Apotako ehiza postuak berritu dituzte, denboraldia hasi aurretik

Apotako ehiza postuak berritu dituzte, denboraldia hasi aurretik

Laida Goiburu

Ehiza denboraldia hastear dago. Laster Goierriko hainbat ehiztari usoak, birigarroak eta oilagorrak ehizatzera irtengo dira mendietan ezarrita dauden postuetara. Abuztuan Apotako zazpi posturi eraso zioten, eta Gipuzkoako eta Arabako Patzuergoak erabilgarri jarri ditu orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren hobekuntzetarako funtsetik jasotako diruarekin.

Amaia Junquera Gipuzkoako eta Arabako Patzuergoko presidenteak azaldu du “oso kaltegarria” izan dela erasoa: “Ez dugu ulertzen nondik datorren, ezta zer nahi duten ere”. Abuztuaren 8ko asteburuan izan zen gertaera. “Ehiztari batzuk eremua ikustera joan ziren, eta konturatu ziren Apota ehiza lerroko zazpi postu erorita edo erdi erorita zeudela”. Ehiza denboraldiari hasiera emateko enkantea eta zozketa irailean izaten direnez, aldundiarekin hitz egin eta konpontzeko erabakia hartu zuten. Zozketa patzuergoko herrien artean egiten dute, eta gainontzekoak enkante bidez esleitzen dituzte: “Batzuengandik dirua jasotzen dugu eta beste batzuengandik ez, baina erabaki genuen denei erantzuna ematea”, azaldu du.

Hasiera batean konponketek 100.000 euro inguruko kostua izango zutela kalkulatu zuten. “Horrenbeste ez da izan, baina patzuergoaren aurrekontuan ez zegoen horretarako dirurik, eta aseguruak ez du ordaintzen”. Patzuergoak ezin zuen diru hori ordaindu, eta Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten: “Hobekuntza funtsetik jaso dugu; ehizatik ateratzen da diru hori, enkanteko diruaren portzentaje bat horretara bideratzen da, eta patzuergoko beharretarako erabiltzen da”. Aldundiak “arduraz jokatzeko” eskatu zien, eta postu bakoitzak zer konponketa behar zuen aztertzen hasi ziren ondoren. Izan ere, postu guztiak ez zeuden botata. “Guztiz erorita ez zeuden postuak tente jarri, eta diru gutxirekin ondo jarri genituen, baina, beste batzuk erorita zeudenez, desmuntatu egin behar izan genituen”. Apota 9 postua, adibidez, erabat erorita zegoen. “Aldamioak zaharrak ziren, eta ez zeuden homologatuta. Berritzea 21.000 euro ziren, eta erabaki genuen ezin genuela hori gastatu, ez konpontzea”. Apota 9, beraz, konpondu gabe utzi du patzuergoak.

Postuak txandakatu egiten dituzte urtero: denboraldi batean bakoitiak izaten dira enkantean eta bikoitiak zozketan; eta alderantziz. Aurten, Apota 9, konpondu ez dutena, patzuergoko ehiztarientzat izan behar zen. Guztira, 52.000 euro erabili dituzte konponketak egiteko. Junquerak azaldutakoaren arabera, Apotako lerroa ez da posturik onena. “Lerroa oso ona da orokorrean, baina hobeak ere badaude”, dio Gipuzkoako eta Arabako Patzuergoko presidenteak.

Horiek konponduta, irailaren 4an patzuergoko herrien artean zozketa egin zuten, eta igande honetan enkantea egingo dute, postuak esleitzeko. Enkante horrek aldaketak izaten ditu prezioari dagokionez, ehiztari bakoitzak ordaindu nahi duenaren araberakoa izaten baita prezioa. 15.000 euro ordaindu duenik badago, eta beste batzuek 6.000 euro ordaintzen dituzte. Gehien ordaintzen duenak dauka posturik onena hartzeko aukera. Junquerak azaldu du diru sarrera garrantzitsua dela patzuergoarentzat enkantetik jasotakoa: “Diru sarrerarik potenteena da”. Patzuergoko herri ehiztariek, aldiz, ez dute dirurik jartzen. “Tasak ordaindu eta zozketan sartzen dira zuzenean”.

Aspaldiko kudeaketa

1404an Gaztelako Enrike III.ak Gipuzkoari lurralde batzuk eman zizkion, eta bertako agintaritzak Segurako herriari saldu zizkion. XV. mendean ere Asparrenak, Zalduondok, San Millanek eta Agurainek lurrak erabiltzeko eskumenak lortu zituzten. Gaur egun, Gipuzkoako eta Arabako Patzuergoa sei herrik osatzen dute: Segurak, Zerainek, Zegamak eta Idiazabalek, Gipuzkoan; eta San Millanek eta Asparrenak, Araban. Segurako Udala da patzuergoaren lurraldearen erdiaren jabe, eta, haren ondoren, Idiazabalek du zatirik handiena; haien, atzetik, Zegamak, San Millanek, Asparrenak eta Zerainek. Seguran dago patzuergoaren egoitza nagusia, eta sei herriren artean banatzen dute lehendakaritza. Aurten, Amaia Junquera Zeraingo alkateari egokitu zaio presidente kargua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.