Ahalik eta gertuen

Ahalik eta gertuen

Beñat Alberdi

Prebentzio neurriak hartuta eta metro eta erdiko segurtasun tartea utzita. Testuinguru horretan eta neurri zorrotzen artean ere aurkitu du bere txokoa Beratu jaialdiak. Lau kontzertu izango dira asteburuan, Oñatin, jaialdi horren barruan. Gertuko ikuskizunak plazaratzea dute asmoa. Jendez betetako aretoetako girotik urrundu, eta kontzertuak bestelako formatuetara eramaten saiatzen dira antolatzaileak. Aurten, hirugarren edizioa izango du jaialdiak. Martxoan ziren egitekoak, baina konfinamenduak jaialdia bertan behera uztera behartu zituen antolatzaileak. Hala ere, ordurako prestatuta zeukaten egitaraua osorik mantentzea lortu dute.

Hiru urte daramatzate, beraz, beste plaza bat sortzen. Ideia denek izaten dute lehen pausoa, dena den: “Arkaitz Vilarrek proposatu zion udalari jaialdia egitea”, esan du Kepa Aranburu antolakuntza taldeko kideak. “Gauza txiki bat sortu nahi zuen, gauza xume bat, baina kalitatea eta gertukotasuna izango zituena”. Udalak begi onez ikusi zuen; ez, ordea, udalak bakarrik, baita beste hainbat herritarrek ere.

Izan ere, ez da udala arduratzen jaialdia antolatzeaz. “Interesa izan genezakeenak batzen hasi ginen, lantaldea osatu arte”, gaineratu du Aranburuk. Helburua eta bitartekoa finkatu zituzten orduan; hots, proiektuarekin interesa izango luketen musikazale taldea eratzea zuten asmoa; produktua zehaztea falta zitzaien.

Kalitatea dauka oinarri jaialdiak. Norbanako bakoitzak osatzen du proposamen zerrenda, eta taldean batzen dira lehenengo aukeraketarako. “Denbora uzten dugu norbaitek proposamena ez badu ezagutzen, ezagutu dezan”, argitu du Aranburuk. Azkenik, jaialdiaren irizpideei jarraikiz, egitarauan izango direnak aukeratzen dituzte.

Hainbat irizpide kontuan

Gertuko taldeak eta kalitatea dutenak lotzen saiatzen dira antolatzaileak. “Talde euskaldunak ekartzen saiatzen gara, eta euskaraz abesten dutenak”, zehaztu du jaialdiko partaideak. “Kanpoko bati ere egiten diogu tokia”. Aurten, Los Sara Fontan Kataluniako taldea izango da gonbidatua.

Gainera, lurraldetasuna ere kontuan hartzen dute. “Iparraldeko taldeak lotzea kostatzen zaigu askotan, ezjakintasunagatik, eta, txikiagoa izanda, aukera gutxiago dagoelako”. Hala ere, saiatzen dira hango musikariak ere lotzen. Donibane Lohizuneko Moi Moi orkestra magikoak jo behar zuen martxoan, baina, datak medio, ezingo dute astebukaera honetan kontzertua eman.

Parekidetasuna ere kontuan hartzen dute. “Saiatzen gara emakumeen taldeak ekartzen”, esan du Aranburuk. Horren erakusgarri dira aurtengo egitarauaren barruan diren Jakima Flissi bakarlaria, Los Sara Fontan eta Sua musika taldeak.

Formatuari ere garrantzi handia ematen diote: “Ez dira gauza bera jaialdi handi batera zoazenean sentitzen duzuna eta Santa Ana antzokian sentitzen duzuna; horrek eragina dauka”, zehaztu du antolakuntzakoak. “Batean, 200 metrora duzu artista, eta bestean, oso gertu dago, bertan”.

Aukeratzen dituzten agertokiek zerikusi handia daukate lortu nahi duten efektuarekin. Aurreko edizioetan, herriko ermitak erabili dituzte oholtza gisa. Aurten, pandemia tarteko, horrelako eremuak ez dira programazioan sartuko. Hala ere, Hakima Flissi musikariak Lazarraga lorategian emango du kontzertua. Eremuak berak bakarrik ez, artistaren ikuskizunak ere garrantzia daukala adierazi du Aranburuk: “Gogoan daukat lehen kontzertua: Maria Arnal i Marcel Bages. Abestitik abestira ikuslearekin konektatzen zutela nabari zen”. Belako taldearen kontzertua ere jarri du adibidetzat. Kontzertu “ederra” eskaini zutela azaldu du, baina “hartu-eman gutxikoa”.

Irabazi asmorik gabeko taldea da Beratu jaialdia antolatzen duena. Finantziaketa gehiena udalaren bidez lortzen dute. “Jaialdi txikia gara, baina ez ditugu 50 kontzertu antolatzen ahalik eta gutxien ordainduta”, adierazi du Aranburuk. “Gauza gutxi prestatzen ditugu, eta beti baldintza onenak eman nahian”.

Lehena, bertan behera

Koronabirusak atzeratu egin zuen jaialdia, martxorik azarora. Egitaraua aurrera ateratzeko traba gehiago ere izan dituzte ordutik, ordea. Izan ere, joan den asteazkenean hasi behar zuen jaialdiak, Marrak dokumentalarekin eta soinu bandaren zuzeneko emankizunarekin, baina ezin izan zuten egin, COVID-19aren kasuen gorakadaren eraginez. Bihar ere bi kontzertu egitekoak ziren, baina Gaizka Insunzaren soilik izango da azkenean. Eguraldia ere izan daiteke muga. Euria egiten badu, gaztelekura mugituko dituzte igandeko emankizunak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.