Kartzela ondoan

Juan Luis Zabala

Ez didak sinistuko! —esan zidan, tabernako terrazan garagardo banaren aurrean eseri ginenean—. Ba al dakik zein agurtu dudan oraintxe?

—Aztarrenik ere ez.

—Preso bat! Ziegako leihoan zegoan, barroteen atzean, pelikuletan bezala, eta begira geratu natzaiok, ezin izan diat beste inora begiratu. Eta nola berak ere ni ikusi nauela konturatu naizen, besoa altxatu diat agur moduan, eta berak gauza bera egin dik.

—Niri ere gauza bera gertatu zitzaidanan orain hurrengoan. Lehen estalita zegonan kartzelaren eraikin osoa, baina auzoa berritu eta etxe berriak egin dituztenetik kaletik ikusten ditun ziegetako leihoak beren barroteekin, eta batzuetan presoak ere bai leiho horietan.

—Artegagarria izan duk. Batetik, damu moduko bat sentitu diat, muturra sartu behar ez nuen lekuan sartu banu bezala, baina, bestetik, preso horrekin egoteko eta hitz egiteko gogoa sartu zaidak…

—Ohitu egiten haiz horretara ere. Kartzela ondoan eraiki dituzten etxe berrietako leihoetatik eta etxe horiek goian duten terrazatik presoak patioan ikusten ditizten. Eta bitxia dun: etxeak eraikitzen zituzten bitartean ertzainek ez zinaten uzten kartzela aldera hurreratzen, hain zuzen ere, kartzela barrua ikustea eragozteko. Orain, aldiz, nahi ez duenak ere kartzela ikustea beste erremediorik ez zeukan.

—Kasualitatea! Frederic Beigbederren Un roman français irakurtzen ari nauk egunotan, eta justu etxetik irten aurretik irakurri dudan pasartean kontatzen dik nolako tratu txar laidogarriak jaso zituen Dépôt deritzon espetxean, Parisen erdi-erdian, Justizia Jauregiko sotoetan, Sena ibaiaren barruko Île de la Cité uhartean, Notre-Dametik gertu, Bateaux Mouches turistikoen joan-etorri pausatu eta lasaigarriaren ondo-ondoan. Eta ez pentsa delitu ikaragarri bat egin zuenik hara iristeko. Kalean kokaina kontsumitzen harrapatu omen ziaten.

—Hemen, zeldako leihoan preso bat ikusten dudanean, beti pentsatzen dinat zer egin ote duen horra iristeko. Ezin jakin benetan hortxe usteltzen uztea merezi duen norbait den, inork halakorik merezi baldin badu, edo semaiko baten kulparik gabe zigortutakoa, horrelakoak ere bazeuden eta, ez gutxi gainera. Hil honetan bi lagun hil ditun Euskal Herriko kartzeletan, horietako bat hemengoan, bere buruaz beste eginda biak, antza denez. Ez ditun kasu isolatuak, ez ditun kasualitate hutsak, hori begien bistakoa dun.

—Begira zer dioen Beigbederrek —esan zidan, eta Un roman français nobelako pasarte bat irakurri zidan, eskuko telefonoan bilatu eta gero—: “Frantzian, pertsonak torturatzeko erabaki arrazionala hartu zuen norbaitek. Frantzia I. barrutian tortura praktikatzen duen herrialdea da, justu Samaritaineren parean. Eta ni neu zorigaitz horren konplize izango nintzateke hemen hori deskribatuko ez banu. Nola bizi ahal izan naiz berrogeita bi urtez nire hirian bertan gertatzen den izugarrikeria honekiko interesik txikiena ere sentitu gabe? Nola izan dezakegu Txinari, Irani edo Libiari lezioak emateko ausardia, Frantziak bere burua ere errespetatzen ez badu? (…) Irakurle frantses maiteok: egunero, ustez errugabeak diren pertsonak giltzaperatzen dituzte estolda izoztu eta ustel horretan, Gizakiaren Eskubideen Aldeko Herrialdean”.

—Hortik atera kontuak!

Leave a Reply

Your email address will not be published.