“Musikak beste ezerk baino lan handiagoa ematen dio garunari”

“Musikak beste ezerk baino lan handiagoa ematen dio garunari”

Karmele Uribesalgo Alzola

Astelehenean abiatu zen Do Re Ni ikerketa, Xabier Lizaso piano jolearen eta ikerlariaren gidaritzapean (Orio, 1965). Lizasoren sorterrian, test kognitiboak eta psikiatrikoak egingo dizkiete 102 boluntariori, aztertzeko musikak zer eragin duen garunaren estimulazioan, besteak beste. Urte amaierarako espero dituzte ikerketaren emaitzak.

Aste honetan ekin diozue Do Re Ni ikerketari. Zertan datza?

Astelehenean eman genion hasiera ekintzari. Lehenik eta behin, test kognitiboak eta psikiatrikoak egin genizkien boluntario guztiei. Parte hartzaileak bi taldetan banatuta daude: horietako batzuek Do Re Ni esperientzia biziko dute, eta besteek, ez. Hilabete iraungo du estimulazio programa horrek; urriaren 4an amaituko da, eta, orduan, berriz pasatuko dizkiegu testak. Espero duguna da esperientzia bizi izan dutenek emaitza hobeak ematea garunaren estimulazioari dagokionez jaso ez dutenek baino.

Zergatik da hain beharrezkoa horretan jardutea?

Garunak momentu batzuetan beste une batzuetan baino lan handiagoa egiten du. Hori logikoa da, baina, erresonantzia magnetikoaren iritsierarekin, neurozientziaren zutabeak erori egin ziren. Izan ere, harritu egin ziren jakitean zer hiru momentutan duen jardunik handiena: lo gaudenean, begiak itxita ditugunean eta musika egiten ari garenean. Hiru une horietan jo eta su egoten da lanean.

Esan ohi da musika garuneko gimnasia dela. Gaur egun, kirola oso barneratuta dago gure bizitza estiloan, baina garuna zaintzeari oraindik ez diogu horrenbesteko garrantzirik ematen. Azken urteetan, argi gelditu da musikak beste edozerk baino lan handiagoa ematen diola garunari, eta gai inportantea dela.

Hala ere, ezer gutxi dakigu. Hemen, musikarekin harreman zuzenena tabernetan izan ohi dugu, eta, gehienez ere, kulturan ematen zaio garrantzia. Baina ikusi da zientifikoki musikak beste balio bat ere baduela, eta horretan hasi nahi dugu: bide bat irekitzen Euskal Herrian.

Zein da Do Re Niren helburua?

Hein batean, harrikada mental bat ematen du, baina, nolabait, Do Re Niren lehen helburua garuna estimulatzea da. Bigarren helburua musika domeinu ez musikaletan erabiltzea litzateke. Aldarrikatu izan dut aberasgarria izan daitekeela goi mailako futbolariek entrenamendu musikalak egitea. Izan ere, jokalari batek gaitasuna baldin badauka erabaki azkarrak hartzeko, bere aurkariak baino bizkorragoa izango da, lehenago hasiko baita korrika. Ondorioz, lehenago iritsiko da baloiaren bila, edo posizio hobea hartuko du zelaian. Hori ez du lortuko azkarragoa delako, baizik eta erabakia lehenago hartu duelako.

Azken urteetan, ikusi da musika egiten duten pertsonek erabakiak azkarrago hartzen dituztela egiten ez dutenek baino, erabaki asko eta ikaragarri azkarrak hartu behar izaten baitira. Beraz, futbolari bat musikarekin entrenatzen baduzu erabaki azkarrak hartzeko, lortu dituen ahalmenak beste domeinuetara migratu ahal izango ditu. Gauza bera gertatzen da gimnasio batean muskuluak indartzen dituzunean: hartutako indarrak ez du soilik kirola egiteko balio; bizitzako gainerako alorretan ere erabilgarria izango da.

Hori ikusita, futbolariak musikarekin entrenatzen hasi dira Alemaniako talde batean. Athleticeko jokalariak, berriz, loarekin hasi dira lanean, horrek ere lan handia ematen baitio garunari.

Zergatik ikusi duzue ikerketa hau egiteko premia?

Niri hau errebotez iritsi zait. Pianista profesionala naiz, eta umeentzako emanaldiak egiten hasi nintzen. Emanaldi horietan, oso emaitza harrigarriak lortu ditugu. Eskoletan esaten zidaten harrituta zeudela umeek izandako erantzunarekin. Ez nuen sinesten, baina, datu horiek hamar urtez errepikatu ostean, hasi nintzen ohartzen musikaren esperientzia batek alor horretatik oso urrun zeuden domeinu batzuk lantzen zituela.

Mututasun selektiboa duten haurrekin egin dut topo, adibidez. Hitz egiten badakite; etxean normaltasun osoz hitz egiten dute, baina eskolara joaten dira, eta erabakitzen dute ez hitz egitea. Gertatu izan zait piano saio bat eman eta ume horiek hitz egiten hastea. Ez ditut horrelako milaka kasu izan, baina batzuk bai. Oso miresgarria da, eta konturatzen zara musikarekin zerbait gertatzen dela. Izan ere, nik helburu hori izan gabe jendeak horrelako lorpenak egiten ditu, eta pentsatu izan dut mirari txiki bat jazo dela.

Neurozientzialariek ezer gutxi dakite, oraingoz, gai horren inguruan, baina dakiten gauzetako bat da musika ikaragarri inportantea dela. Beraz, asko dago egiteko.

Ikerketa Do Re Ni proiektuaren barruan dago. Zer-nolako ekintzak egiten dituzue?

Adibidez, 18-19 urte daramatzagu udaleku musikal batzuk egiten. Hasieran, helburu bakarra musikala zen, baina denborarekin ikusi nuen musikak bide ematen zuela beste gauza batzuk lortzeko. Kontzientzia pixka bat hartzen hasiak gara, eta jendea konturatzen ari da musika ez dela kultura bakarrik: terapia moduan ere erabil daiteke, baita goi mailako kirolean ere, esate baterako. Zaila da ulertzen; niri ere kostatu zitzaidan, baina horretan eragitea da elkartearen helburuetako bat.

Eta, aurrera begira, beste proiektu batzuekin ere ari gara lanean. Beste herrialde batzuekin elkarlanean aritzeko asmoa ere badugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.