“Nire margolanak bitartekoak dira ikertzen dudana gizarteratzeko”

Aitziber Arzallus

Angel Uranga (Zarautz, 1961) jaiotzetik da artista. Kontzientzia duenetik marrazten eta margotzen gogoratzen du bere burua. Mundu guztian barrena ibilia da bere obra besapean hartuta: Ameriketako Estatu Batuetan izana da, Arabiar Emirerri Batuetan, Kanadan, Alemanian, Espainian… Izen handiko galerietan erakutsi izan ditu bere lanak, arteari buruzko kongresuetan, psikiatriari buruzkoetan, itsas bidaien azoketan, automobilismo zirkuituetako egoitzetan… Hitzaldiak eman izan ditu herrietako areto txikietan, hiriburuetakoetan, konferentziak unibertsitateetan… Azkenaldian, baina, etxe aldean dabil; Zarautzen Kale Nagusian duen lantegi-galerian ari da lanean. Gelditzea erabaki zuen, dozena bat urtean esku artean darabilen ikerlana bukatu nahi zuelako, baina geldian ere proiektuak sortzen zaizkio nonbait, eta azken hilabeteetan bilduma berri bat osatu du: Makers. Martxoan jarriko dute ikusgai Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean.

Noiz hasi zinen margotzen?

Artea inguruan dugunarekin harremantzeko modu bat da, errealitatea ulertzeko saiakera bat, adierazteko eta komunikatzeko era bat; hitza erabili beharrean, artistak sormena erabiltzen du, izan eskultura, izan zinema, eta, nire kasuan, pintura. Gogoan dut, oso umea nintzela, marrazten pasatzen nituela egunak, eta 8-9 urterekin hasi nintzen lehendabiziko koadroak egiten. Txiki-txikitatik, hori izan da nire modua munduarekin harremanak izateko. Eta, horrez gain, txikitatik izan dut jakin-mina egiten nuenaren inguruan, alde praktikotik zein teorikotik. Horregatik, marrazteaz eta margotzeaz gain, oso umea nintzela hasi nintzen pinturari buruzko liburuak irakurtzen ere.

Baina ez zenuen etxean eta zeure kabuz ikasiko dakizun guztia.

Ingurukoek animatuta, izena eman nuen Zarauzko Artearen Lagunak elkarteak —gerora Artezaleak izango zena— antolatzen zituen ikastaroetan; Julian Ugarte margolaria nuen irakasle. Gu marrazten jartzen gintuen, eta bera margotzen aritzen zen, baina nik margotzea nuen gustuko, eta etxean hasi nintzen, ezkutuan. Ezjakina nintzen, teknikari buruz ez nekien ezer, eta gogoan dut nire lehen koadroa egitea zenbat kostatu zitzaidan. Txori bat margotzen hasi nintzen, burubeltz bat, baina margotu eta margotu eta lienzoak ez zuen kolorerik hartzen, eta ni harrituta. Nola hartuko zuen, bada? Olioz margotzen ari nintzelakoan, akualeraz ari nintzen. Halako batean, pintura zuria gastatu zitzaidan, dendara joan eta olio zuria erosi nuen, eta orduan jabetu nintzen olio margoen eta akuarelen arteko aldeaz. Izan ere, gauzak ikas daitezke besteek irakatsita, baina batez ere esperimentatuz eta probak eginez ikasten dira. Max Doerneren Los materiales de pintura y su empleo en el arte liburuak ere asko lagundu zidan horretan. Alemaniar batzuek oparitu zidaten, eta han zetozen gauza guztiak probatzen saiatzen nitzen etxean.

Nolatan oparitu zizuten?

Garai hartan, ama nuen jarraitzailerik sutsuena, eta bere dendako erakusleihoan, eskuko poltsen artean, ikusgai jartzen zituen nire margolanak.

Lehiaketetan parte hartzen ere garaiz hasi zinen.

