste jarduera batean ageri zirelako. Bestelako arrazoi batzuengatik geratu dira laguntzarik gabe beste batzuk. Agirrek azaldu duenez, autonomoak dira asko, eta lan kargarik handiena uda partean izaten dute. Horregatik, alarma egoera indarrean jarri zenean, martxoan, batzuk ez zeuden autonomoetan izena emanda, eta ezin izan dute jaso laguntzarik. “Baina pertsona horiek, berez, bazuten lan bat”.

Sektorearen ahotsa

“Abandonatuta” sentitzen direla adierazi du; batetik, erakundeen aldetik, baina, kasu batzuetan, baita kulturgileen aldetik ere. “Inork ez digu galdetu nola gauden; beti egoten gara izkina batean beltzez jantzita, dena ondo ateratzeko lanean, eta, orain, beste norabidean ez dugu ezer ikusten: zenbat jende gauden, zenbat autonomo, nola aterako garen…”. Agirreren ustez, garrantzitsua da sindikatua sortzea. “Autokritika ere egin behar dugu: orain arte ez dugu izan ahalmenik elkarrizketa mahai batean hitz egiteko, oso sakabanatuta egon garelako, eta jendeak ere ez zekielako norekin hitz egin”. Teknikari askok ere ez dutela beren berri dio, eta horregatik sortu dute helbide elektroniko bat ere: teknikariok@gmail.com.

Elkartuta eta sindikatu bihurtuta, sektorearen ahotsa izatea nahi dute. Berehalako zenbait erronka ikusten ditu Agirrek: “Aurrekontu asko onartuta eta bideratuta zeuden, ez dakigu diru horrekin zer gertatuko den, eta horri buruz hitz egin beharko dugu”. Ikuskizunak martxan hasten direnerako osasun protokoloak ere beharrezko ikusten ditu. Eta denbora gehiago eskatuko duen arren, baita lan hitzarmen bat ere. “Sasoiko lan horiek nola erregulatu ere jakin behar dugu, oraingoa bezalako egoeretan jendea laguntzarik gabe ez geratzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.