Ez gaitezen higuingarriak izan!

Leire Narbaiza

Kanpineko igerilekuan nago, gerizpetan arratsaldeaz disfrutatzen. Oso ondo dago guztia prestatuta pandemia sasoirako, eta hiru metroko distantzia mantendu egiten da hamaka artean. Eskerrak! Zeren nire ondoan dagoen ama bartz-orrazia (liendrera: zorriak izan edo, egoteko susmoa edukiz gero, erabiltzen den hortz estuko orrazia) ari zaion pasatzen semeari. Haluzinatuta nago, orrazi pasada bakoitzeko, paper baten gainean astintzen baitu, eta atzazalekin bartz edota zorriak akabatu. Higuingarria leku publiko baten.

Gauean bertan, familian afaltzen gabiltzala, gaiaz jardun dugu. Pasadizoa erabili dugu umeei esateko zer den onargarria eta zer ez leku publiko baten gaudenean. Aprobetxatu dugu jakinarazteko jatorduetan ezin dela ahoa zabalik jan, gureetako bat hala dabilelako ahokoa besteoi erakusten eta zaratak egiten murtxikatzean. Hori ere nazkagarria dela adierazi diogu, oso konforme geratu ez bada ere. Edukazioa ona dela esan arren, ez du ulertzen ondo, eta eztabaidan ibili gara.

Orduan, horrelako nardagarrikeriak etorri zaizkigun burura, ranking bat egin nahian bagenbiltza legez. Aurreko baten ikusi eta entzundakoa gogoratu dut: udako egun eguzkitsua, parkean paseatzen genbiltzan, eta klak-klak-klak entzuten zen. Hurreratu, eta zer izango? Gizon bat atzazalak mozten bankuan! Baina nori otutzen zaio halakorik? Irten egin behar da, gero, asmo horrekin kalera! Zelako enpagua hots hutsa entzunda!

Norbaitek esan lezake atzazalena ez dela hainbesterako. Baliteke. Higienikoa, behintzat, ez da. Antihigienikoagoa da, zalantzarik gabe, txakur kakak ez jasotzea. Hori nazkagarrikeria handienetakoa da. Oinez espaloian, eta mokordoa jaso barik. Zapalduz gero, zorte ona dakarkigula esan, kontsolatze aldera. Itzela. Halako hamaikatxo anekdota nardagarriak dituzte lorezainek, herrietako zelaietan belarra mozten ibiltzen direnean kirten luzeko makinarekin. Puntan helize zorrotz bat du, eta mina batekin topo egitean, goitik behera zikintzen dira gorotz zipriztinez langileak, zergatik, eta jabe burubakoek txakurrak “berdean” kaka egitea nahi dutelako, ekologiaren aitzakian gorozkia ez jasotzeko. Alfer berekoiak besterik ez dira txakurdun zikin horiek.

Segituz gero higuingarrikeriekin, top 3an sartuko nukeena lehenengo postuan ez bada, kalean tu egitea da. Karkaxaren zarata, gorrodun txistu hori, eta jaurtitze-hotsa baino gauza lohiagorik gutxi, nahiz eta umeen eredu diren futbolari hiper aberatsek ere egin futbol zelaian. Ez da edukazio edo sentsibilitate kontua soilik, osasunarekin ere badu zerikusia. Kerru horretan birus eta bakterio asko egoten direlako. Beti pentsatzen dut, laprast egin eta karkaxa baten gainean jaus gintezkeela… Gurpil aukian dabilen bati irakurri nion eskuak erroberetan jartzen dituztela, eta tu horiek ukitzen dituztela. Aj! Lagun baten amak esaten duen bezala: pena ez dutela errebotatzen ta pla! aurpegian eman jaurtitakoari. Justizia litzateke.

Sasoi asaldagarriak bizi ditugu, hala da. Inoizkorik gehien gabiltza zaintzen higienea eta garbiketa. Eten barik geure buruaz eta elkar zaintzeaz dihardugu, baina badirudi oinarriko edukazio kontuak ez ditugula barneratzen erabat. Bada, edukazioa eta hurkoarenganako errespetua ere zaintza da, ez dezagun ahatz.