“Sarritan, mezuari baino garrantzi handiagoa ematen diogu formari”

Julen Aperribai

Etenaldirik ez dute izan bertsolaritzak eta sagardogintzak udan, baina egoerak behartutako motelaldian eta testuinguru berrira moldatu beharrean ikusten ditu biak Agin Laburuk (Astigarraga, 1985). Etxean jaso ditu bata zein bestea. Ofizio du sagardoa, eta Ipintza familiako sagardotegian ematen ditu lan orduak, arrebarekin batera. Bertsora, berriz, “jolasean” iritsi zen. Egun ere banaezin ikusten du bertsolaritza bere aspektu ludikotik, baina egun bere bizitzan duen lekua hortik nabarmen harago doa, hark hala baimenduta.

Julen Aperribai

Etenaldirik ez dute izan bertsolaritzak eta sagardogintzak udan, baina egoerak behartutako motelaldian eta testuinguru berrira moldatu beharrean ikusten ditu biak Agin Laburuk (Astigarraga, 1985). Etxean jaso ditu bata zein bestea. Ofizio du sagardoa, eta Ipintza familiako sagardotegian ematen ditu lan orduak, arrebarekin batera. Bertsora, berriz, “jolasean” iritsi zen. Egun ere banaezin ikusten du bertsolaritza bere aspektu ludikotik, baina egun bere bizitzan duen lekua hortik nabarmen harago doa, hark hala baimenduta.

Neguan izaten da sagardotegi garaia, baina aurten uda negutu egin zaizue, nolabait.

Lehendik ere urte osoan zabalik izaten genuen, eta, alde horretatik, guretzat ez da aldaketa handirik izan. Bertako jendearekin lan egiten saiatzen gara, turismoarekin baino gehiago, eta lan egiteko moduan ez digu plana asko aldatu. Egia da guretzat diru sarrera oso garrantzitsuak direla txotx garaikoak, eta horrek asko eragiten digula. Dena den, nik uste dut udan lan egiten ez duten sagardotegiei min gehiago egingo diela.

Neguko galera ekonomikoak orekatzerik izan duzue?

Ahalik eta gutxien galtzeko eta irauteko urtea da aurtengoa. Uztailean herriko festak puntu garrantzitsu bat izaten ziren, esate baterako, eta hori ez da aurten egin. Behobia-Donostiarik ere ez dago, eta horrek ekartzen zuen jende saldo bat. Turismotik ere diru gutxi bilduko dugu. Denboraldia irabaziak ateratzeko garaia izaten da, eta halakorik ez da egon aurten. Orduan, ez galtzea eta irautea da helburua.

Eta aurtengotik harago, nola molda daiteke sagardogintza egoera arraro honetara?

Berrasmatu egin beharko du, orain arteko formulek ez baitute balioko. Dena ez dago gure gaitasunaren menpe; autobusak ere ez dira lehen bezala etorriko, eta masifikazio hori, guk ezer egin gabe ere, ez da sortuko. Arazo nagusia txotxarekin egongo da, hor pilatzen baita jende gehien. Sagardotegioi eragingo digu, baina baita tabernariei ere. Astigarragan eta inguruan asko nabarituko da. Guk, azkenean, larunbat batean 120 eman beharrean 70 otordu eman baditzakegu, moldatuko gara edo iraungo dugu, baina beste askok alde handiagoa nabarituko dute. Autobusetatik-eta bizi direnek gorriak pasatuko dituzte.

Etxetik datorkizu ofizioa: sagardogintza. Kazetari ere aritutakoa zara. Etxeko sokari eutsi ala horrekin apurtu; ataka horretan ikusi al duzu inoiz zure burua?

Kazetaritza gustatzen zitzaidan eta gustatzen zait, eta noizbait badut itzultzeko asmoa. Familiako egoera medio sartu behar izan dut sagardotegi mundura, eta ataka batean geundelako. Niri horri heltzea tokatu zait, eta, behin ataka hori pasata, agian beste bidegurutze batean aurkituko naiz laster. Orduan ikusiko dugu ezkerrera edo eskuinera, nora hartuko dudan.

Etxean jaso duzu bertsoa ere. Horri heldu edo ez, zalantza gutxiago izan duzu?

Hor ez dago zalantzarik; pasio bat da. Betidanik gustatu izan zait hizkuntzarekin jolas egitea, eta bertsoak horretarako aukera ematen dit. Asko disfrutatzen dut bertsoarekin. Momentu honetan, nire bizitzako zati garrantzitsu bat ere hartzen du, nik hala nahi dudalako eta hala izan dadin utzi dudalako. Bertsoa kenduko balidate —eta ez plaza, urte batzuetako kontua izan ohi baita plazako jarduna—, nire bizitzaren zati handi bat faltako litzaidake. Laguntasunak, harremanak, jolasak eta gauza horiek denek, sozializazio horrek guztiak, zati handi bat okupatzen dute.

Bertsoa zuretzat jolasa dela esan izan duzu; jolasean iritsi zinela plazetara?

