Beldurraren albo kalteak

Beldurraren albo kalteak

Miren Garate

Telelanagatik, aisialdiko ohiturak aldatu egin direlako, eta beste hainbat arrazoiren eraginez, joan-etorriak gutxitu egin dira; gainera, jendeak seguruago ikusten du autoa. Hala, garraio publikoaren erabilera nabarmen murriztu da pandemia hasi zenetik. Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun saileko ordezkarien esanetan, kezka ere pizten die egoerak, etorkizunera begira. “Hasieratik ari gara esaten hobe dela ibilgailu pribatua ez erabiltzea. Segurtasun protokolo guztiak ari gara betetzen, eta berma dezakegu garraio publikoa erabat segurua dela. Erabiltzeko eskatzen diegu herritarrei”.

Gaur-gaurkoz, Gipuzkoan, martxan daude autobus eta tren zerbitzu gehienak. Aldundiak azaldu du Lurraldebuseko autobusetan %65etik gorakoa dela erabilera. Linea guztiak martxan egoteaz gain, maiztasunak ere ohikoak dira dagoeneko. “Loiuko aireportura doan zerbitzua da salbuespena; martxan dugu, baina, ordu erdian behin izan beharrean, ordubetean behin bakarrik dago, ez dagoelako lehen adina hegaldi”. Halaber, konfinamendu garaian eten egin zituzten gaueko zerbitzuak, eta oraindik ez dituzte berreskuratu. “Ez dugu nahi jendea kutsatzea, eta horregatik hartu dugu erabaki hori. Donostian eta inguruko eskualdeetan, langileentzako zerbitzu batzuk mantendu ditugu, baina gainerakoak ez”.

Segurtasun protokoloei lotuta, egunean behin baino gehiagotan garbitzen eta desinfektatzen dituzte ibilgailuak. “Ospitaleen gunetik pasatzen direnak, berriz, zerbitzu bakoitzean desinfektatzen ditugu. Talde bat dugu ospitaleetan horretarako”. Baimenduta dago beste norbaiten ondoan eserita joatea, bai eta zutik joatea ere. “Hasieran, metro karratuko bi pertsonako muga jarri genuen, baina, orain, ohiko aforoa dute autobusek. Hala ere, ikusten badugu agerraldiak ugarituz doazela, berriro jarriko dugu muga hori”.

Diru xehearen erabilera ere murriztu nahi du aldundiak, eta, horretarako, Mugi txartelarekin ez ezik, Lurraldebusen zerbitzu guztiak sakelako telefonoarekin ordaintzeko aukera ipini du. LurTicket aplikazioaren bidez erosten da txartela, eta jasotako QR kodea pasatzen da autobuseko irakurgailutik. “Legez, derrigortuta gaude diru xehearekin ordaintzeko aukera ematera, baina ahal dugun guztia egiten dugu beste aukeraren bat emateko eta dirurik ez erabiltzeko”. Horri lotuta, aldundiko ordezkariek esan dute oso gutxi ordaintzen dela dirutan gaur egun. “Ordainketen %90 Mugi txartelarekin egiten dira”.

Gidariak babesteko manpara batzuk jartzea izan da hartutako beste neurrietako bat. “Bi arrazoirengatik jarri ditugu: alde batetik, gidariak ez kutsatzeko, eta, bestetik, gidariak erasoetatik babesteko”. Hain zuzen, aste honetan eraso egin diote Ekialde Bus konpainiako gidari bati, gazte talde bati maskararik gabe sartzen ez uzteagatik. “Edaria bota zioten, baina, zorionez, manpara jo zuen, eta ez zitzaion gidariari erori; bolantea bakarrik busti zuen”. Hala ere, aldundiaren esanetan, “gertaera oso bakanak” dira halakoak, eta, oro har, jendeak ondo hartu ditu segurtasun neurriak, eta betetzen ditu.

Dbus konpainia ere ari da pixkanaka normaltasuna berreskuratzen Donostia barruko zerbitzuetan. Martxoan, %90 inguru murriztu zen erabilera. “Orain, aurreko erabiltzaile kopuruaren %60-65 artean gaude. Oso datu ona da, eta erakusten du Donostiak garraio publikoaren alde egiten duela argi eta garbi”, esan dute enpresako ordezkariek. Abuztuaren 1ean eta 2an jarriko ditu abian zerbitzu ia guztiak, 39-Urgull, 43-Anoeta-Igara eta 27 Poligonora doan 26 linearen zerbitzua izan ezik. Aurreikuspenen arabera, ordea, erabateko normaltasunera irailaren 7an itzuliko dira, ikasturtea hasten denean.

Aldirietan, %100ean

Trenetan, Renfek ekainaren 11n jarri zituen martxan aldirietako zerbitzu guztiak. Gipuzkoan, aurreko urteetako datuekin alderatuta, %72 ingurukoa da erabilera. Datu horrekin pozik daude enpresan. “Estatuan, aldirietan gehien erabili diren lineetako bat da, baina ez dakigu zergatik”. Esan dute ez dutela aparteko arazorik. “Jendeak segituan barneratu ditu segurtasun neurriak, bai maskararena, eta bai ahal den heinean elkarren arteko distantzia gordetzearena ere”.

Distantzia luzeko trenetan, gehiago igartzen dute eskaeraren beherakada. Hala, Madrilera eta Bartzelonara doazen trenen zerbitzua erdira murriztu dute. Lehen, egunero bi tren joaten ziren bi hiriburu horietara, eta, orain, bakarra joaten da. Madrilerako errefortzu bat ere jartzen zuten asteburuetan, baina hori ere ez dute berreskuratu. “Ez dakigu noiz arte egongo garen horrela. Eskaeraren mende egongo da”. Gauza bera gertatzen da Galiziara doan tren zerbitzuarekin ere, momentuz ez baitago harako trenik. Portugalgo CP konpainiak Irun eta Lisboa artean ematen duen zerbitzua ere etenda dago.

Garraio publikoarekiko mesfidantza sortzeak ardura eragiten die Renfeko ordezkariei ere. “Dugun zerbitzu publikoen kalitatea ikusita, pena litzateke atzera egitea, ez enpresa gisa, baizik eta kontsumo txikiena duen zerbitzu publikoa delako trena, eta autoa hartzea baino seguruagoa ere badelako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.