Non jolastu hautatzeko gida

Non jolastu hautatzeko gida

M. Garate

Pixkanaka-pixkanaka bestelako eredu batzuetan oinarritutako parkeak ere ari zirela sortzen ikusita, www.jolasparkeak.eus ataria sortu zuten 2017an Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak, Olgeta jolaserako baliabide zerbitzuak eta Goiena komunikazio taldeak. “Ikusi genuen oso antzekoak zirela herri gehienetako jolas parkeak, ezaugarri eta kolore berdintsuak zituztela, eta hortik harago doazen jolas parkeak nabarmendu nahi genituen”, azaldu du Lander Juaristi Txatxilipurdiko kideak. Gida bat da ataria, eta Euskal Herri guztiko hainbat parke ageri dira, argazkiarekin eta azalpen txiki batekin.Gipuzkoakoei dagokienez, esate baterako, Azpeitiko Izarraizko Atea, Arrasateko Monterron parkea eta Eskoriatzako Torrebaso parkea dira ageri direnetako batzuk.

Juaristik azaldu du zenbait irizpide finkatu zituztela webgunean zein parke sartu erabakitzeko: plastikozkoak beharrean material naturalekin egindakoak izatea, partxis koloreetatik aldentzea, ahalik eta jolas aberatsenak proposatzea, sormenerako eta haurraren abentura senerako aukera ematea… izan ziren horietako batzuk. “Garrantzia eman genion parte hartze prozesuetatik sortutakoak izateari edo auzolanean egindakoak izateari ere”.

Egitasmoak aurrera egin ahala, bereizi egin zituzten jolas parkeak —propio horretarako sortuak— eta jolaserako guneak; hau da, jolaserako aukera ematen duten nolanahiko guneak, izan zelai bat, frontoi bat, plaza bat edo beste gune bat. “Garai batean jolasa sortzen zen gune horiek berreskuratu nahi genituen, eta horiek ere mapan jartzea erabaki genuen”. Horrez gain, ura duten guneek ere ikur berezi bat dute. Herritarrek bidalitako informazioarekin elikatzen dute gunea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.