Txabillo erraldoiaren panpina, eskuragai

Txabillo erraldoiaren panpina, eskuragai

Aitziber Arzallus

Jose Mutiozabal, Pepe Txabillo ezizenez ezagunagoa, oso maitatua da Zarautzen. 10 urterekin hartu zituen lehenengoz buruhandia eta maskuria, eta 17 bat urte zituela hartu zuen erraldoia sorbalda gainean. Handik urte gutxira, herriko erraldoi eta buruhandien taldearen arduradun bihurtu zen, eta horretan aritu zen bizitza guztian. Duela urte batzuk, Oskar semeari pasatu zion lekukoa, baina, hala ere, buruhandi eta erraldoiekin lotura estua izaten jarraitu zuen. Horregatik, 2018ko San Pelaio egunaren bezperan, omenaldi beroa egin zioten herrian. Festei hasiera emanaz, berak igo zuen herriko bandera, eta Zarauzko Udalak orduantxe aurkeztu zuen bere omenez egindako erraldoia ere. Mutiozabal aurtengo otsailean hil zen, 89 urte zituela, eta aste honetan Txabillo erraldoiaren gomazko erreplika txikia aurkeztu du Zarauzko Udalak.

Duela bi urte, bi erraldoiren gomazko erreplikak kaleratu zituen udalak; gizonezko arpoilariarena eta emakumezko baserritarrarena, hain zuzen ere. Turismo Bulegoan jarri zituzten salgai, eta oso harrera ona izan zuten arren, haur asko Txabillo erraldoitxoaren eske joan zitzaien. Bi urteko itxaronaldiaren ostean, dagoeneko badute hura eskuratzeko aukera. Panpina “omenaldi moduan” datorrela nabarmendu zuen Xabier Txurruka alkateak, aurkezpen ekitaldian bertan.

Aurreko bi panpinak bezala, Ruben Platero nafarrak egin du Txabillo erraldoitxoa ere. “Beste bi panpinak bukatu orduko eskatu zidaten Txabilloren erreplika txikia egiteko, baina lanez gainezka ibili naiz, eta horregatik atzeratu da horrenbeste”, azaldu du Gigantes Platero enpresaren arduradunak. Erraldoien erreplikak ez ezik, erraldoiak eta buruhandiak ere egiten dituzte Platerok eta haren lankideek, eta aitortu du azken urteetan lan askorekin dabiltzala. “Nafarroan erraldoiek tradizio handia dute, eta haien inguruan antolatzen dituzten jarduerek beti izan dute arrakasta. Baina ikusten ari gara azken urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere indarra hartzen ari direla”. Eta horrek eragina izan du Gigantes Platero enpresaren lan kargan. “Nafarroarako duela zortzi bat urte hasiko ginen erraldoien erreplika txikiak egiten; Gipuzkoarako, berriz, duela lau urte eta erdi inguru”. Gogoan du Gipuzkoarako aurrenak Itzurun Donostiako erraldoi eta buruhandien konpartsarentzako egin zituela. “Harrezkero, moda moduko bat sortu da, ume guztiek erraldoien panpinak nahi dituzte etxean, eta azken urteetan eskariak bata bestearen atzetik jasotzen ari gara”. Erraldoi eta buruhandiak egiteko agintzen dieten udalei, eta urteetako lan harremana dutenei lehentasuna ematen dietela azaldu du Platerok, eta horregatik behar izan dituztela bi urte Txabilloren panpina egiteko. Gomazko erreplika egiteko Txabilloren erraldoian oinarritu dela azaldu du egileak, eta ahalik eta fidelena izaten saiatu dela, daraman zapia, oihalak eta koloreak oso kontuan hartuta. Txabillo bera ezagutzeko aukerarik izan ez zuen arren, aitortu du haren entzutea baduela. “Eta niretzat ohorea izan da horrelako pertsona baten panpina egin ahal izatea”.

Guztira, zazpiehun ale

Oier Mutiozabali ere “ilusioa” egin dio aitonaren omenez egindako erraldoiaren erreplika txikia esku artean hartzeak. “Polita izan da panpina ateratzea, baina bene-benetako omenaldia bera bizi zela egin ziotena izan zen, erraldoia egin ziotenean”, esan du bilobak. Koronabirusak eragindako ezohiko egoera dela eta, aurkezpen ekitaldia itxia izan zen, baina Mutiozabalek izan zuen han egoteko aukera, besteak beste, berak eramaten duelako Txabillo erraldoia. “Aitonari ilusioa egiten zion bere omenez egindako erraldoia familiakoren batek eramateak, eta neuk hartu nuen ardura hori”. Bilobak 19 urte ditu egun, eta 17 zituela hartu zuen lehenengoz Txabillo erraldoia, aitonaren begiradapean. “Bi urteotan neu izan naiz erraldoi horren barrura sartu naizen bakarra, eta hala jarraitu nahi nuke urte askoan”.

Txabillo erraldoitxoaren zazpiehun ale ekoitzi ditu Platero Gigantes enpresak. Zarauzko Udalak bostehun hartu ditu, eta Turismo Bulegoan salduko ditu, 13 euroren truke. Gainerakoak, ekoizleak berak salduko ditu www.gigantesplatero.com webgunearen bidez eta ohiko banaketa guneetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.