“Oraingoz, ezinezkoa da lurrikarak aurreikustea”

“Oraingoz, ezinezkoa da lurrikarak aurreikustea”

Unai Zubeldia

Zorionez, gerturatu ere ez ziren egin asteartean Mexikon izan zen lurrikararen mailara, baina joan den astean lurra mugitzen ari zela nabaritu zuten Beizama eta Itsasondo inguruko hainbat herritarrek. Arturo Apraiz EHUko geologoak (Atxondo, Bizkaia, 1967) azaldu duenez, ondorioak izateko, Richter eskalako 5 gradutik gorakoak izan beharra daukate lurrikarek, eta 2,6 eta 3 gradukoak izan ziren joan den astekoak.

Joan den astean, Richter eskalako 2,6 graduko lurrikara bat eta 3 graduko beste bat izan ziren Beizaman eta Itsasondon. Gipuzkoan ohikoa al da halako lur mugimenduak izatea?

Gurean ez dira oso ohikoak izaten halako mugimenduak; hiruzpalau urtean maila horretako lurrikara bat edo bi izaten ditugu hemen, nahiz eta txikiagoak gehiago izaten diren. Gipuzkoari dagokionez, lurraldearen ekialdea da horrelako lurrikarak gertatzeko tokirik ohikoena, Pirinioetatik gertuago dagoelako. Baina bi haustura nagusi soilik daude Gipuzkoa osoan.

Pirinioak gertu izanda, beraz, sismikoki arrisku pixka bat badago Gipuzkoan?

Nolabait esatearren, Pirinioak sortu zirenean sortu zen Euskal Herria ere, gure arrokak itsas azpitik azaleratu zirenean. Ondorioz, hausturaz josita dago gure lurrazala, eta noizean behin baldintza berrietara egokitzen dira haustura horiek guztiak. Hain zuzen ere, egokitze prozesu horretan gertatzen dira lurrikara txiki horiek guztiak. Duela 15-20 urte, lurrikara arriskua zehazten duen mapa bat egin zuen Espainiako Gobernuak, eta hor ageri da Gipuzkoa ekialdea. Gutxieneko arriskua duela ageri da, baina baduela arriskua. Pirinioetan bai, gerta daitezke eskala altuagoko lurrikarak, eta Gipuzkoa ekialderaino irits daiteke horren eragina; horregatik dago sartuta Gipuzkoa arrisku gune horretan, inguruko lurrikara handiagoen eraginagatik.

Joan den astekoak, ordea, Beizaman eta Itsasondon bertan sortutakoak dira, ezta?

Bai, bai. Eskala txikiagoko lurrikarak tokian bertan gertatzen dira, baina oso zaila da herritarrek lurrikara horiek sumatzea, oso maila baxukoak izaten direlako. Sismografoetan nabaritzen dira, eta horregatik erregistratzen dira.

Gaur egun, posible al da lurrikara horiek aurreikustea?

Ez. Ez hauek eta ezta handiagoak ere. Eta, hain zuzen ere, hori da lurrikaren arriskurik handiena; badakigu gertatuko direla, baina ez dakigu non eta noiz gertatuko diren; oraingoz, ezinezkoa da lurrikarak aurreikustea. Lurrikara baten sorreran eragina duten hainbat faktore daude, eta ezin dira kontrolatu denak. Lurrikara asko gertatzen dira, adibidez, Japonian eta AEBetan, eta horrelako herrialde aurreratuetan diru asko inbertitzen dute lurrikara horiek aurreikusi ahal izateko ikerketetan; baina, oraingoz behintzat, ez dago modurik.

Intentsitatearen arabera ez ezik, zeren arabera izan daiteke lurrikara bat arriskutsua?

Lurrazal guztiak esfortzu bat pairatzen du beti; lurraren azaleko plakak mugitu egiten dira, eta etengabeko mugimendu horrek esfortzuen eraginpean jartzen du ingurune guztia. Esfortzu horiek pilatu egiten dira denborarekin, eta, zenbat eta esfortzu handiagoa eta denbora luzeagoan pilatu, orduan eta indar handiagokoa izango da lurrikara. Baina pilatutako esfortzu hori txikia bada, ez dago arriskurik lurrikara handi bat sortzeko. Azken batean, egonkortasuna bilatzeko prozesu bat da esfortzu hori.

