%83,1 gutxitu dira ostatuetako sarrerak ekainean

Ekainean, turismo ostatuen sektoreak lehengo jarduerara itzuli nahian jarraitu zuen, baina, iazko datuekin alderatuta, beherakada oso handia da oraindik ere; Gipuzkoan, guztira 22.900 sarrera erregistratu ziren, eta, iazko ekainarekin konparatuta, %83,1 txikiagoa da kopuru hori. Batik bat atzerriko bisitarien artean izan zen jaitsiera: mota horretako bidaiariak %93,9 gutxitu ziren ostatuetan, eta Hego Euskal Herriko eta Espainiakoak %70,6. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak Establezimendu turistiko hartzaileen inkesta argitaratu du aste honetan, eta horiek dira eman dituen datuetako batzuk.

Alarma egoeraren eraginez, sektorea ia-ia guztiz gelditu zen martxoan, ostatuek itxi egin behar izan baitzituzten ateak. Maiatzean hasi ziren pixkanaka berriz irekitzen, eta maiatzetik ekainera bitartean suspertze bat igarri du estatistika erakundeak: Gipuzkoan, 189 ostatu aritu ziren lanean maiatzean —gutxienez egun batean irekita—, eta 358 egon ziren itxita; ekainean, berriz, 346 ostatuk ireki zituzten ateak, eta 203 egon ziren itxita.

Ostatu mota kontuan hartuta ere eman ditu datuak Eustatek: apartamentu turistikoei dagokienez, 31 egon ziren irekita, eta hamasei itxita; hotelen artean, 185 egon ziren irekita, eta 123 itxita; azkenik, 130 landetxe aritu ziren lanean, eta 64k ez zuten egun bakar batean ere ireki. Hoteletan eta landetxeetan, joera antzekoa izan dela esan du estatitistika erakundeak.

Gipuzkoako datuak ez ezik, Arabakoak eta Bizkaikoak ere eman ditu estatistika erakundeak, eta hiru lurraldeetan egoera antzekoa dela nabarmendu du. Hain zuzen ere, EAEko sarreren % 41,2 biltzen ditu Gipuzkoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.