“Sahararrentzat oso garrantzitsua da eurekin gogoratzea”

“Sahararrentzat oso garrantzitsua da eurekin gogoratzea”

Unai Zubeldia

45 urte betetzear dira Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, eta berezko egoera gordin horri osasun krisia gehitu zaio orain. Errefuxiatuen kanpalekuetan, oraingoz, ez dute COVID-19aren probetan positiborik izan, baina, Jose Angel Zuazua (Donostia, 1946) Donostiako Sahararen aldeko elkarteko presidenteak azaldu duenez, blokeo egoerak bere horretan jarraitzen du oraindik. “Laguntza behar dute”.

Joan den astean, Sahararen aldeko elkartasun deia egin zenuten Donostiako udaletxean. Nola daude gaur egun?

Osasuna kontuan hartuta, goraipatzekoa da egoera, koronabirusak kutsatutako herritarrik ez daukan Afrikako herrialde bakarra delako Mendebaldeko Sahara. Polisarioak muturreko neurriak hartu zituen hasieratik: errefuxiatuen kanpalekuetan egunerokoan baldintza negargarriak eduki arren, bertan behera utzi zituzten kanpalekuetako sarrera eta irteera guztiak; ikastaroak ere egin zituzten eskuak nola garbitu behar ziren ikasteko; maskarak ere banatu zituzten… Erabateko arrakasta izan dute. Aljeriako Gobernuak ere ospitale bat utzi zien, eta larri dauden gaixoentzat eskura daukate beharrezko material guztia. Antolatzeko gaitasun harrigarria erakutsi du Saharak; bai gobernuak eta bai herritarrek. Meritu handia dauka egiten ari direnak.

Osasun krisia krisi, ordea, arlo politikoan, bere horretan jarraitzen du blokeo egoerak, ezta?

Bai, bai. Nazioarteko egoera dago, batetik, eta Sahararen lurralde okupatua, bestetik. Gero eta penagarriagoa da gune horren egunerokoa; ezin da inor sartu. Europako Auzitegiak Europako Batasuneko herrialde guztiei argi eta garbi esan die Marokotik, Saharako eremutik, ezin dutela elikagairik hartu Sahararen baimenik gabe, arrantza tartean, baina Marokok berak hori ez du aintzat hartzen, eta lotsagarria da Espainiako Gobernuaren jarrera ere. Denak ados daude Sahararen auziarekin, baina agintera iristearekin batera aldatu egiten dute iritzia. Marokok xantaia handia egiten dio Espainiari migratzaileekin-eta.

Osasun krisiak eraginda, bertan behera gelditu da Oporrak Bakean egitasmoa ere. Aurten, beraz, haur sahararrik ez da etorriko Euskal Herrira?

Ez dira etorriko, ez. Urtero, Saharako 350 bat haur etortzen dira Euskadira, eta horietatik 30 bat Donostiara, baina gero eta zailagoa da familiak aurkitzea, eta aterpetxe modukoak berreskuratzeko aukera aztertzen ari gara. Saharako haurrek albergeetan igaroko lituzkete bi hilabete horiek, nahiz eta horrela galdu egingo litzatekeen familiekin sortzen den harreman hori.

Baina, tira, haur sahararrek guregana etortzerik izango ez dutenez, nolabaiteko ekintzak antolatzen hasi dira kanpalekuetan bertan, eskauten itxurakoak, gazteei denbora pasarazteko. Izan ere, oso gogorrak izaten dira Saharako udak. Hilabete batzuetan 40 gradu izaten dira 23:00etan, eta ordutik aurrera egin behar izaten dute bizimodua kalean; 08:00etatik aurrera, berriz, asko igotzen da tenperatura.

Elikagai bilketa ere egiten duzue urtero, gero errefuxiatuen kanpalekuetara eramateko, baina, COVID-19aren eraginez, iritsi ezinik gelditu dira elikagai horiek ere, ezta?

Abenduan eta urtarrilean egiten dugu elikagai bilketa, bai dendetan eta bai eskoletan. Bigarren eskuko zazpi kamioi erosi, eta horietan eraman genuen galkorra ez den 250 tona elikagai, baina kamioiak Alacanten [Herrialde Katalanak] daude geldirik, lehenengo Oranera eta gero errefuxiatuen kanpalekuetara joateko baimenaren zain. Espero dezagun elikagai guztiak egunen batean iristea, baina mugak itxita daude oraingoz.

Zailtasun horien jakitun, nola lagun dezakete herritarrek?

Joan den astean errealitate horrengatik egin genuen agerraldia Donostiako udaletxean. Euskadiko Sahararen aldeko elkarteak kontu korronte bat ireki du Laboral Kutxan, dirua biltzeko, behar gorrian daudelako kanpalekuetan. Kontuan hartu behar da martxoaren 15etik ez zaiela ezertxo ere iritsi kanpotik. Herrialde batzuen elkartasuna da euren bizi euskarria, eta egoera larrian daude gaur egun. Bost milioi euro inguru behar dituzte aurrera egiteko.

Zertara bideratuko litzateke herritarren ekarpenari esker bildutako diru hori guztia?

Gaur-gaurkoz, 223.000 lagun bizi dira errefuxiatuen kanpalekuetan, eta, aipatu berri digutenez, bularra ematen ari diren emakumeak eta haurrak elikadura urritasun handia sufritzen ari dira; %35-40 daude egoera horretan. Elikadura urritasun horren ondorioz, areagotu egin dira hipertentsio eta diabetes arazoak. Osasun arazo horietara bideratu nahi dute diru sailik handiena, eta baita ur gabeziari irtenbide bat ematera ere. Denbora askoan, zinkezko ontzietan jaso izan dute ura, familiaz familia, baina zinkak kaltetu egiten zuen ura. Oiartzungo elkartearen laguntzarekin, duela urtebete hasi ginen plastikozko biltegi batzuk egiten, eta horietan nahiko ondo mantentzen da ura. Laurehun bat lortu ditugu jada, familia bakoitzarentzat bat, eta mila litro sartzen da bakoitzean. Bide horretan pausoak emateko ere beharrezkoa dugu herritarren laguntza. Donostiako Udalarekin daukagun hitzarmenari esker, beste ehun edo berrehun biltegi eskuratzen saiatuko gara aurten.

Aipatu duzun moduan, gordina da errealitatea. Testuinguru horretan, zer proiektu lantzen ari zarete etorkizun hurbilerako?

Guretzat oso garrantzitsua da lehen aipatu dugun uraren kontu hori, eta ahalegin handia eskatzen digu Elkartasun Karabanak ere. Herriz herri, sare handia daukagu sortuta, eta, haurrak hartzeko gaian salbu, elkartasun handia nabari da gainerako esparruetan. Medikuen sare bat ere badaukagu, eta Saharako Zinema Jaialdia ere finantzatu genuen duela bi urtera arte; geldialdi txiki baten ondoren, indarra hartzen ari da berriz ere. Gure elkartea senidetuta dago Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiarekin, eta senidetze hori berritzen saiatuko gara. Aurten, nazioarteko izaera hartuko du Saharako Zinema Jaialdiak, eta bertakoentzat garrantzi handia dauka jaialdi horrek, ilusioa sortzen duelako. Sahararrentzat oso garrantzitsua da eurekin gogoratzea, badirela aintzat hartzea. Guk bi hilabete pasatxo igaro ditugu konfinatuta, eta kexu ibili gara, nahiz eta telebista, janaria, Internet bidezko erosketak, osasun sistema… eduki ditugun. Bada, pentsa kanpalekuetan nola bizi diren!

Leave a Reply

Your email address will not be published.