Joera aldaketa platerean

Joera aldaketa platerean

Urko Etxebeste

Koronabirusak elikagaien kontsumoaren joera aldarazi du. Ez da ustea. Hala baieztatu du Aztiko Enpresa Inteligentzia Taldeko eta Joeren Berrikuntzaren Behatokiko kide Nagore Pikazak (Bilbo, 1972): “Normalean denboran egonkorrak izaten dira kontsumo joerak, ez dira arin aldatzen. Koronabirusarena egoera berezia izan da. Beraz, kontsumo joeren aldaketa oso azkarra izan da, pandemia hasi eta berehala, gainera”. Jakiak erosteko modua eta horiek kontsumitzeko era birusaren ondorioz aldatu egin direla baietsi du Pikazak. Epe laburrekoak dira aldaketa batzuk, eta egiturazkoak beste batzuk; horiek dira garrantzitsuenak Aztiko kidearen arabera, “luzerako izango direlako”. Joera horien berri eman du aste honetan Oarsoaldea Garapen Agentziak, webgune bidezko ikastaro baten bitartez.

Luze gabeko aldaketetan, nabaria da bat: konfinamendu aroan gehiago kozinatu da hutsetik hasita. Hau da, lehengai prestatu gutxiago erosi dira; etxeetan, herritarrek hutsetik hasita egin dute jakien prestaketaren prozesu osoa maiz. Produktu fresko gehiago erosi ditu jendeak, eta dieta orekatuak egiteko intentzioa handitu egin da. Gozogintzan ere trebatu dira asko. Eta sarritan, aisiarekin lotu dira sukaldeko jarduerak. Kontran, plazera ematen duten produktuak ere erosi eta egin dituzte askok: gozoak, snack-ak, edariak edo gourmet erako platerak.

Egiturazko aldaketen artean, lehen-lehenik erosketa digitala aipatu du Pikazak. Aurretik zetorren joera da elikagaiak Internet bidez erostea, baina Aztik baieztatu du itxialdi aroan bizkortu egin dela joera hori. “Denok ikasi dugu telelana egiten, eta itxialdian askok ikasi dute Internet bidez kozinatzen. Erosketekin ere hala gertatu da”, zehaztu du Pikazak. Datu bat: adinean nagusi direnek ere joera horri eutsi diote, ez dira atzean geratu.

Egiturazko aldaketekin jarraituz, Aztiko kideak aipatu du kontsumitzaileek gehiago erosi dutela hurbileko komertzioetan: “Eta, oraingoz, ikusi dugu horrela jarraitzea dela kontsumitzaileen helburua. Ahal duenean, bertako dendetan erosiko du herritarrak, norberaren segurtasunagatik eta etikagatik. Inguruko enpresa txikiak laguntzeko sentsibilitatea berpiztu egin da”.

Txikiak, Internet bidez

Egiturazko beste aldaketa bat ere badagoela nabarmendu du Pikazak: herritarrak gehiago ari dira kontuan hartzen osasuna eta ongizatea. “Joera hori beti egon da hor, baina materializazioa aldatu egin da. Zein produktu aukeratu edo zein zerbitzu jaso erabakitzeko orduan, kontsumitzaileek arreta handiagoa jarri dute itxialdi garaian”. Gorputzaren defentsak handitzeko eta indartzeko ohiturak nabarmen ugaritu direla ondorioztatu dute Aztiko kideek, eta baita buruko osasunari mesede egiten diotenak ere: “Birusak erakutsi digu ez garela uste genuen bezain indartsuak. Konturatu gara elikadura eta bizitza estiloa oso garrantzitsuak direla. Beldurra dela-eta, zaindu egin behar garela ikusi dugu”.

Pikazak aipatu du elikagaien kontsumo aldaketetan nabarmendu egin direla, besteak beste, Internet bidezko erosketak, baina aldi berean tokiko elikagai dendek indarra hartu dutela momentuz. Baina erosketa birtuala edo zuzenekoa izan, aurrera begira ere herritarrek prezioari begiratuko diotela azaldu du Aztiko kideak, eta marka ezagunekin desleial izaten jarraituko duela kontsumitzaileak, marka zuriak asko hartuko dituztela kontuan. “Krisian sartu gara, eta jendeak gehiago begiratuko dio prezioari. Denda txikietan segurtasunagatik erosi dute, baina arin ahazten zaizkigu gauzak, eta egoera ekonomiko zail honetan prezioari begiratuko diote askok. Hala ere, egongo da jendea dirua gordeko duena bertako dendetan erosteak ematen duen esperientziaz gozatzeko”. Saltoki handiak eta herrietakoak bateragarri izan daitezkeela uste du Pikazak.

Joerak ikusita, elikagai enpresa txiki batek ondoriozta dezake Internet bidez hasi behar duela saltzen, gaur bertan, kontsumitzaileen joerek hori diotelako. “Baina ez da horrela. Ez dute online kanal bat zabaldu behar zabaltzeagatik”.

Aztik munduan barrena ikusi dituen esperientziek diote elkarlanaren bidea egin behar dutela enpresa txiki horiek. Aliantzak sortu behar dituztela ekoizleek, banatzaileek eta jakien transformatzaileek, salmenten nolakotasuna zabalagoa izan dadin.

Zehaztu du prezioa dela saltoki txikien arazoetako bat, baina kontsumitzaile talde bat fidela izango dela beti, tratu ona jaso duelako asteotan. “Kontsumitzaileek balio erantsia behar dute, ordea, herrietako dendetan erosteko, merezi egin behar du han erostea”. Balio erantsia izatea da tratu pertsonalizatua eta kalitatea eskaintzea, eta erosketa bera esperientzia bat izatea: “Produktua lasaiago erosteko aukera dago tokiko dendetan, produktua zer den ikusten duzu, azalpenak ematen dizkizute saltzaileek. Salmenta gune handiagoetan inpertsonalagoa da tratua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.