“Teknologia tresna garrantzitsua izan da artxiboa osatzeko”

“Teknologia tresna garrantzitsua izan da artxiboa osatzeko”

Karmele Uribesalgo Alzola

Zuzendari berria dauka hilabete hasieratik Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak. Azken urteetan artxiboko teknikari izan da Pello Leiñena (Donostia, 1965), eta “oso pozik” hartu du Jon Baguesen lekukoa. 1974an sortu zen Eresbil, euskal musikagileen lanak zabaltzeko Errenterian antolatu ohi den Musikaste ekimenak eragindako programazio beharrak zirela eta. Garai horretan hasi ziren euskal musikagileen partiturak biltzen, eta gerora grabazioak zein bestelako materialak ere jaso dituzte. Gauzak horrela, musika ondarea ikertzea, biltzea, zaintzea eta zabaltzea dute helburu. Guztira, euskal musikagileen 2.000 lanetik gora dituzte artxiboan. Leiñenak azaldu du “ilusio handiarekin” hartu duela postua, eta nabarmendu du erronka ugari dituela.

Nola hartu duzu Eresbileko zuzendari izateko ardura?

Oso eskertuta nago nigan izan duten konfiantzagatik. Azken finean, Eresbil fundazioa patronatu batek zuzentzen du, eta bertako partaide dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala eta Andra Mari abesbatza.

Zuzendaria aukeratzeko prozesua ireki zuten eta oposaketa batzuk pasatu behar izan ditugu. Hainbat proba egin genituen, curriculuma oso garrantzitsua zen, eta plan estrategiko bat ere prestatu genuen, non datozen bost urtetarako ideiak bildu genituen. Nahiko gogorrak izan ziren probak, besteak beste, konfinamenduarekin eta lanarekin uztartu behar izan ditugulako. Izan ere, telelanean aritu gara. Artxiboko lana gutxi gorabehera mantendu ahal izan dugu, material asko baitaukagu digitalizatuta. Hori dela eta, posible izan da telelanarekin gure zerbitzua eskaintzea. Behin dena pasata, gogorra izan den arren, oso pozik nago lortutakoarekin.

Jon Baguesen lekukoa hartu duzu. Zer aztarna utzi du Baguesek?

Ohore handia izan da berarekin eta Eresbilen sortzaile izan zen Jose Luis Ansorenarekin lan egitea. Gauza pila bat ikasi ditut. Hutsunea utzi du Jon Baguesek, baina segur aski ez da Eresbiletik gehiegi aldenduko. Beste maila batean bada ere, nire ustez Eresbilekin harremanetan jarraituko du; agian ikertzaile bezala edo artxiboak prozesatzen arituko da, baina ziur zerbait egingo duela.

Zuretzat erronka bat ere izango da zuzendari postua hartzea, ezta?

Erronka handia da, bai. Momentu honetan, COVID-19a dela eta, urduri gaude denok, ez baitakigu datozen hilabeteak nolakoak izango diren. Gauzak asko aldatu dira musika munduan, eta aurrekontuak ere ez dakigu nolakoak izango diren. Nolabaiteko kezka eragiten digu horrek, baina eskarmentua eta esperientzia baditugu, eta horrek asko lagunduko digula uste dut.

Zer egiten duzue zehazki artxiboan? Zein da zuen lana?

Gure helburu nagusia da musika ondarea osatzea. Hainbat modutara jasotzen dugu gure musika; partituren bitartez edo grabazioak gordez, adibidez. Katalogatu egiten dugu daukagun material guztia, inbentarioa egin eta azken fasean bildutako hori herritarrei luzatzen diegu. Errenterian egiten den Musikastek eragindako programazio beharrak zirela eta sortu zen musika lanak bilduko zituen zentro hau, eta denborarekin Eresbilek bere erritmoa eta profesionaltasuna hartu ditu. Horri esker gaude gaur egun daukagun mailan, eta Euskadiko artxibo musikala gara.

Zer garrantzia dauka Eresbilek euskal kulturan?

Eresbil oso aberasgarria da euskal kulturarentzat, eta jada egina du bere lekua. Modu xume batean hasi ginen, baina gaur egun badu bere pisua artxiboak. Material asko jaso dugu, eta ez bakarrik musika klasikokoa; bestelako estiloak ere biltzen ditugu; popa, rocka edo jazza, esaterako. Estilo guztiak jasotzen ahalegintzen gara, eta hori oso inportantea dela esango nuke. Musikarekin gertatzen dena da batzuetan, adibidez, liburutegi nazionalek eta beste erakunde batzuek ez dutela jakiten zer egin. Egia da musika beste hizkuntza bat dela eta jakin egin behar dela nola irakurri, nola katalogatu eta nola inbentariatu. Horretarako dago Eresbil.

Zuk ongi ezagutzen duzu Eresbil, 1991tik artxiboko teknikaria izan baitzara. Nolakoak izan dira urte horiek?

Izugarrizko aldaketak bizi izan ditugu. Teknologia tresna garrantzitsua eta baliagarria izan da musika artxiboa osatzeko. Hasieran lan guztia eskuz egin behar genuen, eta gerora iritsi ziren ordenagailuak. Hortik aurrera gure bilduma zabaltzen joan gara, eta momentu honetan gure web orrialdean ere badaude datu baseak. Horrek erabiltzaileei ahalbidetzen die kontsultak egitea, eta guretzat ere oso baliagarria eta garrantzitsua da hori. Beste lanbide batzuetan bezala, gurean ere izugarria izan da aldaketa.

Zer norabide hartuko du orain Musikaren Euskal Artxiboak?

Orain arte egindako bidearekin jarraituko dugu. Hala ere, egia da erronka asko ditugula datozen urteetarako. Argienetarikoa digitalizazioarena da. Horretan ari gara jada, eta Eusko Jaurlaritzarekin, esaterako, ari gara zerbitzu digital bat eskaintzen Liburuklik atarian. Hor jada zerbait badaukagu, baina pausoak ematen jarraitu behar dugu. Interneten material pila bat dago, eta gure lanetako bat da hori jaistea eta artxibora gehitzea. Gaur egun musika talde askok, esaterako, ez dute diskorik argitaratzen, zuzenean plataformetara igotzen dituzte abestiak, eta lan handia daukagu zentzu horretan. Sarean ongi posizionatzea ere oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, informazio asko dago Interneten, eta ondorioz, gure lana batzuetan ez da azaleratzen. Musikasterekin ere badugu erronkarik. 2022an 50. edizioa antolatuko dugu, eta beste publiko batengana ere iritsi gaitezkeen aztertzen ari gara. Gauzak horrela, antzeko norabidean jarraituko dugu, baina berritzea funtsezkoa izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.