Orain horrela da, eta gerora ere hala izango da. Bertsoa, oinarri-oinarrian jolasa da. Espresio bide bat ere bada, barruko kezkak azaleratzeko modu bat da, transmisioari eta euskarari ere laguntzen dio… Hori guztia ere bai, noski, baina, oinarri-oinarrian, jolasa dago. Esentzia hori ez luke inoiz galdu behar.

Nola aurkitu duzu plaza konfinamendu ostean?

Izan den hori albait hobekien aprobetxatzen saiatu gara, baina distantziak, maskarek eta halakoek hoztu egin dute publikoarekin harremana. Bertsolariaren eta publikoaren arteko harreman zuzena da bertsoaren ezaugarrietako bat, eta, harreman hori hozten bada, bertsolaria ere hozten da, eta horrek eragiten du. Hori aintzat hartuta, iruditzen zait oso zaila zela konfinamendu ostean saio oso on bat ateratzea. Gaur egun daukagun markoan, baldintza onenak jarrita ere, zaila iruditzen zait. Baldintza duinak badaude, noski, baina zaila da baldintza guztiak betetzea, bertso saio on batek dituen osagai guztiak izateko. Entzuteko gogoz eta bertso gosez dagoen publikoa topatu dut, baina, antolatzaileek oso baldintza duinak jarriagatik ere, oso baldintza ez-naturalak dira, eta zaila da baldintza horietan bertso saio on edo oso on bat ateratzea.

Publikoaren feedback-a edo erreakzioa falta dutela nabarmendu dute zenbait bertsolarik.

Bertso bat bota eta jendeak eskertzen dizunean, keinu bidez-edo antzematen baduzu, apustu hori bikoiztu egingo duzu, eta hurrengoan igerilekura salto egitera ausartuko zara, urik dagoen edo ez jakin gabe. Feedback hori ez baduzu, kontserbadoreagoa bihurtuko zara, nolabait. Saioa ona izan dadin ahaleginduko zara, baina ez zara sekulako jauzia egitera ausartuko. Saio txukunak ateratzea posible da, baina baldintza hauetan oso saio on bat egitea zaila iruditzen zait, ez dagoelako harreman esturik publikoarekin. Zaila da saioa berotzea.

Zure esaldi bat da: “Gustatuko zaizu ala ez, baina Aginek horrela egiten du bertsotan”. Nola da “horrela”?

Uste dut oso garrantzitsua dela norberak nahi duena egitea. Besteek nahi dutena egitera makurtzen bazara etengabe segur aski zu zeu ere ez zara gustura sentituko, batetik, eta besteek nahi duten hori egiten ere ez duzu asmatuko, bestetik. Zuk egiten duzun horretan sinestea garrantzitsua dela uste dut; botatako bertso guztiak sinatzea, nahiz eta hanka sartzeren bat egin. Beldurrak galtzea eta norbere buruarekin fidela izatea, finean. Iraganean izan diren bertsolari batzuek agian plaza gehiago egingo zituzketen euren bertsokera moldatu izan balute, baina ez zuketen euren bertsokera jarraituko. Horri leial jarraitu zietelako jarraitu zuten zituzten plaza horietan. Beste batzuk, aldiz, saiatu izan dira bertsokera aldatzen, eta erdibidean geratu dira; zirena ukatu diote euren buruei, eta izan nahi zutena izatera ez dira iristen. Uste dut garrantzitsua dela estiloari fidel mantentzea. Estilo aldetik oso abaniko zabala dago gaur egun bertsolarien artean. Bertsolaritzaren aberastasuna horretan oinarritzen dela uste dut, eta estilo jakin bat gustatzen ez bazaizu, bestelako bertso saio batera joateko aukera duzu.

Zure bertsokeran umoreak leku handia du. Ezinbestekoa da bertsolaritza zure moduan ulertzeko?

Bai, jolasean oinarritzen baita nire bertsokera. Horrek ez du esan nahi serio kantatzeari uko egiten diodanik. Bere momentuan, gainera, apustu egin nuen esateko nik ere badakidala serio kantatzen, eta bereziki hori landu nuen. Ez dut uste umorean bakarrik sailka naitekeenik. Nire estiloaren oinarrietako bat umorea da, noski, baina ez bakarra.

Umoretik kanpo ere moldatzen zarela erakutsi beharraren zama izan duzu inoiz?

Bai, noski. Umoretik heltzeko moduko gai bat jarri, eta nik propio serio heldu; halakoak ere egin izan ditut. Ulertzen dut badirela ni baino bertsolari hobeak gai batzuetan tonu jakin batean kantatzeko. Nire rola onartzen dut kasu batzuetan, baina ez bestea menperatzen ez dudalako. Eta, gainera, gustura ere sentitzen naiz tonu horretan, hala egitea dagokidanean.

Umorea ez da gauza lau eta objektibo bat, ordea. Publikoan nabaritu duzu zure umoreari erresistentziarik?

