Akordiorik gabeko kiroldegia

Akordiorik gabeko kiroldegia

Beñat Alberdi

Agorrosin kiroldegiak oraindik ez dauka kudeaketarako ikuspuntu komunik Bergaran, Elgetan eta Antzuolan. Izatez, Bergarako Udalak martxan jarri zuen abonamendua ordaintzeko erroldatuen eta ez-erroldatuen arteko bereizketa, %30en aldearekin. Bergarako lurretan dago kirol gunea. Beste bi udal gobernuek, ordea, bergararrek bezainbeste ordaindu beharko luketela uste dute, euren herrietako kirol beharrak ase behar dituelako Agorrosinek. 2019ko aurrekontuei jarri zieten helegitea, baina gaia berriz dago mahai gainean 2020an sartu eta gero.

Eztabaida aurretiaz sortu zen, dena den. 2005. urtean erabaki zen kirol gunea eraikitzea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2,1 milioi euro jarri zituen horretarako. “Kopuru horretan sartu zen kirol azpiegiturak garatzeko Elgetari eta Antzuolari zegokien zatia”, azaldu du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriaak. “Eskualde izaerako instalazio izendapena eman zitzaien Agorrosingo igerilekuari eta gimnasioari aldundiarekin sinatutako hitzarmenean”.

Akordioa, hala ere, 2008an iraungi zen. Ordura arte Bergarako Udalak sinatutakoa bete zuela nabarmendu du Gorka Artola alkateak. Baina, ez zion utzi kirol azpiegitura handitzeari. “2007. urtetik dago martxan Agorrosin; 2008an gehitu zitzaion Ipintza futbol zelaia; 2009an, oker ez banago, SPA; eta abar”. Nabarmendu du Bergarak 11,5 milioi euroko inbertsioa egin duela, eta horren %20ra ez dela iristen aldundiaren diru laguntza. Kortabarriaren aburuz, hitzarmena agortu arren aurrerantzean ere “eskualde izaera” izan beharko luke azpiegiturak.

Dena dela, 2010ean erabaki zuen Bergarako Udalak erroldatuen eta ez-erroldatuen artean bereiztea, eraikinak defizita zeukalako. “Bergararrek abonamenduko kostuekin eta udal aurrekontuarekin egiten diogu aurre kostu osoari”, zehaztu du Artolak. “Zentzuzkoa da besteen abonamendu hori erroldatuarena baino handixeagoa izatea”. Bergarako alkateak gaineratu du zerbitzuen kostu erreala kobratzen zaiela ez-erroldatuei, eta ez dela helburu bat inbertsioak amortizatzea.

Beste iritzi bat dauka Antzuolako alkateak egoeraren inguruan. Aipatu du antzuolarrek eta elgetarrek beste kostu bat badaukatela zerbitzuak erabiltzeko, mugitzearena; finean, herrian bertan kirol azpiegiturarik ez daukatelako. Beste kontu bat litzateke defizitarena: “Eraikina egin zenean ez zeukan diru galerarik”, esan du Kortabarriak. “Kudeaketaren ondorioa da, eta guk kudeaketa horretan ez dugu zer esanik izan. Orduan, zergatik ordaindu behar dugu?”.

Helegiterako bidea

2016an hasi zituzten hiru udalek egoera bideratzeko hartu-emanak eta negoziazioak. Mahai gainean ere egon zen proposamen bat, baina uko egin zioten Antzuolak eta Elgetak, diru gehiegi eskatzen zietelakoan. Egoera aldatzen ez zenez, helegitea jarri zioten 2019ko Bergarako aurrekontuei. Zehazki, aurrekontuei barik, ordenantza fiskalei. Han zehazten da zenbat ordaindu behar duten erroldatuek eta ez-erroldatuek. 2019an beste gobernu talde bat zen Bergaran, baina haren oinarriarekin bat egiten dute Artolak eta haren taldeak. “Ordenantza fiskalak egokiak direla uste dugu, beraiek planteatzen duten modura, bergararrek gehiago ordaindu beharko luketelako”.

Hiru udalek elkarrizketarako prest jarraitzen dute, baina akordiorik eza izan da epaitegien bidea zabaldu duena. Akaso epaiak aldatuko du egoera. “Gu beti egon gara hitz egiteko prest, eta, uste dut, noizbait konpondu behar bada, berriro jarriko garela”, azaldu du Kortabarriak. Zentzu berean mintzo da Artola: “Behin epaia mahai gainean izanda, epaia edozein dela ere, hiru udalok hitz egin beharko dugu, eta herritarrei konponbide eraikitzaileak eskaini”. Finean, hiru udal dira euren herritarren interesak defendatzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.