“Ingurumenari begira, oso une txarrean etorri da pandemia”

“Ingurumenari begira, oso une txarrean etorri da pandemia”

Karmele Uribesalgo Alzola

Ekologistak Martxan-ek Bandera Beltzen txostena argitaratu du. Gipuzkoako bi leku sartu ditu, kutsadura edo kudeaketa txarra izateagatik: Pasai Donibane eta Santa Klara uhartea. Eneko Aierbek (Donostia, 1978) kezka azaldu du kutsadurari eta egungo turismo ereduari buruz, eta erakundeek ingurumena babesteko duten ardura azpimarratu du.

Ekologistak Martxan taldeak bandera beltza eman die Pasai Donibaneri eta Santa Klarari. Zer esan nahi du horrek?

Hamabost urte inguru daramatzagu Bandera Beltzen txostena ateratzen. Ikusi genuen hainbat hondartzatan bandera urdinak banatzen zirela, eta ingurumenari dagokionez bizi den egoera salatzeko hasi ginen bandera beltzekin. Gero ikusi genuen arazoa ez zegoela bakarrik hondartzetan, beste toki askotan ere bazegoela, eta aurten Gipuzkoan banatu ditugun bi banderak, adibidez, ez dira hondartzentzat izan; Pasai Donibanen ez dago hondartzarik, eta Santa Klaran badago, baina bandera ez zaio hondartzari berari eman. Modu horretara nabarmendu nahi genituen Gipuzkoako kostaldean dauden arazo nagusienetako bi. Bat kutsadura da, eta horregatik eman diogu bandera Pasai Donibaneri; eta bestea gestio txarra da. Gure iritziz, Santa Klaran egin nahi duten proiektua da kudeaketa txarraren adibideetako bat.

Beraz, Pasai Donibanek kutsaduragatik du bandera beltza. Zer dela eta?

Saneamenduaren aldetik gabeziak dituzten hainbat puntu daude Gipuzkoan. Pasai Donibaneren kasuan, hainbat etxek, uretatik gertuen daudenek, isurketak egiten dituzte badiara. Hori administrazioak badaki, eta egon izan dira planak egoera konpontzeko, ur zikinak bildu eta tratatzeko. Kontua da behin eta berriz esaten dutela planak egingo dituztela, dirua sartuko dutela, baina huts egin eta egoera ez da aldatzen. Neurriak hartzeko ardura dute batez ere Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko Uraren Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta guk esaten duguna da badela garaia behingoagatik horri ekiteko.

Santa Klararen kasuan, bandera beltzaren arrazoia gestio eskasa izan da. Zergatik?

Guk kezkaz hartu genuen Santa Klaran egin nahi den arte instalazioaren proiektua. Santa Klaran dauden hainbat espezie ez dira ugariak gure kostaldean. Uste dugu proiektu horrek ekar dezakeen ondoriorik argiena dela ahalik eta turista gehien eramatea irlara, horrek ingurunean egin ditzakeen kalteekin. Gainera, aurten biodibertsitatearen urtea izanda, Ekologistak Martxan bereziki ari da gai hori lantzen, eta proiektu hori biodibertsitatearen aurkako eraso moduan ikusten dugu. Horrez gain, Santa Klara biotopo babestua izendatzeko eskatu dugu, uste baitugu hainbat ekintza mugatzeko eta ingurua babesteko modu bat dela.

Orduan, turismoak kalteak eragin ditzake inguru horretan.

Zalantzarik gabe. Guretzat, turismoa kezka iturria da, bultzatzen ari diren turismo eredua erabat xahutzailea delako; ahalik eta urrutien iritsi nahi da, ahalik eta jende gehienengana. Gauzak horrela, ez da bertako ingurumena zaintzen, eta erabat jasangaitza da. Azken finean, jendearen joan-etorriekin batez ere hegaztiak izango lirateke kaltetuak, babeslekua galduko bailukete. Izan ere, gizakiaren presentziak uxatu egiten ditu, ezer ez egin arren, aurrera eta atzera ibilita bakarrik.

Bada beste egoera larririk?

Gehiegi dira. Saiatu izan gara urtero bandera beltzak lekuz aldatzen, atentzioa emateko asmoz. Azken urteetan, saneamenduari lotuta, Mijoa errekari [Mutriku] eman genion bandera beltza. Horrez gain, plastikoen inguruan ere azaldu dugu kezka, gero eta zabor gehiago azaltzen baita itsasoan. Hori dela eta, uste dugu kostaldeko egoera hobetzeko zaborraren kudeaketa zaindu beharko genukeela, lehorretik hasita, bertan sortzen baitugu zabor gehiena. Gipuzkoaren kasuan, errauskailua ere hor dago. Nahiz eta kostaldeko arazoa ez izan, kudeaketa txarraren ikono moduan ikusten dugu. Metroaren kontua ere bandera beltza izan zen, kostaldetik pasatzen delako, eta orain ikusten ari gara arazoak eragin dituela eraikuntzetan. Uste dugu metroa ez dela beharrezkoa, eta gainera ez dela modu egokian egiten ari.

COVID-19ak ere ondorioak utz ditzake. Ohartarazi duzue maskara eta eskularruen agerraldiaz.

Oraingoz ez dugu daturik biltzerik izan, baina kostaldera joanez gero ikusten dugu maskarak eta eskularruak agertzen ari direla. Jendeari erori egiten zaizkio, edo zuzenean bota egiten ditu. Gainera, uste dugu oso garai txarrean iritsi dela, ingurumenari begira. Azken hiletan, Europatik bultzatuta, baita zenbait erakundetatik ere, neurriak ezartzen hasi dira erabili eta botatzeko produktuak gutxitzeko, eta zenbait kasutan erabat debekatzeko. Pandemiarekin, osasuna lehentasun bihurtu da, baita guretzat ere, baina beharrezkoa iruditzen zaigu ingurumena zaintzeko neurriak hartzea: berrerabiltzeko maskarak erabili beharko genituzke, eta pentsatzen hasi ea eskularruak erabiltzen ditugun beste behar ditugun.

Herritarrak ohartzen dira ingurua zaintzeaz duten arduraz?

Denetatik dago. Denok ezagutzen dugu oso kezkatuta dagoen jendea eta oso arduratsua dena. Zorionez, sare sozialen bitartez gero eta gehiago ikusten da herritarrak kezkatuta daudela; salaketak ere egiten dituzte. Hala ere, ezin da ardura guztia herritarrengan jarri. Hezkuntzaren arloan hainbat neurri hartu beharko lirateke, eta erakundeek erabilera bakarreko produktuak mugatu edo debekatu beharko lituzkete. Izan ere, erabiltzerik ez badago, ez dira erabiliko, eta ez dira itsasora iritsiko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.