“Saharako istorio bat da, baina edonon gerta daitekeena”

“Saharako istorio bat da, baina edonon gerta daitekeena”

Miren Garate

Joan den astean estreinatu zuen Ekain Albitek (Zumaia, 1999) Haizearen egia film laburra. Euskal Herrian bizi den saharar bat da protagonista: Tahar. Aita hilzorian duela abisatu diote, eta etxera itzuli behar du, errefuxiatuen kanpalekura. Itzulera horretan, oroitzapenei, iraganari eta kontraesanei egin beharko die aurre. Filma “eztabaida berpizteko tresna” izatea nahi du zuzendariak.

Nondik nora etorri da proiektu hau?

Darahli izeneko elkarte bat dago Zumaian, eta 15 urteko jendeari sahararren kanpalekuetara bidaia bat egiteko aukera ematen die, hango errealitatea ikusteko. Adin horrekin joan nintzen ni ere, eta konturatu nintzen mundua, nik uste nuenaren aldean, handia eta ezberdina zela. Oso jende umila ezagutu nuen, asko sufritu duen herri bat. Ordutik Sahararekiko maitasun horrek hor segitzen zuen. Darahlikoek zerbait egin nahi zuten; ni zinema ikastera nindoan, eta horrelaxe proposatu nien film laburra egitea.

Maluta Filmsek ekoitzi du. Baldintza bakarra jarri omen zizuten: paternalismorik ez.

Beldur hori bagenuen bai. Ez genuen nahi haiek pentsatzea: “Badatoz europarrak kristoren kamerekin, erabiliko dute Sahara antzezleku moduan, alde egingo dute, eta kontatutakoak ez du hemengo errealitatearekin inolako konpromisorik izango”. Proiektu honetan sahararrak sail artistiko ia guztietan daude; gidoian asko lagundu dute, eta abar.

Fikziozko filma izatea erabaki duzu. Zergatik?

Konturatu ginen sahararren errefuxiatu kanpamentuetan egindako ikus-entzunezko guztiak dokumental historikoak zirela. Pentsatu genuen Saharako herrialdeak ere istorio ezberdinak modu ezberdinean kontatzeko eskubidea zuela; horregatik, Saharako istorio bat da, baina edonon gerta daitekeena.

Hilzorian dagoen aitaren gorpua garbitzera doa protagonista etxera.

Aita garbitzera bueltatu behar du, eta, bien bitartean, bere herriko lekuak eta lagunak aldatu egin dira, ahaztu egin zaizkio ohitura batzuk, hizkuntza ere ez du menderatzen… Hala ere, erantzukizun handiko ekintza kultural hori egitera behartuta dago protagonista. Talka hori sortu, eta zauri hori irekitzera behartzen dugu protagonista, eta egitura narratibo interesgarri bat erabili dugu horretarako, oroitzapen moduko batzuekin jolasten baitu protagonistak. Munduan ibili diren asko sentitu dira atzerritar etxera bueltatutakoan.

Saharari begira, zein zen zure helburua?

Zineak eztabaidak eta ideiak mahai gainean jartzeko gaitasuna du, sentimenduak alde batetik bestera mugitzekoa, eta abar. Indar hori erabili nahi genuen Sahararen gaia berriz ere mahai gainean jartzeko. Galtzen ari den gai bat da, gero eta familia gutxiagok hartzen ditu umeak, eta ulergarria da, nekea dagoelako, baina, horregatik, momentu oro berpizten joan behar dugu, eta gure lana horretara bideratu dugu, jendea berriro ere katigatzera.

Zinema ikasketak egiten ari zara Bartzelonan, eta hau izan da zure lehen lan profesionala. Nolako esperientzia izan da?

Gogorra, intentsitate handikoa eta barnekoa. Sahararren egunerokoan sartu gara, beren intimitatean, eta beldur puntu bat ematen du horrek: ateak ireki dizkigute, eta gure lana zen leialak izatea eta grabaketa ahalik eta errespetu handienarekin egitea. Material arazo handiak izan genituen, teknika arazoak, baina, beraien mentalitateari eutsiz, aurrera jarraitu genuen, eta lortu genuen filmaketa amaitzea.

Joan den astean izan zen estreinaldia. Zer esan zizuten ikusleek?

Saharar asko etorri ziren, eta beren burua istorio horretan ikusi zutela esan zuten. Horrek izugarri lasaitu ninduen.

Zein bide egingo du orain filmak?

Zinema jaialdietara banatuko dugu, tematikoetara nahiz jeneralistetara, istorio jeneralista bat delako. Bestelako banaketari dagokionez, printzipioz aurrena Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian hasiko gara, eta gero Espainiako lurraldeetan. Beti Saharako elkarteen laguntzarekin egin nahi dugu, filmaren ostean eztabaida bat sortzeko, uste baitugu eztabaida berpizteko tresna bat dela filma.

Leave a Reply

Your email address will not be published.