Nire umorea gustatzen ez zaionak erraza dauka; Agin ez entzutea oso erraza da… Ulertzen dut jende bati nire bertsokera ez gustatzea edo beste bertsokera bat nahiago izatea. Natural bizi dut hori guztia. Nire bertso guztiak nireak dira, eta nire hanka-sartze guztiak ere bai; ez daukat konplexurik, alde horretatik. Eduki dut meditazio fase bat, eta kezka batzuk ere bai, baina momentu honetan seguru nago nire buruaz, eta ez daukat arazorik plazara lasaitasun osoz ateratzeko, jakitun izanda gauza batzuk ez ditudala ongi egingo eta jende bati agian ez zaiola gustatuko egiten dudana.

Mezua teknikaren zerbitzura jartzen duen bertso modu bat ez ote den gailentzen ari; kezka hori azaleratu zenuen Txapelketa Nagusian.

Txapelketa garaiari dagokion gogoeta bat da hori. Arriskutsua iruditzen zait kontatu nahi duzuna kontatzeari uko egitea, jakinda horrek puntuak emango dizkizula. Formari mezuari baino garrantzi handiagoa ematen diogu sarritan, eta ez diogu behar beste begiratzen esandako horri. Ez da zuria edo beltza, noski; prosaz esango zenukeen hori bera ezin duzu bertsoz esan, eta hori ere jokoaren parte da: hitz gutxirekin gauza asko esatea. Askotan ez diogu galdetzen geure buruari, ordea, bertsolaria zer ari zaigun kontatzen. Arriskua ikusten diot mezuari behar bezala ez erreparatzeari. Txapelketa garaiko gogoeta bat da, iruditzen zitzaidalako ari ginela gauza batzuk baloratzen, garrantzitsuagoak iruditzen zaizkidan beste gauza batzuk ahaztuta.

Nolakoa izaten da zuretzat txapelketa garaia?

Asko gustatzen zait, egia esan; entrenamenduak edo prestatze fase hori, batez ere. Beti igarotzen dut gau txarren bat edo beste, nire urduritasunagatik nahiz ingurukoenagatik. Badaude kenduko nituzkeen aspektu batzuk, baina sortzen den giroa gustatzen zait, eta biltzea, saioez hitz egitea… Hobetzeko aukera ona izaten da, gainera. Urtean zehar progresio bat izaten saiatzen gara, baina txapelketak progresio hori bizkortu eta koxka bat gora egiten laguntzen digu. Fruituak agian ez ditugu txapelketa garaian jasoko. Ni orain ari naiz nabaritzen Gipuzkoako Txapelketarako landutako gauza batzuk, adibidez. Egia da, bestalde, txapelketa oso era transzendentalean bizitzeko joera dugula, ahaztuta oinarrian dagoen jokoa.

Dena biderkatzen da txapelketaren bueltan. Fokupean eroso sentitzen al zara?

Kontua da fokua zuk aukeratu duzun edo gainean jarri dizuten; hor dago desberdintasuna. Esposizio publikoa asko igotzen da txapelketetan, baina, kasu batzuetan, eztabaida publikoan dauden gai batzuen erdian egoten gara guk hala nahi izaten dugulako, eta, beste batzuetan, aldiz, guk hala nahi izan gabe. Hori gertatu zitzaidan niri azkeneko txapelketa nagusian, adibidez: eztabaida batean erdigune bilakatu nintzen. Garai zehatz horretan oso gaizki pasatu nuen, baina, gainontzean, ez dut arazorik fokuekin. Umorearen arazoa da sarritan mugara eramaten dugula, eta batzuetan muga horiek pasatu ere egiten ditugula. Arrisku horiek hartzea da umorea. Hartuko ez bagenitu, joko aspergarri batean eroriko ginateke.

Buruz burukora heldu zinen iaz Gipuzkoako Txapelketan. Lehen aipatu duzun progresio horretan koxka bat gora egitea izan al zen?

Emaitzei erreparatuta ematen du koxka bat gora egin dudala, baina ez nuke horren arabera neurtu nahi. Koxka bat gora egin dudala esango nuke, baina ez emaitzei dagokienez, heldutasun aldetik baizik; gaien trataeraren aldetik eta ni neu oholtzan jartzeko moduagatik. Lehen aipatu dudan kontu horrengatik, azkeneko txapelketa nagusia nahikoa behean amaitu nuen, bai animoz eta bai indarrez, eta bertsotan ere nahikoa behean nengoela uste dut. Orduan, lan handia egin dut lehengo mailara itzultzeko, eta, bide horretan, gauza berriak ikasi ditut. Alde horretatik ikusten dut, batez ere, nire garapena.

Eta garapen horretan, bat-batean, behartutako geldialdia.

Balaztada handi samarra izan da, bai. Baina gogoz nago, eta, kurtso berriarekin batera, garapen horrekin jarraitu nahi nuke. Pertsonarekin batera garatzen da bertsoa. Horrela bizi dut nik, behintzat. Ez ditut 25 urte, ezin da beti gazte izan edo beti rol beretik kantatu. Gaur egun nagoen tokitik eta dagokidan garaitik kantatu nahi dut.