Jaiak behar zutenekin ezbaian

Jaiak behar zutenekin ezbaian

Beñat Alberdi

Udaletako ordezkariek nahiago dute jaiak hitza bera ez erabili. Data seinalatu batzuek, ordea, badute festarekin lotutako konnotazioa. Udak utzi ditu herriko jaiak behar zutenen ordez antolatuta ekintzen erreferentziak. Urtaroa bere azken txanpan sartu den honetan, ospakizunek ere badute euren azken txanpa. Aste honetan ospatu dira sanmartinak Bergaran, eta bi aste barru egingo dituzten sanmigelak Oñatin. Mugak jarri dizkiete pasatutakoei, eta nola ospatu dabiltza etorriko direnekin.

Bergarako jai nagusiak Pentekosteak izaten dira, ekainaren hasieraren bueltan. Aurten, koronabirusa dela eta, ezohikoak izan ziren. Bitorianotxoren jaitsiera antolatu zuen udalak, sinbolikoki bazen ere, festei hasiera emateko. Zitak irailera begira jartzeko balio izan zien, ordea. “Ekainean bertan hasi ginen sanmartinak aztertzen”, azaldu du Maider Osa Bergarako kultur teknikariak. “Izurritearekin zail ikusten zen aurreikustea zein izango zen egoera”.

Oñatin ere antzeko jardun dute. Sanjoanen bueltan egin zuten lehen bilera, irailekoa prestatzen hasteko. Irailaren 29an izango da San Migel eguna, eta bezperan hasten dituzte festak.”Ohiko ospakizunetan parte hartzen duten eragileekin eta herritarrekin batu ginen”, argitu du Iñaki Olalde Kultura zinegotziak. “Kontraste lan bat izan zen”. Eragileekin antolatu ohi zituzten ekintzak aztertu zituzten, ikusteko ea bideragarria iruditzen zitzaien zeukaten egoeran; herritarrekin, berriz, antolatu zezaketena zer zen pentsatu zuten, orduko dekretua oinarri hartuta.

Uda osteko egoera

Udak, dena den, ekarri ditu hainbat sorpresa, Jaurlaritzaren neurriak gogortzeko erabakia tartean. Uztaileko eta uztail osteko hainbat egitasmori zuzenean eragin zien, baina beranduago zetozenentzat ere utzi du ajea.

Bergaran hainbat formatu probatu zituzten nork bere etxetik bada ere festaz gozatu ahal izateko. Xaxau konpartsak, esaterako, Erramu zapatuan bertso saioa antolatu zuen, eta Pentekosteetan herriko musika taldeen kontzertuak; biak Youtuben eta streaming bidez. Egoera aldatu egin da, ordea, eta formatu berberek ez dute betiko irauten. “Hilabeteek aurrera egin ahala, uste dut jendea nekatu egin dela horretaz”, nabarmendu du Osak.

Ondoko herrian, berriz, kontraste saioak hasi zituztenean ere antolatzaile batzuek ez zuten garbi ikusten eurena bideratu zitekeenik. Herri Eguna prestatzen zutenek, adibidez, hasieratik garbi zeukaten aurten ezingo zutela egin. Festetan egun garrantzitsua, urriko lehenengo domekaren bezperan. Baserritar jantzita pasatzen dute eguna oñatiarrek, azoka eta guzti. Eguna bertan behera uztearekin batera erori ziren taloak ere. Helduen danborrada ere ez zuten bideragarri ikusi antolatzaileek. Jaiei hasiera emateko erabiltzen zuten herritarrek, txupinazoaz gain, baina eragileak eurak izan dira ez diotenak aurrerabiderik ikusi.

Egoerak egoera, hala ere, pasatu dira sanmartinak, eta, ohiko moduan ez bada ere, izan dute eragina Bergaran; hau da, ez da izan ohiko aste bat. “Inoren osasuna arriskuan jarri gabe eta zuhurtziaz jokatuz, kultur ekitaldi batzuk egingo ditugu”, zehaztu du kultura teknikariak. Jai batzordeko kideak ados zeuden ez zegoela jaiak aurrera eramateko baldintzarik.

Kultur eskaintza aste batera mugatu beharrean, hamar egunez luzatu dute. Irailaren 10ean aurkeztu zuten Erroa eta geroa dokumentala, eta irailaren 20an izango da azken ekitaldia: Musika Bandaren kontzertua, Boluko frontoian. “Kultur ekitaldi batzuk antolatu ditu udalak, baina, betiere, jaien testuingurutik kanpo”, esan du kultur teknikariak. Sanmartinetan feria ere antolatu ohi zuten, eta, aurten egin ezin izan duten arren, aurkitu diote irtenbidea: “Herriko eta eskualdeko fruta eta barazki ekoizleei beren produktuak saltzeko aukera eman zitzaien”. Osak nabarmendu du herritarrek eskertu egin dutela osasun neurriak betez kultur ekitaldiez gozatzeko aukera ematea.

San Martin jaietan ere izaten da danborrada. Aurten garbi zeukaten ezingo zutela ospatu, Garbi zeukaten ezingo zutela ospatu, baina Youtube plataformaz baliatu dira. Udalak bere kanaletik eskaini zituen martxak, herritarrek balkoietatik danborradan parte hartu zezaten.

Kultura suspertzea xede

Oñatin, ezin zitekeenean zentratu beharrean, udalak egin zitekeenarekin proposamen bat egin zien jai batzordeko partaideei. “Betiere, kontuan hartuta kultura sustatzea izango zela helburua, leku kontrolatuetan eta ordutegiak zainduz”, erantsi du zinegotziak.

Orain, egunak zehaztuta dauzkate, eta baita antolatu nahi dituzten ekintza motak ere; artistak lotzen ari dira. “Jairik ez dagoen egoera honetan ere ulertzen dugu jendeak kultura nahi duela; aste bukaera heltzean zerbait ezberdina egin”, azaldu du Olaldek. “Jaietan beti sartzen dugu eskaintza zabala. Orain, leku itxi batean eta edukiera kontrolatuta gauza bera egiteko aukera badago, zergatik ez antolatu?”.

Epea ez dute mugatu jaiak iraun beharko lukeen tartera bakarrik. Aurrez, udan ere, udalak hartu du ekimena kultur eskaintza sortzeko. “Egoera normalean, auzoetako jai batzordeek kentzen diote karga hori udaletxeari”, argitu du zinegotziak. “Aurten, ezin dutenez egon, udalak bere gain hartu du”. Oraindik ixteko dagoen arren, urriaren 17ko asteburura arte luzatu nahi dute eskaintza, gero herriko eragileek prest baitute eskaintza.

Bi zentzutan nabarmendu du Olaldek herriko kultur eskaintza sustatu beharra. Batetik, festetara bideratutako aurrekontu bat badagoelako. “Hurrengo urtean ez dakigu, baina aurten kultura sustatzeko dirua dugu”. Eta, bestetik, kultur eragileak ere zaindu ahal izateko: “Orain ez baldin baditugu zaintzen, agian behar ditugunean ez dira hor egongo”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.