“Inoiz plazara etorri ez diren gazteak ari dira etortzen”

“Inoiz plazara etorri ez diren gazteak ari dira etortzen”

M. Garate

Harri jasotzea, aizkora, txingak, giza proba eta korrika uztartzen dituen proba da pentatloia, “fisikokiko oso gogorra”, Garikoitz Etxeberria (Villabona-Amasa, 1982) antolatzailearen esanetan. Horregatik edo, erakargarri zaie gazteei, eta herri kiroletara joan ohi ez direnak ere bertaratu dira aurreko urteetako probetara. Hamabost partaide izango dira aurten: Xabier Zaldua, Beñat Amade, Joxean Olaskoaga Aizperro, Andoni Iruretagoiena Izeta VI, Xabier Orbegozo Arria V, Ousmane Drame, Iñaki Errazkin, Aratz Mugerza, Jon Gisasola Zelai V, Daniel España, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Jagoba Otaegi eta Unai Ardeo. Bihar jokatuko dute lehen kanporaketa, Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan, eta sei onenak sailkatuko dira irailaren 26ko finalerako. Leku berean izango da hura ere.

Hirugarren aldiz antolatu duzue Euskal Pentatloi Saria. Indarra hartzen ari dela esan daiteke?

Bai, puri-purian dagoen gauza bat da, eta esango nuke aurten oraindik eta gehiago, herri kiroletan egingo den gauza bakarretakoa delako. Egoera honek ez ditu gauzak errazten, baina uste dut gauzak ondo egiten saiatu eta aurrera egin behar dugula.

Erraz onartu ohi dute kirolariek pentatloian parte hartzeko gonbidapena, edo konbentzitzen jardun behar izaten duzu?

Beraiek deitzen didate normalean; gainera, kirolarien atzetik ibili beharko banu, ziurrenik ez nuke ezer antolatuko. Proba oso gogorra da, fisikoki asko eskatzen du, eta nik konbentzitzen jardun eta gero zerbait pasatuko balitzaie… Ez dut uste atzetik ibiltzeko moduko proba bat denik.

Hamabost kirolari ariko dira bihar, eta aurreko urteetan parte hartutako gehienek berriro eman dute izena. Seinale ona izango da hori zuretzat, ezta?

Bai, kirolari gehienek errepikatuko dute, eta berriak ere izango dira; noski, pozgarria da hori. Hamasei kirolari ziren izatekoak berez, baina Luis Mari Txapartegi min hartuta dago, eta ez da izango azkenean. Hiru laguneko bost txanda izango dira, eta sei onenak sailkatuko dira finalerako.

Emakumerik ez dago parte hartzaileen artean.

Egia da, eta ez da gai erraza. Ni neu urteetan ibili naiz nesken giza probako entrenatzaile, baina proba honetan dauden lanekin oso zaila ikusten dut kontua. Egin beharko litzateke lanak jaitsi, baina horretarako ere gutxieneko partaide kopuru batek egon beharko luke. Jendea animatuko balitz, gustura lagunduko nuke antolaketan.

Zer lan egin beharko dituzte kirolariek bihar?

Harriarekin, hamar jasoaldi ehun kiloko bolari; giza proban, plaza bat; aizkorarekin, 54 ontzako bat eta 45 ontzako bat; txingekin hiru plaza; eta korrika, kilometro bat. Finalean, berriz, lan handiagoak izango dira. Orain arteko bi txapelketak Xabier Zalduak irabazi ditu, eta orain ere faboritoetako bat da, baina uste dut aurten lehia handia egongo dela: hiruzpalau lagun maila oso onean ikusten ditut.

Binakako Pentatloi Txapelketa ere egin zenuten uztailean. Zer moduz atera zen?

Banakakoa urtero egiten da, eta iaz pentsatu nuen binakakoa antolatzen ere saiatu behar nuela. Zezen plaza behar izaten da pentatloirako, eta Tolosako Udalarekin hitz egin nuen. Proposamena gustatu egin zitzaien, antolatu genuen, eta ondo atera zen.

Zeu aritzen zara batik bat pentatloiak antolatzen. Nondik nora hasi zinen?

Beti ibili izan naiz herri kirolen munduan, bai kirolari moduan, bai federazioari laguntzen eta abarretan ere. Honetarako ere gonbidapena egin zidaten, eta gustura egiten dut. Jada hirugarren urtea da. Lan handia da, izugarria, eta aurtengo egoerarekin buruhausteak eta kezkak ere gehiago dira, baina oraingoz dena ondo doa.

Aurreko urteetako probei begiratuta, zer nabarmenduko zenuke?

Inoiz plazara etorri ez diren gazteak ari dira etortzen pentatloia ikustera: hori ari gara lortzen, jende berria egotea ikusleen artean. Apusturen bat-edo egiten denean, normalean, beti jende bera ikusten da, eta iaz, adibidez, gazte pila bat zeuden zezen plazan. Bost lan diferente izaten dira, denak jarraian egin behar dira, kirolarientzat oso zaila da, eta horrek erakarri-edo egiten ditu; orain hainbesteko arrakasta duen crossfit-aren antza-edo hartzen diote gazteek.

Zenbat ikuslerentzat izango da lekua?

Gehienez ere mila laguntzat. Aurreko urteetan 1.500ekoa izaten zen muga. Eserlekuen arteko tartea markatuta egongo da, eta ikusleek maskara jantzita izan beharko dute denbora osoan. Sarrerak salgai daude Azpeitiko Mendizabal tabernan, Tolosako Kantabrikon eta Aiako Izeta sagardotegian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.