Garai ez hain urrun haiek

BeƱat Alberdi

Martxoan zen argitaratzekoa, baina pandemiak argitaletxeei ere eragin die, eta atera berria da Portuak, Oihana Aranaren lehen lana (Eskoriatza, 2001). Ilargiren bizipenak kontatzen ditu eleberrian. Protagonistak atzera begira kontatzen ditu 11 urtetik 17 urtera bitartean bizi izandakoak, behin nerabezaroa pasatu eta gero. Garai horretan dauden gazteei zuzenduta dago liburua, baina ez da haientzat bakarrik; nerabezaroa duela urte batzuk pasatu zutenei ere balioko dielako, garai ez hain urrun horiek gogoratzeko.

Aranak harreman estua izan du sormenarekin umetatik. Ahizparekin abestien hitzak aldatzen zituen bidaia luzeetan, eta bertsolaritza izan du afizio eta lanabes, hitzekin jolasteko. Eskolarteko hainbat txapel jantzi ditu. Kurioski, eskolako lan batek zabaldu zion literaturarako atea. “Irakurtzeko zaletasuna izan dut DBHko 3. mailatik edo, baina ez nuen idazten”, azaldu du. Ikasgelan, hainbat ipuin irakurri zituzten, eta, gero, ipuin bana idatzi behar izan zuten. Irakasleak proposatu zion Urruzunotarrak Gehituz lehiaketan parte hartzeko.

Eskolarteko literatura sariketa bat da Urruzunotarrak Gehituz: gazteen artean literatura zaletasuna eta sorkuntza sustatzea du xede, besteak beste. Bere lana aurkeztu bakarrik ez; saria ere lortu zuen Aranak: bost eguneko literatur egonaldi bat Zugarramurdin. Hurrengo urratsak egiteko balio izan zion.”Joan nintzenean, buruan neukan ni ipuin bat idatzi zuen pertsona bat nintzela, saritu zutena, eta kito, besterik gabe”, zehaztu du Aranak. “Egonaldian, konturatu nintzen bazela mundu bat benetan beteko ninduena, eta benetan gustura egongo nintzena. Klik garrantzitsua izan zen”.

Bost egun igaro zituzten idazleen munduan sartuta eta idazleen esperientziak entzuten: esaterako, Yolanda Arrietak idazteko metodologiak azaldu zizkien, eta Itxaro Bordak tour bat egin zien Baionan. Begiraleaz gain, idazle baten konpainia izaten dute egonaldian, eta, kasu honetan, Fernando Morillo idazle azpeitiarra izan zuten bidelagun. Haren eskutik iritsi zen hurrengo urratsa.

Liburuaren proposamena

Aranak nabarmendu du zerbaitetara lotzeko beharrezkoa iruditzen zaiola bertan lanean dabilen jendearekin harremana izatea eta mugitzea. Morillok deitu zuen egonaldia bukatu eta hurrengo egunean: “Nerabeentzako liburu bat idazteko eskaini zidan”. Horrela hasi zen argitaratutako eleberria.

Eskoriatzarrak bazekien adin konplikatu horretan daudenentzat idatzi behar zuela; zehazki zeri buruz idatzi behar zuen ez, hala ere. Hasieran, mutil baten historia idaztea zeukan buruan. Bertan behera utzi zuen, nahikoa jakin ez, eta ikertzeko astirik ez zeukalako. “Nik gazte literatura misterioarekin lotzen nuen”, esan du idazleak. “Genero gehiago badaude. Horrelakorik ez nuen nahi. Nerabeentzako liburua nerabeei buruz idatzi dut”.

Beste arantza bat ere atera zitzaion hasierako bidean. Garai horri buruz idazteko, halaber, bizipen propioak bururatzen zitzaizkion. “Ez nituen niri jazoak sartuko. Errazegia izango zatekeen niretzako, eta ez nuen neure burua horrenbeste erakutsi nahi”. Orduan, zer esperientziatara jo daiteke? “Oro har pasatzen direla dakizun gauzak dira; pasatu zitezkeenak. Esaterako, niri ez zitzaidan aitona hil nerabezaroan, baina nire ingurukoei bai”.

Oinarria jarrita, gaia zein izango zen ere zehaztu zuen: harremanak. Azaldu du adin horretan gehien aldatzen den puntua dela harremanena; ez bakarrik ingurukoekin duten tratua, baita gorputzarekin eta heriotzarekin duten harremana ere. “Etorkizuneko Ilargik kontatzen du istorioa”, zehaztu du Aranak. “Pixkanaka azalduz joaten da aldaketa horiek nolakoak izan ziren, eta nola kudeatu zituen”.

Prozesua eta emaitza oso positiboak iruditzen zaizkio eskoriatzarrari. Batetik, irakurle amorratua izanik, ipuin bat idatzi zuen, eta, gero, liburu bat ere bai. Horrek ikasteko balio izan dio. Bestetik, liburu arina idatzi du; arina, baina ez sinplea: “Adin horretan norbaitek [Bernardo] Atxaga irakurriz gero, segur aski, ez du gozatuko. Irakurterraza den zerbaiten bidez, errazagoa izango da lotura bat sortzea literaturarekin eta sormenarekin”.

Nerabeen ikuspuntutik

Garbi dauka ez duela inoren nerabezaroa “salbatuko”, baina helduleku bat eskaini diezaiekeelakoan dago. “Ezin da denen isla izan”, gaineratu du. “Ikusiko dute nerabezaro bat galdera berak eta beste erantzun saiakera batzuk dituena. Bakarrik ez daudela ikusteko modu bat da”.

Liburua bera ere lehen urratsak egiten ari da, eta oraindik ikusteko dago nora iritsiko den. Hala ere, Fernando Morillok berak, proiektua planteatu zuenean bertan, buruan zeukan gerora eskoletan erabiltzea. Horrek zerikusi zuzena dauka irailean argitaratu beharrean uztailean kaleratu izanarekin. “Polita izango da eskoletara eramanez gero. Ikusiko da balioko dien ala ez”.