“Edozein kirol lantzeko baliabideak dauzkagu”

“Edozein kirol lantzeko baliabideak dauzkagu”

M. Garate

Osasuna, jarduera fisikoa eta kirolaren beste hainbat alderdi lantzen dituen kooperatiba da Athlon, 30 urteko ibilbidea duena, eta, besteak beste, eskola kiroleko programak antolatzen ditu udalentzat eta ikastetxeentzat. Susana Santor koordinatzailearen esanetan, adin horretako haurrekin egiten den lanak garrantzi handia du etorkizuneko kirol errendimenduari begira: “Jarduera fisikoa egiten jarraitzeko ohitura barneratzen dutelako”. Haurren garapen integralari laguntzea, euskararen erabilera sustatzea eta emakumeek kirola behar baino lehen ez uztea izaten dira helburuetako batzuk.

Eskola kiroleko programak antolatzen dituzuenean, zertan jartzen duzue indarra ? Zer sustatu behar al du eskola kirolak?

Gure helburua zera da: haurren garapen integralaren alde lan egitea, jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez. Alde batetik, osasun esparrua garatzea nahi izaten dugu: ezaugarri morfofuntzionalak garatzea; sedentarismoa saihestea; indarra, abiadura, koordinazioa eta bestelako ezaugarri fisikoak lantzea eta abar. Bestetik, noski, haurren garapen psikosoziala ere bultzatzen dugu: gizarteratzea, autoestimua eta horrelakoak. Eskola kirolean egiten den lanak garrantzi handia du ikasleen etorkizuneko kirol errendimenduari begira; izan ere, etorkizunean jarduera fisikoa egiten jarraitzeko ohitura barneratzen dute.

Euskararen normalizazioari ere egiten diogu ekarpena, euskaraz egiten ditugulako jarduerak. Era berean, begiraleen prestakuntza ere zaindu beharreko gaia iruditzen zaigu: hezitzaileek prestakuntza izan behar dute gorputz hezkuntzan eta hezkuntza arloko edukietan.

Zer jarduera egiten dira eskola kirolean?

Adinaren arabera izaten da: lehen eta bigarren mailan [LH1-LH2], oinarrizko abileziak lantzen dituzte, jolasaren bidez, eta hirugarren mailatik seigarrenera, kirol ezberdinak probatzen dituzte. Guk herri edo eskualde bakoitzeko errealitatera egokituta egiten dugu kirolen aukeraketa; hau da, kontuan hartuta herrian zer kirol elkarte dauden, umeek zer aukera dituzten kirol hori egiteko eta abar. Bizpahiru astean behin aldatzen dute kirola, eta, larunbat goizetan, landu duten kirol horren txapelketa moduko bat izaten dute. DBHtik aurrera, berriz, norberak bere gustuko kirola aukeratzen du, espezializatzeko, baina, esan bezala, aurretik hainbat kirol ezagutu eta gero.

Kirol ezberdinak probatzea al da, beraz, eskola kirolaren helburuetako bat?

Bai, etorkizunean aukera izan dezaten gehien gustatzen zaien kirola praktikatzeko. Adin tarte horretan, gainera, prest egon ohi dira lagunartean edozein kirol probatzeko. Multikirolaz gain, gaur egun, hirugarren mailatik aurrera baimenduta daude kirol elkarteek antolatzen dituzten kirol eskolak ere, osagarri moduan.

Oraingoz, urtarrilera arte ez da lehiatzeko aukerarik izango. Lehiak zenbateko garrantzia du eskola kirolean?

LH3n eta LH4n ez dago sailkapenik; LH5en hasten dira, baina adin horretatik aurrera ere garrantzirik handiena lehiakortasunak ez hartzeko, sailkapen sistema berezi bat ezarri genuen orain urte batzuk: taldearekiko konpromisoa, partaidetza sustatzea, umeen jarrera eta abar ere kontuan hartzen dira, emaitza ere bai, baina, galdu arren, puntu bat jasotzen dute, saiakera saritzeko.

Aldundiak azaldu du eskola kirola mantentzearen arrazoietako bat izan dela neskek kirola ez uztea behar baino lehen. Neskek kirola lehenago uzten dutela nabari al duzue zuek ere?

Leintz Eskola Kirolean, adibidez, kirol aniztasuna sustatzen duen ibilbide bat dugu guk, lehiaketara bideratuta egon beharrean aisialdira bideratuta dagoena, eta sumatu dugu neskek partaidetza handiagoa dutela hor. Pentsa daiteke, beraz, adin batetik aurrera ez zaiela hainbeste gustatzen lehia kutsu hori. Uda partean antolatzen ditugun sustapen jardueretan ere neskek gehiago hartzen dute parte. Hockeya, badmintona, paddle-a eta halakoak egiten ditugu. Mutilen artean, lehiakortasun handiko kirolak gailentzen dira oraindik. Alde horretatik, beraz, uste dut eskola kirolak egiten duela ekarpen bat neskek kirola egiten jarrai dezaten.

Nahasiak izaten al dira taldeak eskola kirolean?

Bai, LH5etik aurrera hasten dira bereizita lehiatzen.

Kontaktu fisikoa mugatuta egongo da aurten. Horrek asko mugatuko al du eskola kirola?

Edukiak diseinatzerakoan, erronka handi bat izango dugu arlo horretako profesionalok, baina ez dut uste eragozpen bat izango denik; edozein kirol lantzeko baliabideak dauzkagu.

Athonen 30 urte daramatzazue eskola kirola antolatzen. Asko aldatu al da urte hauetan?

Bai, eboluzio handia izan du, eta izango du, egoera ezberdinetara egokitu behar duelako eta markoak eta abar ere aldatzen direlako: lehen ez zegoen ezer 6-8 urtekoentzat, eta, orain, Jolas Hezi programa dago; hirugarren mailatik aurrera, multikirola bakarrik egoten zen lehen, eta, orain, kirol eskolek ere badute aukera euren eskolak sortzeko, betiere multikirolarekin uztartuz… Guk, adibidez, eskola kirol egokitua ere sortu genuen iaz; beti sustatu izan dugu aniztasun funtzionaleko ikasleek kirola egitea ikaskideekin, baina programa propioa egin genuen iaz, eta ondo funtzionatu zuen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.