Bai, oso gazterik hasi nintzen aire libreko lehiaketetan parte hartzen, 11 bat urte nituela edo. Lehiaketa haietan, jendea ezagutzeaz gain, aukera izaten nuen ikusteko ea profesionalak ziren margolari afizionatuek nola margotzen zuten, eta hori ere sekulako eskola izan zen niretzat. Praktikari dagokionez, gauza baliagarri asko ikasi nituen: besteak beste, nola gauzatu formatu handiko lan bat denbora gutxi daukazunean. Horrelakoetan, behartuta zaude konposizio egituraketa azkar egitera; pintzel txikiak baztertu eta koadroa ikuspuntu global batetik ikustera, eta, gero, gelditzen zaizun denboraren arabera, sartuko dizkiozu xehetasunak. Horregatik, zaletasuna dutenei beti gomendatzen diet horrelako lehiaketetan parte hartzeko, praktikoki eta ingurukoengandik asko ikasteko balio dutelako.

Gerora, Arte Ederrak ikasi zenituen.

Hala da, bai, eta urte emankorrak izan ziren unibertsitatekoak ere. Justu ni hasi nintzen urtean, goi mailako eskola izatetik unibertsitate fakultate izatera pasatu ziren Arte Ederrak. Izan nituen irakasle klasikoak, goi mailako eskolatik zetozenak eta era hartako eskolak ematen jarraitu zutenak, baina izan nituen irakasle berritzailegoak ere, unibertsitate ikasketa berri haiei edukia ematearen ardura zutenak, goi eskola izatetik fakultate izateko bide hori lantzen ari zirenak; eta fakultatea edukiz janzteko bide horretan parte hartzeko eta neure aletxoa jartzeko aukera ere izan nuen Praktika piktoriko jakin batean bitartekoen arteko bateraezintasunari buruzko analisia eta esperimentazioa tesiarekin.

Urte batzuetan eskolak ematen aritzeko aukera ere izan zenuen.

Orduan jabetu nintzen neure burua prestatzeko bokazioaz gain, bokazio pedagokiko eta didaktikoa ere banuela, nekien hura besteei irakatsi nahi niela, eta horretan hasi nintzen. Zarauzko Artezaleak elkartean eskolak ematen aritu nintzen, hezkuntza arautuan ere bai, batxilergoko ikasleei eta unibertsitateko ikasleei; irakasleei ere eskolak eman nizkien, eta abar. Baina denboraren poderioz jabetu nintzen beste modu batera gara nezakeela irakasteko neukan bokazioa: ikasle talde bati eskolak eman beharrean, nire obrak izan zitezkeela irakasteko bidea, alegia. Hala, eskolak emateari utzi nion, eta ikertzen nuen hura margolanen bidez gizarteratzen hasi nintzen. Iruditzen zitzaidan horrela askoz jende gehiagorengana irits nintekeela.

Eta nola gauzatu duzu asmo hori? Nola gizarteratzen dira ikerketak margolanen bidez?

Nire lanak ahalik eta gehien zabal daitezen, jendearentzat interesgarriak diren gaien inguruko margolanak egiten ditut. 1 Formulako autoak edo lasterketako motoak margotzen baditut, ez da autoak eta motoak gogoko ditudalako, gai horiek interesatzen zaizkion jende asko dagoelako baizik, eta horrela jende askorengana irits naitekeelako. Hori da nire modua ahalik eta jende gehienarengana iristeko, baina nire koadroak irudi erakargarri bat baino askoz gehiago dira; askoz gehiago kontatzen dute: nire margolanak bitartekoak dira ikertzen dudana gizarteratzeko.

Zer ikertu izan duzu?

Nagusiki, hiru lan lerro jorratu ditut orain artean: batetik, lerro naturalista; bestetik, ikerkuntza hutsa, eta, azkenik, ikerkuntzaren aplikazioa edo artea enpresetan. Ikerkuntza hutsaren lerro horren barruan, testura akzidentalari buruzko tesia oinarri hartuta, hainbat arlo ikertu ditut: aurrena, bolumena eta espazio ilusorioa; ondoren, ibilbidea, alegia, nola barneratzen dugun koadro batean ikusten dugun informazioa; jarraian, prozesua aztertzen aritu nintzen, alegia, nola eraikitzen ditugun informazioak, bai koadro bat sortzerakoan eta baita serie bat sortzerakoan ere; eta, azkenik, badaramatzat dozena bat urte konposizioa aztertzen. Konposizioa oso gai konplexua da, ikuspuntu askotatik iker daitekeelako, eta, gainera, dagoeneko ikuspuntu askotatik ikertutako gaia da; eta ni semiotikaren ikuspuntutik ari naiz ikertzen. Badakit semiotika entzuteak atzera eragiten diola jendeari, baina semiotikak esan nahi duena zera da, informazioak nola eraikitzen diren aztertzea sorburutik abiatuta, eta ez emaitzetik abiatuta.

