Bizikletan eta gogoetan Sevillaraino

Bizikletan eta gogoetan Sevillaraino

Aitziber Arzallus

Abian da Elkano-Magallanes txirrindularitza espedizioa. Bost laguneko taldea asteazkenean irten zen Getariatik, eta, ondo bidean, Iberiar penintsula zeharkatu, eta hilaren 19an iritsiko da San Lucar de Barramedara ( Espainia). 11 etapatan, 1.605 kilometro egingo dituzte bizikletaz, Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako lurraldeetan (Espainia) barrena; Elkanok, Magallanesek eta haien kideek duela 500 urte egin zuten lehen mundu biraren historiaren parte izan ziren lurraldeetan, alegia. Elkano fundazioak eta Andaluziako Juntak elkarlanean garatutako egitasmoa da, eta Basquetourren, Getariako Udalaren eta Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako junten laguntza izan dute.

Ibilbidea bizikletaz egingo duten arren, ez da izango kirol espedizio bat, “gogoetarako espedizio bat” baizik, Ion Irurzun Elkano fundazioko zuzendari eta espediziokidearen hitzetan: “Fundazioaren helburuetako bat zera da: hausnarketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoa bultzatzea, eta, horretarako, iruditzen zait baldintza egokiak sortu behar direla”. Eta uste du bizikletak horretarako bidea ematen duela. “Iaz belaontziz egin genuen zeharkaldian, argi ikusi genuen hori. Itasoan, bakarrik eta kanpoko estimulurik gabe, gogoetara jotzen duzu, eta bizikletan ere, nire irudipena da, gauza bera gertatuko zaigula”. Irurzunen ustetan, “kirola, sakrifizioa eta izerdia tartean daudenean, nahiz eta fisikoki astindua hartu, burua baretu egiten da, eta gogoeta egiteko testuinguru paregabea sortzen da”.

Hain zuzen ere, horixe izango da Elkano fundazioaren zuzendariak izango duen zeregin nagusia espedizioak irauten duen bitartean: parte hartzaileak gogoetara bultzatzea. “Hasieran, talde kohesioa eta talde lana bultzatzeaz arduratuko naiz, parte hartzaileok ez baitugu elkar ezagutu ere egiten”. Dena dela, ez du uste asko kostatuko zaienik, eta segituan “talde” izateko itxaropena du. “Izan ere, batzuk kafea hartzera joaten diren bezala, besteak bizikletan ibiltzera joaten dira kontu kontari aritzeko”. Irurzunen esanetan, bizikleta “bitarteko aproposa” da harremanak sakontzeko.

Behin taldea eginda, gogoeta egiteko guneak sustatzea izango da Irurzunen lana. “Bizikleta gainean sortuko dira horretarako aukerak, baina geldialdiak ere baliatuko ditugu”. Horretarako, hainbat dinamika prestatzeko asmoa du, badaudelako espedizioan bereziki jorratu nahi dituzten bost gai: 500 urte hauei begira jarrita, zirkumnabigazioak izan dituen ondorioak; itsasoaren eta planetaren iraunkortasuna; kultura aniztasuna; sakrifizioaren balioa, eta aldaketetara egokitzeko gaitasuna. “Taldekideek oso ondo dakite zertara doazen, eta badakite gai horietaz hitz egitera bultzatuko ditugula”.

Ibilbideko hitzorduak

Ibilbidean, badituzte aurreikusitako hitzorduak ere. “Burgosen, esaterako, Giza Garapenaren Museoan, elkarrizketa informal bat aurreikusita daukagu; eta, beheraxeago, filosofo batekin elkartuko gara”. Espediziokideen gogoetak aberastea da bidean izango dituzten ekarrizketa horien helburua. “Kontua ez da izango haiek guri egia biribilak kontatzea eta guk bete-betean irenstea; izan ere, guk landuko ditugun gaien inguruan edozeinek dauka zeresana, eta iritzi eta pentsaera guztiak dira balekoak”.

