Beste begirada bat itxialdiari

Beste begirada bat itxialdiari

Beñat Alberdi

Bukatu zen nahi eta nahi ez etxean itxita egoteko garaia. Komuneko paperaren krisitik hasita irinaren krisiraino, bizipenen hamaika bertsio entzungo dira kalean; hala ere, badago gertaeraren kontaketa kolektibo bat. Istorio konpartitu horrek historia osoa jasotzen ote duen, ordea, zalantzan jarri du Arrasateko Emakumeen Txokoak. Herriko emakumeen testigantzak biltzen ari dira, kontakizuna osatzeko.

Urteak daramatza lanean Arrasateko udal zerbitzuak. Besteak beste, ikastaroak eta arreta zerbitzuak eskaintzen dituzte, indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzeko. Udal zerbitzuei ere heldu zitzaien krisira moldatu beharra, eta jarduna mantendu zuten ahal zen gisan, aurrez aurrekoak kenduta. Eraso matxistei erantzuteko protokoloa ere prest zeukaten, baina “zorionez” ez zutela abian jarri behar izan azaldu du Maite Barreña Berdintasun teknikariak.

Egoera beste modu batera ikusten zuten, dena den. “Hasieratik ulertu dugu emakumeengan zuen eragina komunikabideetan ikusten zen baino askoz handiagoa zela”, gaineratu du teknikariak. Bi adierazletan jarri zuten arreta: umeen zaintzan eta etxean gelditzeko aginduan. Lehen kasuan, etxe askotan edo gehienetan zaintza lana emakumeen esku geldituko zela aurreikusita, saiatu dira plangintzarekin irtenbide bat eskaintzen. Bigarrenean, berriz, etxe kontzeptua jarri du zalantzan Barreñak: “Idealak balira moduan saltzen dizkigute: denek dute hamar metro karratuko terraza; inork ez dauka arazorik, eta inon ez dago tentsiorik”. Azaldu du ezen, indarkeriarik gabeko kasuetan ere emakumearen gain erortzen dela tentsioa baretzeko sostengu lana, dakartzan ondorioekin. Derrigorrez etxean egon behar hori bukatuta, gertatu zenaren kontakizuna izan dute ardatz. “Ikusten genuen bazegoela kontaketa moduko bat bertsio guztiak jasotzen ez zituena, denok gauza bera bizi izan bagenu moduan”, argitu du teknikariak. Jazotakoari ikuspegi feminista bat gehitu nahi diote, eta, horretarako, ezinbestekoa ikusten dute genero aldagaia sartzea.

Krisiak sistemaren hutsuneak argitara atera dituela zehaztu du Emakumeen Txokoko kideak. Batetik, emakumeek ordaindu gabe egiten duten lanik gabe sistema ezin delako mantendu; eta, bestetik, bizitza ez, kapitala jartzen duelako erdigunean. “Ikusi da eskolarik gabe, zaintzailerik gabe, ezin garela lanera joan. Bat-batean, sistemak antolatua zuen sarea erori egiten da”, azaldu du. “Gero, emakumeok sortu behar izan ditugu sare berriak”. Oraindik ez da jakin zenbatek eskatu duten lanaldi murriztua edo telelana zaintza lanak euren gain hartzeko. “Zeinek eskatu duen ere ez dakigu. Hori guzti hori agerian geldituko da denborarekin”.

Egoera parekoa izango zen Arrasaten zein Villabonan, baina Emakumeen Txokoak herrikoa aztertu du. Emakumeen ahotik entzun nahi dute nola bizi izan duten, zer hausnarketa egiten duten eta zer zirrara dituzten.

Lanketaren lehen urratsa

Konfinamendua bukatu ahala jaso nahi izan dituzte testigantzak, denborak ez dezan oroitzapena ahuldu edo jazotakoa erlatibizatu. Baina, segur aski, irailetik aurrera ere jasoko dituzte testigantza gehiago. Finean, bai pasatu berritan kontatutakoak eta bai urrutiagotik begiratuta kontatutakoak badutelako indarra, bakoitzak bere erara.

Ez da artxibo lana izango, ordea. “Dugunaren arabera emango diogu irteera bat”, argitu du Barreñak. “Aldizkari bat izan daiteke, edo bideo bat. Ikusiko da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.