Konposizioaren inguruko ikerketa horretan, Picassoren Les Demoiselles d’Avignon obra sakonki aztertu duzu, eta, hain zuzen ere, horretaz aritu zinen joan den astean Zarauzko Modelo aretoan eman zenuen hitzaldian. Zergatik aukeratu zenuen obra hori eta ez beste bat?

Obra horrek duen esangura eta garrantziagatik aukeratu nuen, adituek uste baitute koadro horren konposizioa dela arte modernoaren abiapuntua, eta hori dela aurreneko konposizio kubista. Gainera, kasualitatea ala ez, Bartzelonako Avinyo herrian estudio bat daukat. Ez da Picassoren Avignon bera, hura Bartzelonako kale bat baita, baina gauza bitxia da, eta horrelakoak erakargarriak iruditzen zaizkit.

Zertan da ikerketa hori?

Bukatzear da. Hain zuzen ere, duela pare bat urte horrexegatik erabaki nuen mundu osoan ibiltzeari utzi eta horretara jartzea, lan pedagogikoa egiteak denbora asko eskatzen baitu, eta ikerketarako denbora hartu beharra baineukan. Esango nuke ikerketa azaltzen duten margolan gehienak eginda ditudala dagoeneko, eta orain material guztia idatziz jaso eta argitaratzeko moduan jartzea geratzen zait.

Jendeak ulertzen al du margolanak ikerketa prozesua azaltzeko erreminta gisa erabiltzea?

Denetariko jendea dago: batzuek ulertzen dute, eta besteek, ez. Batzuk nire lanak ikustera joaten dira irudiak gustatzen zaizkielako bakarrik, eta beste batzuk, nire ibilbidea ezagutzen dutelako eta irudi horien atzean zer dagoen jakin nahi dutelako. Behin baino gehiagotan esan izan didate nire koadroak bukatu gabe daudela ere, eta ez da hala; prozesua aztertzen ari banaiz, nire asmoa izaten da koadro horietan prozesu hori, bilakaera hori, erakustea, eta ez prozesua bukatu osteko emaitza. Nik emaitza gisa erakusten dut irudia sortzeko prozesua edo bidea bera. Baina egia da sekulako garrantzia duela hori guztia jendeari ondo azaltzen jakiteak; nire bokazio pedagogikoak hala egitea eskatzen dit, behintzat. Horregatik, ez da nahikoa ikerketak eta ondorioak liburuetan eta koadroetan jasota uztea, horiek zabaltzen ere jakin egin behar da. Zentzu horretan, ZarautzOn elkartea bideo bat lantzen ari da Les Demoiselles d’Avignon obraren inguruan egin dudan ikerketa gizarteratzen laguntzeko.

Konposizioari buruzko ikerketa hori bukatzeaz gain, baduzu beste proiekturik esku artean?

Bai, hain zuzen ere, aurki aurkeztuko dugun Makers bilduma. Pandemia egoera izendatu eta konfinamendua ezarri osteko lehendabiziko asteetan, babes material falta izugarria egon zen, eta hor egituratu zen Makers mugimendua, material falta hari erantzuna emateko mugimendu solidarioa. Javier Lopez de Juan Abad mugimendu horretako kidea laguna dut, eta harekin hizketan ari nintzela sortu zitzaigun bilduma hori egiteko ideia. Makers-en helburua zera da, mugimendu horretako kideei eta pandemiaren kontrako borrokan lehen lerroan lanean ari diren horiei guztiei omenaldia egitea, nire adierazpide artistikoak erabilita. Hau da, irudiak alde batera utzita, koadro horiek prespektiba didaktiko batetik landu ditut. Lanak martxoan jarriko ditugu ikusgai Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean, eta ikusiko dugu hortik aurrera zer ibilbide egiten duten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

9 + 7: