Mundu zoroa eta euskara batua

Leire Narbaiza

Sasoi bitxiak bizi ditugu, ez bakarrik pandemia batek inguratu, bizitzaren arlo guztiak bete, eta solasaldi oro zipriztintzen dituelako. Martxo aurretik ere garai abozinatuak (eszentrikoak, bitxiak) ziren gureak “se ixen be ondo sorue da au mundu au bixi gariena”, Kiromantzidxe poeman Sarrionandiak dioen moduan.

Zoroa da bizi garen mundu hau; ez da oraingo gauza, ostera, aspalditik dator kontua. Begi bistan —ipurdi bistan ez esatearren— dakusagu orain, baina arrazoia da sare sozialek nabarmendu egin dutela giza espeziaren jatorrizko lerdokeria. Ez du esan nahi denbora hauetan jende tentelagoa denik, ez. Garai hauetan sarriago irakurtzen dizkiegu jakintsukeriak koinatuei, besterik ez.

Hala, egunotan jakin dut orojakile ahohandi horietako baten eskutik, idazteko darabildan hizkuntza hau asmatua dela, ez dela antzestrala (antzinakoa), ezta benetako euskara ere. Engendro (munstrokeria) hutsa dela, Sabino Aranak diseinatu eta sortua. Gainera,—O, sorpresa!— asmakeria honek ez du hitzik Twitter esateko. Hori gutxi balitz, berba teknikoak eskuratzeko ere maileguetara jotzen du; beraz, beste mintzaira batzuetatik lapurtzen ditu hitzak, hain da pobrea euskara batua!

Bai, lagunok, halakoak takean-potean leitzen dira txioetan, gaiaz ezer gutxi dakitenen eskutik (edo atzamarretik?). Euskara batua zer den ere ez dakiten sasijakintsu horiek pare bat ideia —oker— solte lotu, Sabino tartean sartu, eta voilà, zirberespaziora jaurti! Erraz-erraza! Filologoak nonahi!

Sasiletradu horiek batzuetan ezjakintasunetik dihardute. Besteetan —gehienetan— maltzurkeriatik dabiltza, jakin dakitelako euskara batua sortzeak daukan garrantzia gure hizkuntzarendako. Kontzienteki edo inkontzienteki botako dituzte iritziak, baina guztiaren azpian badago arrazoi handi bat: batuak gaitu egiten duela euskara gaur eguneko mundurako, homologatu hizkuntza modernoak deitutakoekin, etorkizunerako erreminta erabilgarri bilakatu jakintza arlo guztietarako.

Batua gure hizkuntza komunitateko ezinbesteko zutoina bihurtu da. Etxe zaharretan igogailua eraikitzea bezalakoa: eraikin barrutik zutabe bat altxatuta, etxea indartzeko eta irmotzeko balio duela, euskarri argia delako. Ahaztu barik, solairuen arteko komunikazioa errazten duela, baita kalera irtetea ahalbidetu ere. Hori da batua. Eta astakeria horiek idazten dituztenek batuaren garrantzia sumatzen dute, hizkuntza kontuetan tutik ere jakin ez arren. Euren adierazpenak irakurrita, argi lagatzen digute euskarafobia dutela, ustezko kosmopolitak (kosmopaletoak) direla, edota Espainia bat, handi eta librearen zaleak.

Horrelakoekin zer egin da galdera. Barruan daramagun borrokazaleak diosku erantzun behar diegula, edo barregarri utzi denen aurrean. Senak, ordea, iradokitzen digu ez ikusiarena egiteko, erraza ez den arren odolberoa izanez gero. Zer egin beharko genuke horrelakoekin, jakinda ez dutela iritzia aldatuko? Baina, era berean, horrelako laidoak isilik jasan beharko genituzke? Ez dira odoluzkiak, lagunok. Estrategia komuna beharko genukeela uste dut zentzuzko eran, beti ere gure onerako, irainak gehitu egingo direlako, zalantza izpirik barik.

Harrigarria da bizi duguna, estrainioa. Zeren, izan ere, ondo zoroa da mundu hau bizi garena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.