Irurzunen arabera, “punta-puntako” taldea osatu dute espediziorako. “Begirada eta ikuspuntu anitzak dituen jendea elkartzea nahi nuen nik, bizipenak izan dituena, ekarpena egin dezaten, eta, zentzu horretan, lortu dugula uste dut”. Irurzun beraz gain, beste bi euskal herritar ari dira espedizioan parte hartzen: bat, Josu Iztueta (Tolosa, 1957), bidaiari eta abenturazalea, eta Nairobitarra proiektuaren sustatzailea; eta bestea, Ana Zamorano (Sodupe, 1992), bidaiazalea, argazkilaria eta bideo dokumentalen egilea. Andaluziarren soslaia, berriz, “oso bestelakoa” da Irurzunen arabera. Bata, Emilio Martin, kirolari profesionala da, duatloian munduko txapeldun birritan izana; eta bestea, Nacho Dean, naturalista, esploratzailea, dibulgatzailea eta munduari bira oinez eman dion lehenbiziko pertsona.

Ulertu, hobetzeko

Espedizioa hasteko bezperan, “gogotsu” zegoen Izutueta. “Kirol erronka bat izan balitz, ez nukeen parte hartuko, aspaldian gutxi ibiltzen naizelako bizikletaz; baina gogoetarako espedizio bat izateak baiezkoa ematera bultzatu nau”, azaldu du tolosarrak. Gaineratu du orain arte egin izan dituen bidaien ondoan desberdina behintzat izango dela. “Ni ohituta nago bidaia antolatzen duena izatera, eta, oraingoan, itsu-itsuan noa, prestatutako bidaia batera joango banintz bezala”.

Batez ere, espediziokideengandik ikastera doala azaldu du Iztuetak. “Nahiz eta elkar ez dugun ezagutzen, badakit bizi esperientzia handia eta interesgarria duten kideak direla gainerakoak, eta haiei entzuteko irrikaz nago”. Aitortu du gogoetarako ezarri dizkieten gaiek ere asko erakartzen dutela. “Uste dut espedizioak balioko digula duela 500 urteko gizartea eta bizimodua nolakoak ziren hobeto ulertzeko”. Lehen aldiz munduari bira eman zion espedizio hartako kide izan zen bere herrikide Pedro de Tolosa izan du gogoan Iztuetak. “Esate baterako, jakin nahi nuke zerk bultzatu zuen tolosar bat espedizio hartan parte hartzera”. Iritzi dio gauza horiek jakiteak lagunduko lukeela orduko mundua eta gaur egungoa hobeto ulertzen. “Erraza da gaur egungo egoeratik ordukoak kritikatzea, hemendik ehun urtera gaur egungoak kritikatzea erraza izango den modu berean, baina uste dut ahalegin handiagoa egin beharko genukeela ordukoak ulertzeko”.

Aurreikuspenak betetzen badira, txirrindularitza espedizioa hilaren 19an iritsiko da San Lucar de Barramedara, eta hurrengo egunean Sevillan izango da boskotea, Gizarte Berrikuntzarako Nazioarteko I. Batzarrean, bidaian bizitakoak kontatzen. “Ekoiztetxe bateko kideek gurekin egingo dute bidaia, eta han grabatutakoekin bideo bat osatu, eta batzar horretan aurkeztuko dugu”, azaldu du Irurzunek.

Horretaz gain, idatziz ere argitaratu nahiko lituzkete ibibidean egindako gogoetak, “ez baita gauza bera kamera baten aurrean hitz egitea eta sentitu dituzun horiek paperean idatziz jasotzea”. Aurrera begirako beste asmo batzuk ere badituzte. Getariatik San Lucar de Barramedara arteko ibilbide hori egonkortzea izango litzateke bat, eta 2022an Gizarte Berrikuntzaren Nazioareko II. Batzarra Euskal Herrian egitea, bestea. Lan horretan ari dira buru-belarri.

Leave a Reply

Your email address will not be published.