Irriak eta emozioa bat Gure Zirkuan

Irriak eta emozioa bat Gure Zirkuan

Onintza Lete Arrieta

Izugarria da. Barre egiten duzu, ikusten duzu zer abilezia dauden hementxe bertan, zer desberdinak, eta umeekin etortzeko ere kristoren aukera da. Helduok ondo pasatzen dugu, baina umeek ere bai”. 3 eta 6 urteko umeekin izan dira Gure Zirkua ikusten, asteazken arratsaldean, Orion, herriko bertako familia bat. Seme nagusiari akrobaziak gustatu zaizkio gehien: “Mutil txikia ere atera da monopatinean, eta akrobaziak gustatu zaizkio bereziki semeari. Barre ere egin du, baina pasarte batzuk oraindik ez ditu ulertzen, helduontzako direlako bereziki”.

Aurreko bi urteetan ere ikusi zuten bertako zirkua, eta aurtengo udan bigarrenez ere ikusiko luke gustura. “Merezi du, asko”.

Asteazkenean, toki askotako jendea dago ilaran, karpara sartzeko zain. Denei ezin galdetu nondik etorriak diren, baina bakar batzuei bai: Zarautz, Usurbil, Arrasate, Bergara, Bilbo, Orio…

Esaterako, emanaldiaz gozatzen izan da Hendaian oporretan dagoen Bergarako eta Arrasateko familia bat. Poxpolo eta haren laguna gustatu zaizkie gehien umeei; pailazoak. Helduei,berriz, guzti-guztia. “Musika, ikuskizuna… eta antolakuntza ere bikaina. Demasa izan da”, adierazi du amak. Amonak ere antzeko sentsazioa dauka: “Dena zoragarria iruditu zait, oso lan polita. Benetan pozik nago ikusteko aukera izan dudalako”. Horixe esan, eta Poxpolorekin argazkia ateratzera joan dira. Izan ere, emanaldia amaitu, ateak zabaldu, eta berehala atera dira Gure Zirkuko protagonistak jendea agurtzera eta ume nahiz helduekin argazkiak ateratzera.

Ikuskizun borobila

Saioaz, berriz, zer esan? Zirkuko haurrek iaz ikusleak harrituta utzi zituzten, eta aurten are zirrara handiagoa eragin dute. Ikusle sentiberenak hunkitzeraino. Horretan lagundu du Poxpolok berak ere (Iker Galartza), samur-samur jarri baita kantuan Elene Galartza alabaren emanaldia aurkezteko, eta hura bikain ibili da trapezioan, musika goxo eta samurrak lagunduta.

Bizitasunez beteak izan dira, berriz, beste umeen saioak. Zenbat itzulipurdi eta salto, zenbat uztai, eta zenbat buelta gurpil bakarreko bizikletarekin… Umeek nahiz helduek oso gustura hartu dute zirkuko txikien ikuskizuna. Haurrak adi-adi egon dira magoaren saioari ere, haren trukoak atzeman nahian.

Txalo zaparrada gehienak amaierakoak kenduta Ekainek jaso ditu, malabarrekin. Sekulako ikuskizuna eman du, aurrena kapela dotoreekin, gero baloiekin, ondoren malabarrekin, eta uztaiekin azkenik. Malabarrek hartzen zuten abiadura edonor aho zabalik uztekoa izan da, eta halaxe iritzi diote ikusleek beren esku zartekin. Artista azpeitiarrak aurreratua zuen komunikabideetan malabarrekin ariko zela aurten ere: “Amak esaten dit oso abila naizela eta ez uzteko malabarrak, beraz…”.

Artista guztiek erakutsi dituzte abilezia ikaragarriak. Esaterako, Garazik soka gainean ikuskizun ederra eskaini du, nahiz eta iazkoa gainditzea zaila izan. Agurtzanek ere, zapi berdean gora eta behera, magiaz bete du giroa. Gerri bigunetan bigunena ere han ibili da, eta Don Martinek aurkezle lanak fin egin ditu, Poxpolo bihurria pazientziarekin hartuz. Irri ugari eragin dute Gure Zirkuko pailazoek.

Balioak begi bistan

Kontuak kontu, iaz bezala, aurten ere sumatzen zaio Gure Zirkuari intentzio bat, magiaz eta ikuskizunaz harago doana. Badirudi lantaldeak badituela jaso eta eman nahi dituen balio batzuk, gure kulturaren transmisioan bere alea jarri nahi duela: nabari da euskal kultura eta nortasuna presente dituztela; familiaren eta haurren gorazarrea egiten dutela; eta musika, zirkuan ere, lehen mailan jartzen dutela. Itxura batean, ikusleek eskertu dute. Han aritu dira, Hamalau atso tronpeta jotzen nahiz Gora gora Euskal Herria! abestuz. Amaiera ere kantuan egin dute, baina… Dena ere ez dugu kontatuko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.