Tsunamien eta antzeko triskantzen arriskurik ez dago Gipuzkoan, ezta?

Ez, ez. Eskala handiko lurrikarak behar dira horretarako ere, Richter eskalako 7-8 gradutik gorakoak, eta hemen ez dago horrelakorik gertatzeko arriskurik. Ezinezkoa da. Gradu askoko lurrikara bat izateko, eskala txikiagoko ehunka mila lurrikara behar dira. Sismikoki aktiboak diren lurraldeek, noizean behin zazpi gradutik gorako lurrikararen bat sortzen dutenek, bost graduko ehunka lurrikara izaten dituzte, eta hiru graduko milaka eta milaka. Hemen, berriz, hiruzpalau lurrikara izaten dira bost urtetik behin, eta maila baxukoak.

Lurrikara bat zenbat gradutik gora izan daiteke arriskutsua?

Richter eskalako bost gradutik gorako lurrikarak sumatzeko modukoak dira jada, eta baita 3,5-4 gradutik gorakoak ere. Baina ondorioak izateko, 5-5,5 gradutik gorakoak izan beharra daukate lurrikara horiek. Zazpitik gorakoak, berriz, serioak dira jada. Hemen, ordea, 2 eta 3,5 gradu arteko lurrikarak izaten ditugu normalean, eta horiek, printzipioz, ez daukate inolako arriskurik.

Beizama eta Itsasondoko azken bi lurrikarak, beraz, nabaritu ere ez ziren egin ia-ia?

Oso baldintza berezietan nabaritu daitezke horrelakoak. Ohean etzanda bazaude, eta ohe hori eraikinaren goialdean badago, pertsona sentikor batek nabaritu dezake zerbait, baina oso gutxi; lanpararen bat mugituko da, akaso, kamioi oso astun bat errepidetik pasatzen denean mugitzen denean bezala.

2017an 2,8 graduko lurrikara bat neurtu zuten Oiartzunen, 1997an 3,6 eta 3,4ko beste bi Zestoan… Historikoki zein izan dira lurrikararik handienak?

Horiek izango dira ziurrenik. Gipuzkoan ez dago erregistratuta maila altuagoko lurrikararik. Donazaharren, esaterako, Nafarroa Beherean, lurrikara handi bat izan zuten 1858an, 5-5,5 gradukoa, eta horren eragina nabaritu zuten Gipuzkoan. Kanpoan izandako lurrikara baten ondorioak edo erreplikak suma daitezke, baina oso eskala txikikoak izaten dira bertan sortutakoak.

Lurrazala etengabe mugitzen ari dela aipatu duzu. Posible al da etorkizunean Gipuzkoan lurrikarak areagotzea eta Richter eskalako 3 gradutik gorakoak neurtzea?

Gure eskalara eramaten dugu dena, eta gu ehun urtez bizi izaten gara zorte pixka batekin. Ehun urte horietan ikusten ez ditugun gauzak existituko ez balira bezala hartzen ditugu. Oso motelak dira lurraren mugimenduak, urtean zenbait zentimetro besterik ez da mugitzen, eta ez daukagu gaitasunik mugimendu horiek sumatzeko. Baina lurrak milioika urtean jasan ditu mugimendu horiek, eta lurrikarak dira mugimenduak erakusteko moduak. Hori bai, gurean ez dugu ikusiko eskala altuko lurrikararik. Gizakia desagertuko da, lurrak jarraituko du garatzen, eta 40 milioi urte barru, agian, beste prozesu orogeniko bat sortuko da. Pirinioak sortu zirenean, esaterako, lurrikaraz betetako ingurua izango zen gurea, baina, Pirinioak sortuta, gelditu egin zen mugimendu hori. Lasai egon gaitezke, ezinezkoa baita benetan beldurgarria izan daitekeen lurrikara bat gertatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.