Mauken arteko jardun isila

Mauken arteko jardun isila

Rebeka Ruiz

Hondarribiko Katuak taldeak mauken artean egiten du lan. Katuen koloniak zaintzea eta populazioa kontrolpean izatea da elkartearen helburu nagusia. Maiatza bukaeran ezagutarazi zuen bere burua elkarteak, baina urte hasieratik aritu dira udalerriko kaleko katuak zaintzen, elkartearen izenean. Beste izen batekin aritu da taldea katu koloniak zaintzen, isilpean, 2017ko udazkenaz geroztik.

Katuak elikatzen, albaitaritza zerbitzua ematen, emeak antzutzen eta arrak zikiratzen aritzen dira egunerokoan, Irati Garcia elkarteko kideak azaldu duenez. Adopzioak ere kudeatzen dituzte. “Luzera begirako lana” da egiten dutena, Iratin esanetan, udalerrian dauden katu koloniak egonkorrak eta handiak baitira. Erantsi du zauritutako animalia baten abisua jasotzen dutenean ere martxan jartzen direla: “Edozein momentutan larrialdi dei bat jaso dezakegu”.

Katuaren egoeraren eta izaeraren arabera, prozedura ezberdina dela ere azaldu du. Katua harrapatzea, esterilizatzea eta berriz ere askatzea da aplikatutako metodoa, hori baita “era eraginkorrena” populazioa kontrolatzeko. “Irakurleek uler dezaten: pentsa eme batek urtean hirutan erdi dezakeela, eta erditze bakoitzean hiru eta bederatzi katakume artean izan ditzakeela. Aldi berean, katakume horiek ugaltzeko prest egongo dira sei hilabeteren bueltan. Abiapuntua ikusirik, uler daiteke ezinbestekoa dela esku hartzea superpopulazioa kontrolatzeko”, esplikatu du.

Baina ez hori bakarrik: katuen ongizatea ere bermatzen du haien lanak. Auzokideekin harremana errazagoa izaten da, eta, euren metodoari esker, saihestu egiten dituzte oharak eragin ditzakeen eragozpenak, eta arrak eme bila ez joatea lortzen dute, errepideetan izan daitezkeen istripuak gutxituz.

Halaber, harrapatutako katuen artean basatiak eta gizartekoiak bereizten dituzte. Ezinbestekotzat jotzen dute basatiak etxe batean ixtea, eta bigarrenei, berriz, harrera etxe bat edo adopzio bat bilatzen saiatzen dira, egokitzapen prozesu baten bitartez. Aurten, gainera, aukera izan dute katakume ugari kaletik ateratzeko, Garciaren arabera. Gustura agertu da horrekin, nahiz eta zapore gazi-gozoa duen; izan ere, aste honetan bertan, salaketa bat aurkeztu behar izan dute, askatutako hainbat katu aurkitu dituztelako Irungo Belaskoenea auzoko tren geltokian, poltsa baten barruan.

Katuen aldeko amarauna

Hondarribiko Katuak taldeko kideak eskertuta agertu dira harrera etxeek eta boluntarioek egindako lanarekin. Garciak onartu du “oso zaila” dela sarea sortzea, baina balioa eman nahi izan dio bidean aurkitutako pertsonek egindako lanari: “Haien inplikazioa primerakoa izan da”.

Elkarte gisa eratuta dago taldea, eta Hondarribiko Udalaren babesa du proiektuak. “Udala da herrian agertzen diren jaberik gabeko animalien arduraduna, eta eskertuta gaude, arazoa modu etikoan eta arduratsuan kudeatzen ari delako”. Hala ere, elkartekidearen iritziz, lan asko dago egiteko: “Koloniak babesteko kartelak jartzea, adopzioak sustatzeko atal proioa sortzea udalaren webgunean…”.

Gauzak horrela, proiektuan parte hartzera animatu ditu herritarrak; “kolaborazio modu ezberdinak kontsultatzera”. Izan ere, baliabide ekonomikoetan mugan dago taldea, udalak diru laguntzaren %60 aurreratzen baitu soilik. Hala, Garciak deitoratu du zaila egingo zaiela lanarekin jarraitzea baliabide gehiago bildu ezean: “Ezin ditugu fakturak pilatu kontrolik gabe”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.