Bisitak elizaren barrunbeetara

Josu Artutxa Dorronsoro

Tolosako Andre Maria parrokia 1503ko sutean erretako beste eliza txikiago baten ordezkoa da. Tamainari dagokionez, 1.630 metro karratu dauzka, eta Gipuzkoako eliza handienetan bigarrena da, Donostiako Artzain Onaren katedralaren atzetik. Berrehun urte baino gehiago behar izan zituzten parrokia eraikitzeko. Hainbat estilo nahasten dira bertan, besteak beste, euskal errenazentista, barrokoa eta neoklasikoa. Erdian kanpandegia dauka, eta alboetan, berriz, bi dorre txiki. Gainera, Tolosako patroi San Joan Bataiatzailearen eskultura dago barnean.

Informazio hori guztia eta gehiago ematen aritu izan da azken urteetan Brian Cullem, Tolosaldea Tour turismo bulegoko gida. Urte sasoi honetan bisita gidatuak antolatu izan ditu Tolosako Udalak, herritarrak eta bisitariak Tolosa ondo ezagutzera gonbidatzeko. Aurten, osasun krisia dela medio, hainbat hilabetez etenda egon da zerbitzua, baina asteazkenean ekin zieten bisitei.

Eta berrikuntzekin dator, gainera, aurtengo eskaintza. Batetik, segurtasunerako eta osasunerako protokoloa prestatu dute Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziak, elkarlanean. Bestetik, eta bisitei dagokienez, berregokitze lanak amaitu ondoren lehenengo aldiz, aukera izango da elizako bobedak, organoa, artxiboa eta museoa bisitatzeko.

Korutik bobedetara

Abuztuaren 27ra bitarte, egunean hiru bisita gidatu eskainiko dira, astelehenetik larunbatera. 10:00etan izango da lehena, eta alde zaharreko txokoen historia azalduko da. Ondorengo biak Andre Mari elizan sartuko dira. “Bisita oso bereziak izango dira, orain arte publikoarentzat ezezagunak ziren txokoak ikusteko aukera izango baita”, nabarmendu du Nerea Letamendiak, Tolosako Udaleko merkataritza, turismo eta azoketako zinegotziak.

11:00etan izango da parrokiako lehen bisita. Elizako organoa eta tenpluko bobedak bisitatuko dira, berregokitze lan handia egin ondoren. Azken urteetako bisitariek behin eta berriz egindako eskarietako bat izan da bobedak ezagutzea. Elizako korutik argiztatutako eskailera kiribil bateko 110 mailak igota heltzen da bobedetara eta kanpandorreetara. “Bisita horretan, gainera, bitxikeria eta xehetasun historikoak ezagutu ahal izango dira; tartean, Tolosako Udalak Aldaban baso oso bat erosi zuela, bobedak egituratzeko behar den egurraz hornitu ahal izateko”, dio Cullemek.

Goialde horretan, korua ikusteko modua ere izango da. “Bertan dago 1885eko Stoltz-Freres organo erromantiko bikaina, bere kaxa barrokoa mantentzen duena, eta osagarri elektronikorik ez duena”, esan du gidak.

Bigarren bisita gidatua, berriz, 12:00etan izango da. Eugenio Maria Azkue margolariak XIX. mende erdialdean egindako artelanak ezagutzeko aukera izango da. “Oriotarrak Gipuzkoan duen obra garrantzitsuena da, eta tenplu batean dagoen hormako pintura multzo bakarra”, dio Cullemek. Azken hilabeteetan, horietako bi berritzen aritu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Udalak eta elizak hitzartutako finantzaketa baten bitartez.

Bisita berean, gainera, 1530tik 1904ra Gipuzkoako Artxibo zaharra izan zena eta egun museo txiki bat den espazioa ere bisitatuko da. “Bertan daude, besteak beste, Gipuzkoako lehen armarriaren erretaula, Jeronimo Larrea eskultore tolosarraren XVII. mendeko lau bertute kardinal polikromatuak, Izaskungo Ama Birjinaren jatorrizko pieza eta balio historiko handiko beste altxor ugari”, aipatu du Cullemek.

Bertakoentzat, doan

Gehienez hogei laguneko taldetan egingo dira bisitak, eta aurrez eskatu behar da ordua. Hala ere, eta lekurik bada, unean bertan gerturatzen denak ere izango du aukera. Halaber, segurtasuna bermatzeko, nahitaezkoa izango da bisitan maskara eramatea. Bi hizkuntzatan izango dira bisita guztiak, eta bisitarien arabera egokituz joango dira gidak.

Tolosaldeko biztanleentzat, lau urtetik beherakoentzat eta irakasleentzat doakoak izango dira bisitak; aldiz, eskualdetik kanpo bizi direnek hiru euro ordaindu beharko dituzte. Horietan, baina, hamabost pertsonatik gorako taldeak, 4 eta 16 urte bitarteko haurrak, erretirodunak, langabetuak edota Nekatur eta Basquecard txartela dutenak baldin badira, euro eta erdiko tarifa aplikatuko zaie. Andre Maria plazako turismo bulegoan erosi ahal dira txartelak. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 697 413 telefonora deitu edo tour@tolosaldea.eus helbide elektronikora idatzi behar da.