Iraultzen gaurtik hasteko

Iraultzen gaurtik hasteko

Julen Aperribai

Zaintza lanak aitortzeak eta eraldatzeak gizarte osoaren errotiko eraldaketa bat eskatzen du, eta, horretan sinesten dugun arren, oraintxe premiazkoa da egoera batzuk aldatzea; horregatik esaten diogu demokratizazioa, prozesu izaera ikusten diogulako”. Ñabardura horrek badu garrantzia Emagin elkarteko Miren Arangurenentzat, zaintzan aritzen direnen egoera larriari gaurdanik erantzuteko premia erakusten baitu, eraldaketa integralagoekin ezinbesteko harremanean ulertu arren. Beterri-Buruntzaldeko adinekoen zaintza erregimenen diagnostikoa egin du Emagin elkarteak, eta ekintza plan bat ere garatu du, horretan esku hartzeko. Gaur aurkeztu behar zuten, Zaintza lanen demokratizaziorantz jardunaldien baitan, baina bertan behera utzi behar izan dituzte gaurko eta biharko antolatutako saioak.

Adinekoen zaintzaileek eskualdean duten egoera aztertu dute. Hiru subjektu identifikatu dituzte: familia zaintzen duten emakumeak; zerbitzu publiko bat ematen dutenak, izan enpresa bateko langile edo langile publiko; eta etxeko langileak. Guztietan ere EAEko zaintza erregimena “modu antzekoan” erreproduzitzen dela dio Arangurenek, eta, beraz, sektore horren ezaugarriak errepikatzen direla landutako laginean: “Orokorrean, klase baxuko eta ertaineko emakumeak dira arlo horretan lan egiten dutenak, eta, gero eta gehiago, etorkinak”. Prekarizazioa, diskriminazioa eta denbora pobrezia pairatzen dituzte gehienek, Arangurenen arabera. Zigor sozial handia jasotzen dutela ere nabarmendu du. Edonola ere, lan erregimenaren arabera, egoera aldakorra dela aitortu du. Erresidentzietan lan egiten dutenen kasuan, “sekulako aldea dago” udal kontrataziopean eta enpresa pribatuek kontratatuta aritzen direnen artean: “Soldatetan, denboraren antolaketan, lanarekiko eta osasunarekiko pertzepzioan, eta abar”.

Luparekin aztertu beharreko faktoreak ere topatu dituzte, ordea, eskualdean bereziki eragiten dutenak. Zahartze tasa altua da horietako bat. Hernani, Lasarte-Oria eta Andoain udalerrietako kasuak dira nabarmenenak, Arangurenen arabera: “Adineko pertsona asko bakarrik bizi dira han, eta gehienak emakumeak dira. Mendekotasun tasa handiko eskualde bat da; menpeko potentzialak diren pertsonen kopurua oso handia da, eta zaintzaile potentzialen kopurua, aldiz, beherantz doa”.

Gabezia bezainbat aukera

Zaintza lanen inguruko ikuskeran, eta horri ematen zaion aitortza sozial eta politikoan ere jarri du fokua Emaginen ikerketak. Beterri-Buruntzaldean, zaintza lanek “balio sozial eta politiko gutxi” dutela dio Arangurenek, eta zaintza “oso modu hertsian” ulertzen dela: “Zaintza mendekotasun aitortuarekin lotzen da guztiz; gaixorik gaudenean, zaharrak garenean edo aniztasun funtzionala aitortzen digutenean behar dugun horrekin lotzen da, eta inondik inora ere ez teoria feministetatik sustatzen dugun mendekotasunaren ideia zabalagoarekin, inderdependienteak eta zaurgarriak garela dioen horrekin”. Kontzientziazio lana beharrezkoa ikusten du ideia hori gizarteratzeko. Alde horretatik, aukerak ikusten ditu eskualdean: “Mugimendu feminista indartsu dago, eta, horrez gain, zaintzari lotutako egitasmo berritzaileak sortu dira hainbat herritan. COVID-19aren krisiaren harira, adibidez, zaintza sareak sortu dira herri pila batean”.

Behatutakoan nola eragin

Hemeretzi elkarrizketa eta bi talde elkarrizketa izan dira diagnostikoaren oinarria. Zaintzaileak eurak ez ezik, udal teknikariak eta eremu askotako adituak ere elkarrizketatu dituzte. Behin diagnostikoa osatuta, ekintzarako proposamena gauzatzeko saio batzuk egin zituzten. Hiru egiteko nagusi zehaztu zituzten: batetik, zaintza lanen aitortza soziala eta politikoa; bestetik, zaintza lanak era justuagoan banatzea; eta, azkenik, zaintza lanetan ari direnek bizi zein lan baldintzak duinak izatea. Zehaztutako helburuetara gerturatzeko, proposamen zerrenda bat ere jaso zuten. Premiazkoenak diren egoerak aldatzea izan dute lehentasun, Arangurenek zehaztu duenez, baina nabarmendu du inondik ere ez dela ezer itxia, eta hori osatzeko deia egin du.

Erakunde publikoekin lankidetzan osatu du lana elkarteak, eta haiek izandako borondatea puntu positiboen zakuan sartu du Arangurenek. “Ikusi dugu Beterri-Buruntzaldeko eskualdean badagoela borondatea. Diagnostikoa eta ekiteko proposamen hau horren adierazle ere badira, eta ikusten dugu borondate politikoa, noski, derrigorrezkoa dela honi ekiteko”. Tokian tokiko araudietatik egoera eraldatzea ezinezkoa dela jakitun izanik ere, “zirrikituak aprobetxatzeko” aukera egon badagoela esan du Arangurenek: “Udaletatik eta herrietatik martxan jar daitezkeen egitasmo pila bat daude. Egia da Beterri-Buruntzaldean ezin ditugula etxeko langileen dekretua eta atzerritartasun legea bezalakoak aldatu, baina lege horiek jartzen dituzten oztopoei salto egiteko balio dezakete”.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.