Kirola, haurrek elkar ukitu gabe

Kirola, haurrek elkar ukitu gabe

Miren Garate

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kiroleko jarduerei eusteko proposatu die ikastetxeei, kirol eragileei eta gurasoei. Baldintza bat bete beharko dute, ordea: kontaktu fisikorik ez egotea umeen artean, hau da, une oro segurtasun distantzia errespetatzea. Oraingoz, entrenamenduak egiteko baimena bakarrik izango dute —urritik aurrera—, eta egoerak horretarako aukera ematen badu, urtarrilean hasiko dira lehiatzen.

Diputazioaren esanetan, jarduera fisikoa eta kirola hertsiki lotuta daude haurren osasunarekin eta ongizate psikologikoarekin, eta hori izan da programari eusteko arrazoietako bat. Beste bi ere aipatu ditu: alde batetik, uste du eskola kirola bertan behera uzteak kalte egingo liekeela aukera ekonomiko gutxiagoko ikasleei, “kasu askotan, aukerarik gabe geldituko liratekeelako garapen emozional eta sozialerako oinarrizkoak diren eskolaz kanpoko jarduerak egiteko”; bestetik, azaldu du eskola kirola bertan behera uzteak nesken kirolean eragin bereziki negatiboa izango lukeela, joera dutelako kirola lehenago uzteko.

Aldundiaren arabera, ezarritako parametroak errespetatuz gero, ikastetxeak “ingurune seguruak” dira kirola egiteko. Are gehiago, kirol jarduerak erabat murriztuz gero, ongizate emozionalari kalte egiteaz gain, arriskua ikusten du bestelako eragin negatiboak areagotzeko ere; izan ere, gazteek kirola bezain onuragarriak ez diren eta birusa kutsatzeko arrisku askoz handiagoa duten jardueretara bideratzen dute aisialdia, “opor garaian ikusi ahal izan den bezala”.

6 urtetik aurrerako umeek izaten dute aukera eskola kirolean hasteko, eta, ikastetxeen bidez gauzatzen den programa horrez gain, herrietako kirol taldeek ere antolatzen dituzte haur eta gazteentzako eskolak. Ikasturte hasiera berezia izaten ari da haientzat. Batzuek oraindik ez dakite noiz izango duten hasteko aukera, ezta nolako entrenamenduak egin ahal izango dituzten ere; izan ere, kontaktu fisikoa mugatzeko baldintza dela medio, guztiz aldatu beharko dituzte saioak.

Jarduerak egokitu behar

Carlos Sanchez Arrasateko Saioa karate elkarteko entrenatzailea da. Konfinamenduaren ostean, ekainean ekin zieten berriro entrenamenduei, eta ordutik betetzen dute haurren arteko distantzia mantentzeko baldintza. “Gurea kontaktuko kirola da, baina, aurrera jarraitu nahi badugu, egokitu egin behar dugu; ez dugu beste aukerarik”. 4 urterekin hasi ohi dira haurrak, baina txikienen taldean jende gutxiagok eman du izena aurten. “Martxoan geundenen %30 inguru gaude”.

Kontatu du ez zaiola hain zaila egin eskolak egokitzea, jarduera ugari daudelako elkar ukitu gabe karatea lantzeko. Alabaina, lehendik kirol hori egiten zuten ikasleen artean igarri du eragin negatibo moduko bat. “Entrenamenduak ez dira lehen bezalakoak, eta kostatu egiten da aldaketa. Batzuek esan digute normal hasi arte ez direla etorriko, eta ulertzekoa da hori ere”.

Sanchezen esanetan, umeei kirola egiteko aukera ematea da garrantzitsuena; “ez daitezela eskolatik etxerako joan-etorrian bizi”, bai eta aukera ematea ere futbolaz eta saskibaloiaz aparteko beste kirol batzuk probatzeko. Gutxiren kirola izanik, uste du umeak “lotuago” daudela, eta pandemian ere argi ikusi dela hori. “Ahaztu egiten dira gurekin”.

Atletismoa kirol indibiduala da, eta Javier Aldabe Gipuzkoako Atletismo Federazioko idazkari nagusiak esan du alde horretatik nolabaiteko “abantaila” bat dutela. “Baina umeak elkarrekin egoten dira pistan, eta guk ere izango ditugu zailtasunak distantziak mantentzeko eta abar. Txikienekin gehiago kostatuko zaigu hori”. Federatuentzako protokoloa egina dute, eta, udan, hiru lehiaketa ere egin zituzten. “Ez da inolako arazorik izan, eta protokolo bat egiteko asmoa dugu eskoletako haurrentzat ere”. Aldabek esan du lehiaketak urtarrilera arte debekatu izanak egin diela min, batik bat. “Urrian, azaroan eta abenduan lehiaketarik ez egiteak kalte egingo du kirol arloan eta ekonomikoan”. Hain zuzen, Gipuzkoa guneka banatuta dute, eta, udazkenean, ia astebururo antolatzen zituzten probak.

Hala ere, lehiaketak atzeratu egin diren arren, urrian hasiko dira entrenatzen. Idazkariaren esanetan, Gipuzkoako klub gehienek dute atletismo eskola bat infantil eta alebin kategorietako haurrentzat. Gaur egungo egoerak klubetako haur kopuruan nolako eragina izango duen galdetuta, esan du zaila dela jakitea, “baina ez dugu kalte handirik espero”.

Datarik gabe

Beste elkarte batzuetan, airean daude gauzak. Gurasoak deika dituzten arren, hasiera datarik ez dute, oraingoz, Irungo Txingudi errugbi taldean. Iñaki Alberdi elkarteko kideak kontatu duenez, “abuztuaren amaieran ginen hastekoak, baina udalak esan zigun agindu berriren bat etorri arte geldirik egoteko. Ez dakigu noiz eta nola hasiko garen”. 8 urtetik gorako umeak aritzen dira taldean, eta hogeiren bat ikasle dituzte txikienen mailan. “Zaila da errugbia kontakturik gabe egitea. Agian, lasterka egin dezakegu, jokoak eta halakoak, baina hori ere ez, oraingoz”. 16 urtetik gorakoak bakarrik ari dira entrenatzen, horiek badutelako jada baimena. “Txikiekin zer gertatuko den? Ez dugu ideiarik”.

Egoera antzekoa da Azkoitiko Oteiza pilota elkartean ere. Haurrak 7 urterekin hasten dira entrenatzen, eta 110 kide inguru izan zituzten iaz. Segurtasuna bermatuta hastea zen haien asmoa, eta bazituzten zenbait ideia buruan, hala nola umeak talde txikitan jartzea, entrenamenduetarako protokolo bat prestatzea eta abar, baina zain egon beharko dute. “Aurreko astean deitu ziguten federaziotik, eta esan ziguten federatuta daudenak bakarrik has zitezkeela entrenatzen. Baimena ematen diguten arte ezin dugu ezer egin”.

Pilota eskolako kideek diote egoerak pena ematen diela; alabaina, nabarmendu dute hasi edo ez hasi ez dela beraiek hartu beharreko erabakia. “Jakina hasi nahi dugula, baina gure nahiaren eta egitea komeni denaren artean dago kontua, eta hori erabakitzea ez dagokigu guri”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.