“Mendian dabiltzan pertsonen profila ere aldatu egin da”

M. Garate

Urumea eta Bidasoa ibaien arteko eremuan lan egiten du Tomas Aierbek. Basozaina da, eta zenbait herritako ordezkariek adierazitako kexen lekuko izan da aurtengo udan. Txantxetan, “kilometroko muga” aipatu ohi dute beren artean, autotik distantzia hori baino gehiagora daudenek sentsibilitate handiagoa izan ohi dutela azaltzeko. Kontzientziazioa sustatzeko beharra ikusten du.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo udan natur eremuetan ikusitakoen artean?

Erabilera publikoa nabarmen gehitu da, jende gehiago ibili da eta dabil oraindik, eguraldi onak jarraitzen duelako. Nik lan egiten dudan gunea gainezka egon da: Urumea, Aiako Harria, Jaizkibel, Bidasoa bera… Kontuan hartu behar da Gipuzkoan jende gehien bizi den eremua dela. Naturgune horiek karga bat onartzen dute, baina hortik gora arazoak hasten dira. Horrez gain, mendian dabiltzan pertsonen profila ere aldatu egin da.

Zaborra, zarata, gaizki aparkatutako autoak, lotu gabeko txakurrak… Horiek dira kexetako batzuk. Zuk ere horiek ikusten dituzu lanean?

Ez gaude ohituak zaborra etxera eramatera, askok bide bazterrean uzten dute poltsa, eta ondoren ganaduak joaten dira zaborretan geratutako hondarren bila, eta dena sakabanatzen dute. Sua egokitutako guneetan bakarrik egin daiteke, baina jendeak lurrean egiten du, eta arriskutsua izateaz gain, kaltegarria da errekentzat. Bainatzeko harriak bata bestearen gainean jarriz egiten diren presek ere uraren bidea erabat aldatzen dute. Zaratari lotuta, oraingo gailuek potentzia handia dute, eta jendeak ozen jartzen du musika.

Gaizki aparkatutako autoei isunak jartzeko eskumenik baduzue basozainok?

Errepidean badaude, ez da gure eskumena, baina mendian sartuta badaude, bai.

Jendearen profila aldatu egin dela aipatu duzu. Zertan aldatu da bada?

Mendizaleen profila ez da berdina autotik pixka bat ibilita eta autotik gertu, hau da, Urumea ertzean edo mendi puntan. Kilometroko muga aipatu ohi dugu txantxetan gure artean: autotik kilometrora dagoen mendizaleak sentsibilitate handiagoa izaten du, normalean ez dizu zaborrik utziko mendian; autotik gertu dagoenak, berriz, beste mentalitate bat izaten du: ‘Jasoko dute’ edo pentsatzen du, hiriko ohiturak eramaten ditu mendira.

Aurtengo arazoak gauza puntual bat izango direla uste duzu?

Irudipena dugu ez dela izango aurtengo kontua bakarrik. Heziketa lan handia egin behar da, pedagogia handia. Faltan botatzen ditut sentsibilizazio kanpainak edo antzeko egitasmoak. Gero betiko kontua da, azkenean funtzionatzen duena isuna da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.