Hogei urtez oilategitik kakaraz

Hogei urtez oilategitik kakaraz

Jon Miranda

Oiloak direla esaten zaie alkizarrei, eta duela hogei urte, gaur egun herriko alkate den Inaki Irazabalbeitiak proposatu zuen herri aldizkarirako izena: Oilategitik. Aurrez, ordea, herri aldizkari bat argitaratzearen ideia buruan zebilkien Pello Joxe Aranburuk (Alkiza, 1936): “2000. urtean zaharberritzeko lanak amaitu, eta irailean inauguratu zen eliza berritua. Hori ospatzeko ekintza bereziak antolatu zituen batzordeak, eta nik buru-belarri parte hartu nuen. Gogoan dut Elizegiko atariko mahai baten inguruan orduko errektore Felix Azurmendi eta biok geundela nola aipatu nion kanpotik etorritako zenbait jenderekin aldizkari bat egiteko asmoa nuela. Ondo iruditu zitzaion. Batzuekin eta besteekin hizketan hasi, elkarri animoak eman eta eltzea berotzen joan zen”. 2001ean sortu zuten. 20 urtera egitera doa, beraz.

2001ean Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa liburua kaleratu zuen Aranburuk, eta orduan izan zuen lehenengo harremana Alkizara bizitzera etorritako zenbait jenderekin. Aranburuk haietako birekin osatu zuen Oilategitik izango zenaren talde fundatzailea, Eugenio Lizardirekin eta Kepa Fernandez de Larrinoarekin. Azkeneko horren lehen bilera Muñozabal etxean egin zuten 2001eko apirilaren 22an, igandez, 11:00etan.

Jasota dauka Aranburuk bilera hartako akta, baita urte hartako apirilaren 29an eta martxoaren 6an egindako bilerenak ere. Pixkanaka taldea zabaltzen joan zen: “Lehen bileran erabaki genuen, besteak beste, Joxe Mari Aranzabe Pepe zinegotziarekin eta diseinu eta maketaziorako Enrike Larrarterekin harremanetan jarriko ginela, eta herriko elkarteen eta taldeen parte hartzea bultzatuko genuela. Hasiera hartan, ez genuen aldizkariaren itxuran gehiegi sakondu. Atsegina, irakurterraza, irudi eta maketazio arinekoa izan behar zuela pentsatu genuen, besterik ez”.

Apirila eta maiatza artean lehen bilerak egin, eta urte hartako Andre Mari egunerako argitaratzea erabaki zuten. “Gure lehenengo kezka aldizkariaren gastuak berdintzea izan zen, dohainik etxe guztietara banatuko zela erabaki baikenuen. Udalak inprenta gastuak bere gain hartu zituen, eta urte hartan, 2001ean, 400 ale inprimatu ziren Mitxelena moldiztegian”.

alkiza1

 

Kultur elkartea oinarrian

Lehen zenbakiari harrera “bikaina” egin zioten alkizarrek eta inguruko herrietako hainbat irakurlek. Aranburuk kontatzen duenez, arrakasta ikusita, parte hartzeko prest agertu ziren idazle amateur gehiago bigarren alerako. “Horrek guztiak Alkizako Oilategitik kultur elkartea sortzera bultzatu gintuen”.

Kultur elkartea da, ordutik, herri aldizkaria argitaratzeaz arduratzen dena, eta bertako kide da, duela lau urtetik, Aitor Irulegi (Alkiza, 1993). “Urte batean herriko festetarako kartela egingo ote nuen proposatu zidaten, eta, aldi berean, aldizkariko artikuluak bildu eta antolatzeko ardura hartuko ote nuen. Baiezkoa eman, eta horretan dihardut. Nik ere pare bat idatzi argitaratu ditut”.

2018ko zenbakitik hona, eta Irulegik proposatuta, atalka sailkatzen dituzte herri aldizkariko artikuluak. “Ia urtero, herrian dauden piztien inguruan idazten du Inaki Irazabalbeitiak, edo naturaren inguruan Ainhoa Jauregik. Gero, berez, Alkizakoak diren bitxikeriak ere izaten dira beti. Urte horretan jaiotakoak edo herrira bizitzera etorritakoen argazkiak azaltzen dira. Eskolak ere bere txokoa izaten du, eta, ikasle berriei ongietorria egiteaz gain, seigarren mailakoei bertso bitartez egiten zaie agurra. Azken batean, alkizar baten ia ibilbide osoa ikus dezakezu. Jaioberritan azalduko dena eskolako argazkitan agertuko da urte batzuetara, edo idazle bihurtuko da handik gutxira”.

Irulegiren ustez, aurtengo zenbakia “instropektiboagoa” atera zaie, neurri handi batean konfinamenduan idatzitakoak baitira artikulurik gehienak. Pentsamendua eta fikzioa atalean bildu dituzte, besteak beste, Ixiar Irulegiren, Xabier Artolaren eta Shrabani Aranzaberen artikuluak. “Nik neuk ere sortu dut idatzi bat, eta nire marrazki batekin argitaratu dut; kasu honetan, etorri bezala, bertso luze baten gisara idatzi ditut nire hausnarketak”.

Aranburuk gogoratu duenez, duela 2001eko lehenengo zenbakian iragarri zuten proiektuak aurrera jarraitzeko aldizkariaren prestakuntzan parte hartze zuzena beharko zutela alkizarrek. “Guk pentsatu ere ez genuen egiten hogei urte iraungo zuenik”. Aurtengo Oilategitik herri aldizkariaren azalean aurreko 19 urteetako zenbakien azalak jarri dituzte, eta, horren segidan, oiloa, maskararekin edo mokokoarekin. Pandemiaren urtean ere, kakaraz eutsi diote urtekariari.

Leave a Reply

Your email address will not be published.