Gozogintzaren agur gazia

Gozogintzaren agur gazia

Beñat Alberdi

Ilara luzea zegoen joan den irailaren 27an Elgoibarren Muruamendiaraz gozotegiaren aurrean, denda ez ikusteko bestekoa. Mertxe Muruamendiarazek ere, urteak erretiratuta daramatzan arren, lanera sartu behar izan zuen. Arrazoia ere ez zen makala. Izan ere, horrenbeste apetitu asebete dituzten pastelak jateko azken aukera zen. Ez zuten elgoibartarrek soilik osatzen kalean behera luzatzen zen errenkada. 85 urtean irabazita zituen gozotegiak Debabarreneko eta Debagoieneko biztanleek sabelak. Gozogintzak, dena den, badauka bere zati gazia.

“Gizadiaren ondarea zen zerbait nolatan itxiko genuen ere esaten ziguten”, dio Mertxe Muruamendiarazek, sortzaileen alabak. 1935ean zabaldu zuten gozotegia Maria Baztarrikak eta Jose Ramon Muruamendiarazek. Hasieran, janari denda bat zen; Jose Ramon, ordea, gozogilea zen, eta gozotegi lantegia gehitu zioten saltokiari, ibilbide goxoa izango zenaren lehen urrats gisa.

1963an bereizi zituzten gozotegia eta gainontzeko jakiak. Urte horien inguruan hasi zen lanean Mertxe, 13 urte zituela. “Ahizpa bat eta biok batu ginen dendako lanera; besteak lantegira joan ziren”, azaldu du. Guztira, zortzi seme-alaba izan zituzten Baztarrikak eta Muruamendiarazek. Ia guztiek bukatu zuten familiako negozioan lanean.

Izan ere, familiako negozio bat izatea du Muruamendiarazek berezi egin duen ezaugarrietako bat: “Arratsalde asko pasatu ditugu kartetan jolasten genuen bitartean lanak aurreratzen; pastak prestatzen, adibidez”, argitu du Mertxek. Lan askoko egunetan —Errege bezperan, kasurako—, ez zen familiako inor libratzen. Etxeko txikienek ere parte hartzen zuten, opilak banatzen behintzat. Ogibidea beste bat izan arren, senideek nork bere alea jartzen zuen gozotegia mantentzeko, eta ez bakarrik festa egunetan.

Gozotegiarentzat mugarri bat izan zen 1986an dendak lokal bat hartzea eta lantegiak bestea. Bien artean izan duten gertutasunak aukerak zabaltzen zizkien. “Saltokitik produkzio tokira oinez joan zitezkeen”, esan du Jon Lizarralde Muruamendiarazek. Bere ohiko lanetik kanpo hartu zituen enpresako administrari lanak. “Edozein gorabehera edo aldaketa aise konpon zitekeen”.

Azukrea ez dadila falta

Gozogintzaren garairik oparoenak bizi izan zituzten. Mertxek nabarmendu du jendea erruz joaten zitzaiela dendara: “Astean zehar aurreratzen joan behar izaten genuen aste bukaeretarako eskaerak”. Izan jaunartzeak, urtebetetzeak edo beste edozein ospakizun, jendeak Muruamendiarazeko pastelekin izaten zuen postrea, eta ohikoa zen dozena bat pastel hartzea. Oinarri izan zituen, beraz, urte luzez familiako negozioa izatea, lantegiaren gertukotasuna eta jendeak azukreari zion zaletasuna.

Urrezko aro orok izaten du bere amaiera edo garai berrietara egokitu beharra. Adinean aurrera egin zuten familiako kideek. Mertxe izan zen erretiratu zen azkena. Horrek ez du esan nahi gozotegiarekin lotura guztiak hautsi zituztenik. Hala ere, hurrengo belaunaldiak lekukoa hartzea falta izan zaie. “Gozogintza gogorra da”, zehaztu du sortzaileen alabak. “Jaiegunetan lan egin behar duzu, eta inork ez zuen txanda hartzeko borondaterik”.

Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak gogortu egin ditu janariarekin lan egiten duten enpresentzako segurtasun neurriak. Horren eraginetako bat izan zen lantegia denda aldamenetik herri kanpoko poligono batera mugitzea 2006an. Txarrean on, ekoizpena handitzeko aukera eman zien horrek, eta horrela zabaldu ziren Debagoienera, garai berrietara egokitu beharragatik-edo; betiere, dendarekiko gertukotasuna galduta.

Horrez gaindi, azukrea ez dago bere garairik onenean, eta salmentetan nabaritu dute osasuntsu egon beharraren presioa. Desagertu dira lehengo zerrenda luzeko eskaerak. Horri gehitu behar zaio ospakizunak ere murriztu egin direla, eta ospakizunak gehiago egiten direla jatetxeetan etxean baino.Muruamendiaraz gozogintza denda, itxita.

Itxieraren hasiera

Testuinguru horretan, negozioak galduta zeukan errentagarritasun plusa. Gozotegiko langileek erakutsi zuten interesa, baina ez zuten akordiorik lortu. Izatez, langileak murrizteko aukera ere aztertu zuten. Ez zitzaien bideragarriena iruditu, ordea.

Hartzekodunen konkurtsoan dago orain Muriamendiaraz. “Abokatuek ixteko esaten zidaten”, adierazi du Lizarraldek. “Azaldu nien horrelako historia daukan denda batek bukaera on bat behar zuela”. Azkenean, jaitsi ditu pertsianak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.