Gazte sortzaileek badute zer erakutsi

Gazte sortzaileek badute zer erakutsi

Karmele Uribesalgo

Dozena bat artista ari dira lanean Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak taldeak lehenengo pausoak eman ditzan. Konfinamendu hasiera otu zitzaien bailarako zenbait gazteri proiektua martxan jartzea, eskualdeko sortzaileak ezagutzeko eta saretzeko asmoarekin. Herriz herri ari dira aurkezpenak egiten egun hauetan, eta Buruntzaldeako herritarrei proiektuaren nondik norakoak azaltzen.

Taldeko partaideetako Andoaingo Maddi Etxeberria musikan eta bertsolaritzan aritu izan da, eta literaturan aritzen da gaur egun, batez ere. Hark azaldu duenez, “behar bati erantzuteko” sortu zuten Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak. “Itxialdiak erakutsi digu zer garrantzitsua den kultura, eta gizarte honek zer garrantzi gutxi ematen dion”. Gauzak horrela, gazte talde batek batzeko eta bilerak egiten hasteko urratsa eman zuen. Elene Carreto dantzaria ere taldeko kidea da, eta adierazi du hiru ardatz dauzkatela: gazte izatea, sorkuntza eta euskara. Izan ere, azkeneko horri euskal kulturaren “funtsa” deritzo.

Antolaketa lanaz hamabi edo hamalau lagun inguru arduratzen diren arren, datu basean artista gehiago daude. Buruntzaldeako Gazte Sortzaileen proiekturik garrantzitsuenetako bat da, hain zuzen ere, datu base bat osatzea: “Ikusten genuen gabeziari erantzun bat emateko modua da datu basearena”. Etxeberriaren hitzetan, ekintzak antolatzeko orduan zailtasunak izan ohi dituzte norengana jo jakiteko. “Sortzaile bila beste herri batzuetara joateko joera dugu, ez baitugu jakiten gure inguruan nor aritzen den horretan”. Hori dela eta, Carretori ere interesgarria iruditzen zaio datu basea osatzea; ez bakarrik artisten lanari ikusgarritasuna emateko, baizik eta baita zerbait antolatu nahi duenak nora jo izateko ere. Datu base horretan, askotariko diziplinak lantzen dituzten sortzaileak biltzen ari dira. Etxeberriak esan duenez, gehienak musika arlokoak dira, baina badaude artisautza lantzen duten artistak, moda mundukoak, dantzan aritzen direnak, literaturan, bertsolaritzan, argazkilaritzan edo diseinu grafikoan, besteak beste. “Nahikoa talde osatua da”, azpimarratu du.

buruntza1

Sektore prekarioa

Sortzaileen lana “nahikoa prekarioa” dela dio Carretok: “Gazte sortzaileon lana are prekarioagoa da. Ez gara ezagunak, eta horrek aukera gutxiago izatea dakar”. Sorkuntzan aritzen diren gazteen artean bi errealitate daudela azpimarratu du Etxeberriak; euren taldean, esate baterako, badaude sortzaile izatetik bizitzeko aukera dutenak, baina gehienek beste lan bat behar izaten dute, eta sorkuntza afizio bezala dute. Bizi duten egoera salatzeko modua ere bada taldeari indarra ematea. “Borroka horretan ari gara”, adierazi du Etxeberriak. Aukera falta sumatzen dute, eta diru laguntzak eskuratzeko zailtasunak izaten dituztela dio.

Horrez gain, pandemiak zaildu egin du haien egoera, batik bat aurrez aurreko ekintzak egiten dituen artistena. “Pandemia garaian kulturari irtenbide pila bat bilatu zaizkio, eta jendeak musu-truk ekintza ugari egin ditu; horrek argi uzten du zer garrantzitsua den kultura gure bizitzetan”, esan du Etxeberriak. Carretok erantsi du ikusi dela jendeak baduela interesa kulturan. Hala ere, bertan behera gelditu dira ekitaldi asko, egoera dela medio, eta kostatzen ari zaie buelta ematea, Etxeberriak aitortu duenez: “Zaila zegoen kontua, eta orain are zailagoa dago”.

Talde “irekia” da Buruntzaldeako Gazte Sortzaileena. Carretok azpimarratu du “gazte sentitzen den edonor” batu daitekeela taldera. Zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta hobeto izango dela uste du Etxeberriak: “Iritzi gehiago izango ditugu, esku gehiago lanerako, baita esperientzia eta modalitate gehiago ere”. Horretarako biderik zuzenena euren webgunean izena ematea dela adierazi dute taldekoek: Buruntzasortzailea.wixsite.com/buruntzasortzaile. Modu horretan, datu base bat osatuz joango dira eskualdeko gazte sortzaileekin. Aurrera begira, barne dinamikak egiteko asmoa daukate. Horrez gain, topaketa batzuk antolatzeko nahia ere badute, betiere unean uneko osasun egoerara moldatuta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.