Txakurrak, gizartearen parte bat gehiago

Txakurrak, gizartearen parte bat gehiago

Kerman Garralda Zubimendi

Gero eta jende gehiagok dauka txakurren bat etxean. Beasainen, 1.700 txakur baino gehiago daude erroldatuta —zortzi biztanleko bat—, eta inguruko herrietan, beste horrenbeste. Hori, txipik ez duten txakurrak kontuan izan gabe. “Zenbat eta txakur gehiago, arazoak sortzeko aukera gehiago”, hasi da Xabier Arrese, Kangune txakurrak hezteko eta bizitzeko guneko arduraduna: “Horri bueltak ematen genbiltzala, txakurrak gizarteratzeko beharra ikusi genuen. Hala abiatu dugu Txakur Eredugarri programa, Beasaingo Udalarekin eta herriko Neu eta Beasain albaitaritza klinikekin batera”.

Programak hiru adar ditu: txakurrak, jabeak eta gainerakoak. Arresek dio programa arrakastatsua izateko eta txakurrak gizarteratzeko guztien arteko oreka bilatu behar dela. Horretarako, programak bi zati ditu: alde batetik, heziketa jolasak daude, eta, bestetik, Jabe eredugarria formakuntza saioa. Ekainean, jolasei ekin diete, eta, udatik bueltan, aurrez aurreko formakuntza saioekin hasiko dira, koronabirusak uzten badu.

Heziketa jolasak ikusgai daude Beasaingo Udalaren Youtubeko kanalean, edonoren eskura. “Jolasak gutxienekoa dira. Garrantzitsuena txakurraren eta jabearen arteko interakzioa da. Bi aldeen arteko harremanak estutzea da helburua”, nabarmendu du Kangune espazioko arduradunak. “Txakurrak oso azkar ohartzen dira jabeen egoeraz. Ikusten badute beraiekin denbora pasatzen dugula, jolas egiten dugula, ongi pasatzen dugula… beraiek ere ongi pasatuko dute”, osatu du Arresek. “Jolasen bidez, asko ikas daiteke, eta, ongi barneratzen baditugu, edozer irakatsi diezaiokegu txakurrari. Noski, jolasak ez dira egun bakar batean ikasteko modukoak. Baina hori ez da gure helburua ere. Guk segida bat nahi dugu; txakurraren eta jabearen arteko harremana egunero lantzea”.

Irailean, Jabe eredugarria formakuntza saioa hasiko da. “Oinarrizko heziketan sakonduko dugu; hau da, gizarteratzeko prozesu horretan aurrerapausoak emango ditugu”, aurreratu du Arresek. Hamabi saio presentzial izango dira, eta txakurrak zaintzen ikasiko dute, kontrolatzen, sokarekin joan daitezela ohitzen… Amaieran, aditu batek ebaluatuko du ea jabeek oinarrizko gaitasunak barneratu dituzten. Gaindituz gero, Txakur Eredugarria titulua jasoko dute. “Tituluak segurtasuna ematen dio gizarte osoari. Titulua duen jabea eta txakurra ez dira arazoa izango”, nabarmendu du.

“Titulu hau hasiera da. Nik badut esperantza noizbait txakurren ardura izateko halako tituluak derrigorrezkoak izateko. Gidabaimena behar dugun bezala, txakurren ardura izateko formatu egin behar dugu”, gaineratu du. “Sekulako amorrua ematen dit kalean gorotzak edo behar ez denean aske doazen txakurrak ikusten ditudanean. Gutxi batzuen jokabide desegokiarengatik, jabe guztiak zaku berean sartzen gaituzte”, salatu du. Halere, baikorra da: “Lotsa ematen digu txakur hezitzaile batengana jotzeak, baina gero eta gutxiago. Normalizatzen ari gara. Ikastaroan jende askok emango du izena, ziur nago”.

‘Txakurren hizkuntza’

Tartean, asteazkenero, askotariko gaiei buruzko hitzaldiak egongo dira. Oraingoz, Beasaingo Udalaren Youtubeko kanalaren bidez eskaintzen dituzte, baina, ahal bezain pronto, aurrez aurrekoak egitea da asmoa. Txakurren hizkuntza ulertuz izan da lehen bi hitzaldietako gaia. “Txakurrek gorputzarekin informazio asko ematen digute, eta garrantzitsua da informazio hori irakurtzen jakitea. Lehen hitzaldia haurrei bideratutakoa izan zen, eta bigarrena helduei”, aipatu du Arresek. “Gainerakoan, hitzaldietan asko landuko ditugu bazterkeria eta adopzioa”.

Urrian, bestalde, adopzio pasarela bat egingo dute Beasainen. Herritarrak kontzientziatzeaz gain, txakurtegietan dauden txakurrei irtenbidea eman nahi diete. Animaliekin lotura duten elkarteak pasarelan izango dira.

Beasaingo parkeak ere egokituko dituzte txakurren eta jabeen egonaldia atseginagoa egiteko. “Goierriko herriak prestatuta daude txakurrekin ibili ahal izateko. Beasainen, esaterako, lau gune daude txakurrak aske ibili ahal izateko. Halere, beti dago zer hobetu”, aipatu du txakurzaleak. “Iturriak egokituko dira. Txakurrekin luze ibiliz gero, eurei ere egarria sartzen zaie, eta iturriak ez daude beraientzat pentsatuta. Argiteria eta hesitura ere konponduko dira”, zehaztu du. Azkenik, txakurrarekin sartu ezin daitekeen denda eta guneen atariak egokituko dituzte, txakurrak eroso eta seguru egon daitezen zain dauden bitartean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.