‘BERRIA zabalik’ kanpaina martxan jarri dute Zumaian

‘BERRIA zabalik’ kanpaina martxan jarri dute Zumaian

Karmele Uribesalgo Abizena

Zumaiako merkatariek eta ostalariek BERRIA zabalik kanpainarekin bat egin dezakete jada. Astelehenean aurkeztu zuten egitasmoa, eta azaroaren 3tik aukera dute taberna nahiz dendetako arduradunek izena emateko. BERRIAk jarri du martxan kanpaina, Zumaiako Udalarekin eta Gertu merkatari eta ostalari elkartearekin batera, eta Kutxabanken babesarekin.

Kanpainan parte hartu nahi duten merkatariek eta ostalariek izena eman beharko dute asteazkenerako, bl.berria.eus/berria-zabalik-herriak helbidean. Hala, BERRIAlagun iragarle izango dira, eta harreman zuzena izango dute norbanako BERRIAlagunekin. Ikusgarritasuna emango zaie saltoki haiei-eta Berria.eus-en. Bestetik, herritarrek hilaren 16tik 24ra Zumaiako dendetan eta ostalaritzan gastua eginez gero, 1.000 euroko zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute, abenduaren 1ean. Beste 1.000 euroko zozketa bat egingo da kanpainako saltoki eta ostalaritza lokalen artean, BERRIAn publizitatea jartzeko.

Tokiko merkataritzaren ikusgaitasuna sustatu nahi dute egitasmoarekin, eta baita BERRIAren kale presentzia ere. Ainara Lasa BERRIAko marketin eta publizitate arduradunak azaldu du lankidetza dagoela kanpainaren oinarrian: “Iruditzen zaigu bi sektoreek bat eginda, elkarri babesa eskainiz eta bultzada bat emanez lortzen dugula tokiko merkataritza ahalduntzea eta BERRIA herritarrengana hurbiltzea, jakin dezaten euskaraz informatzeko egunkari bat dagoela”. Kanpainan zehar, herritarrek BERRIA egunkaria eskura izango dute kanpainako tabernetan eta jatetxeetan. Lasak erantsi du BERRIAk, euskarazko egunkari nazionala izanik, erakusleiho nazional bat eskaintzen diela herriko merkatariei eta ostalariei.

Tokikoari bultza, euskaraz

Lore Garciarena Gertu Zumaiako Merkatari eta Ostalari Elkarteko teknikariak uste du herritarrei eskerrak emateko modu bat ere badela egitasmoa, herriko merkataritzan jarri duten konfiantza dela eta. Gainera, azaldu du herrian erostea “ekintza seguru bat” dela: “Gure helburu nagusia da gogoraraztea dendak eta zerbitzuak gertu gaudela; hemen gaudela herritarren beharrak asetzeko, segurtasun neurri guztiak betez”.

Zumaiako Udalak bitartekaritza lanak egingo ditu BERRIAren eta merkatarien eta ostalarien artean. Alex Oliden Turismo eta Merkataritza zinegotziak adierazi duenez, gizarteratu egin nahi dute hurbileko merkataritzak daukan garrantzia. Horrez gain, euskararen erabilerari ere bultzada bat eman nahi diote. “Euskara tresna egokia da merkataritza eta negozio munduan ere ibiltzeko”.

Ainhoa Arruabarrena Kutxabanken Gipuzkoa Sareko zuzendariak esan du abian jarritakoaren moduko egitasmoek “bizitasuna” ematen dietela herriei. Adierazi duenez, Kutxabankek BERRIA zabalik kanpainari babesa emateko erabakia hartu zuen uste duelako beharrezkoa dela merkatariei baliabide bereziak eskaintzea. “Etxeratzeak ez ditzala tokian tokiko ekonomiak ito”.

Egitasmo berezia

BERRIAk bost urte daramatza udalekin eta merkatari elkarteekin elkarlanean BERRIA zabalik kanpainaren moduko egitasmoak egiten. BERRIA zabalik izenpean egiten duten bigarrena da Zumaiakoa. Urrian Bergaran egin zuten, eta antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute.

Aurtengo kanpainak badu berezitasun bat: pandemia dela eta, euskara eta tokiko merkataritza sustatzen dituzten egitasmoek garrantzi berezia dutela uste du Lasak. “Tokiko ekonomia asko ari da sufritzen, eta jokaleku horretan askoz ere zentzu handiagoa du kanpainak. Euskarak ere atzera egin du hainbat esparrutan eta plazak eman behar zaizkio”. Olidenek dio kanpainak herritarren arteko loturak indartzeko balio dezakeela: “Gero eta nabarmenagoa da, pandemia kontrolatzeko neurriak zorrotz errespetatzearekin batera, bizitza soziala ere behar dugula”.

Garciarenak erantsi du egun laguntzarik txikiena ere handia dela, eta, hala, interesgarria dela BERRIA zabalik kanpaina. Iritzi berekoa da Arruabarrena; horrez gain, esan du arduratsu jokatzeko garaia dela, eta egitasmo arduratsuak sustatzea dagokiela: “Gure herrian arduraz kontsumitzea eta 1.000 euroko zorroa irabaztea edonori gerta dakioke pozgarri; poz apur bat emateko gai bagara, helburua beteta izango dugu”.

 

KANPAINAREN GAKOAK
1. Izena eman behar da. BERRIA zabalik kanpainan parte hartu nahi duten merkatariek eta ostalariek izena eman behar dute.
2. Noizko eta non. Datorren asteazkenera arteko epea izango dute izena emateko, eta sareko formulario bat bete behar da,  honako lotura honetan: bl.berria.eus/berria-zabalik-herriak
3. BERRIAlagun. Izena ematen dutenetik aurrera, BERRIAlagun iragarle izango dira. Horri esker, harreman zuzena izango dute norbanako BERRIAlagunekin. Ikusgarritasuna emango zaie saltoki haiei-eta Berria.eus-en.
4. Herritar erabiltzaileen artean, 1.000 euroko zozketa. Azaroaren 16tik 24ra, herritarren txanda iritsiko da. Zumaiako dendetan eta ostalaritzan gastua eginez gero, zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute: herriko dendetan eta tabernetan erabiltzeko 1.000 euro zozkatuko dira herritarren artean, abenduaren 1ean.
5. Saltoki eta ostalaritza lokalen artean ere, zozketa. Horrez gain, beste 1.000 euroko zozketa bat egingo dute kanpainan parte hartu duten saltokien
eta ostalaritza lokalen artean. Berria egunkarian publizitatea jartzeko izango da diru hori.
6. Berria, eskura. BERRIA zabalik-ek irauten duen bitartean, herritarrek Berria egunkaria eskura izango dute kanpainan parte hartuko duten tabernetan eta jatetxeetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.