Altza-Galtzaraborda zatia, berriz ere mahai gainean

Altza-Galtzaraborda zatia, berriz ere mahai gainean

Miren Garate

Ez da azpiegitura guztiekin gertatzen, baina Altza (Donostia), Pasaia eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko Topoaren saihesbideak adostasun sozial eta politiko zabala du. Hainbat onura ikusten zaizkio: trenen maiztasuna handitzeko aukera emango luke; Altzako bizilagunek ez lukete Herrerako geltokian trenez aldatu beharrik izango Pasaiara joateko; eta Pasai Antxon, gaur egungo geltokia lekuz aldatuta, hirigintza arloko hobekuntzak egiteko aukera izango lukete.

Berez, aspalditik dago idatzita proiektua, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari zen agintalditik, eta, alderdi politikoek aldiro-aldiro aipatzen duten arren egin beharrekoen zerrendan, hor egon da, aurrera egin gabe. Bazirudien Donostia erdiguneko pasabidearen lanak amaitu arte ez zitzaiola berriro helduko. Jakina denez, arazoak izan dira Donostian Easo eta Mirakontxaren arteko zatian, eta, oraingoz, geldirik daude lan horiek. Hala, 2024ra arte behintzat ez da martxan egongo metroaren zati hori —Donostialdeko topoa ere esaten zaio—; izan ere, esleipenaren kostua legeak baimentzen duen baino askoz gehiago handitu denez, lanak berriro lizitatu behar dira, eta amaiera data gutxienez bi urte luzatzea ekarriko du horrek.

Testuinguru horretan, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak iragarri du Altza eta Galtzaraborda arteko proiektuarekin hasteko asmoa dutela. Saileko iturriek nabarmendu dute bi gertaerek ez dutela loturarik, alegia, Easo-Mirakontxa zatiko arazoak agertu izan ez balira ere bazutela Altza eta Galtzaraborda arteko zatia esleitzeko asmoa, “lehentasunezkoa” iruditzen zaielako.

Jaurlaritzak joan den ostiralean atera zuen xehetasunei buruzko prentsa oharra. Haren arabera, Euskal Trenbide Sarea “amaitzen” ari da trenbidearen eraikuntza proiektuaren eguneraketa. Aipatu bezala, eginda zegoen aurrez —orduan ere Arriola zen Garraio sailburua—, eta ez du aldaketa esanguratsurik izango jatorrizko proiektuarekin alderatuta. Eguneraketa hori egindakoan, aurrekontua eta egikaritze epea zehaztu ahal izango dituzte. Arriolaren hitzetan, 2021ean lizitatuko dituzte lanak, eta zehaztu du egikaritze epea ez dela 48 hilabetetik beherakoa izango. Komunikabideren batean data zehatzagoak ere agertu diren arren —esaterako, 2025 amaierarako edo 2026 hasierarako egongo dela martxan—, horrelakorik ezin dutela baieztatu adierazi dute saileko iturriek.

Altza-Galtzaraborda-trena

Xehetasun teknikoak

Bi kilometroko luzera izango du tarte berriak, eta, hari esker, Altzako geltokia ere Euskotrenen linea nagusian sartuko da; hau da, tren guztiak pasatuko dira Herrera, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako geltokietatik. Ibilbidea bikoiztu egingo dutenez, 7,5 minutuko maiztasunean ibili ahal izango dira trenak. Gaur egun, Herreraraino bakarrik eman daiteke maiztasun hori. Hain zuzen, 2016an inauguratu zen Herreratik Altzarako zatia, eta haren jarraipena da orain egin nahi duten zatia. Galtzarabordarainoko lanak amaitutakoan, osatuta geratuko da trenbide bikoitzeko saihesbidea.

Oro har, lurpetik ibiliko dira trenak. Altzako geltokitik hasita, meategiko tunelean egingo du aurrera ibilbideak, Donostia eta Pasaia arteko muga ezartzen duen Eskalantegi kaleraino. 2016ko irailaren 12an inauguratu zuten Altzako geltokia, baina ez du espero adinako erabilerarik izan. Askotan aipatu izan da hankamotz jaio zela; izan ere, ekialdera joan nahi izanez gero, hau da, Pasaiako noranzkoa hartu nahi izanez gero, Herrerako geltokian trenez aldatu behar izaten dute bidaiariek; ondorioz, autobusa lehenesten dute.

Pasaiako lurretan, Antxon, geltoki berri bat egingo dute lurpean. Proiektuak herri horretan eragingo ditu aldaketarik handienak. Gaur egun, Zumalakarregi kalean dago geltokia, eta bitxia da kokagunea, etxe batzuk geltokiari pega-pega eginda daudelako. Horrez gain, auzoa ere zatitzen du trenbideak. Geltoki berria ez da handik urrun egongo. Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian egiteko asmoa dute; sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua, plazan bertan. Geltoki hori egin ahal izateko, beharrezkoa izango da merkatua eraistea eta beste nonbait jartzea. Emandako azalpenen arabera, cut&cover (moztu eta estali) metodoa erabiliz gauzatuko dituzte geltokiaren lanak.

Gero, ibilbide berriak Pasaia zeharkatuko du mendebaldetik ekialdera, tunel faltsutik, eta, Pasaiako saihesbidearen eta Topoaren egungo ibilbidearen azpitik igaro aurretik, meategiko tuneletik jarraituko du, Errenteriako mugara iritsi arte. Puntu horretan, Parke kalearen parean, orain topoa igarotzen den ibarbidean, kanpora irtengo da ibilbidea, eta Galtzarabordako geltokiaren hasieran bat egingo du egungo trenbideekin.

Iazko datuen arabera, hiru geltokien artean 1,2 milioi erabiltzaile dituzte. Jaurlaritzak ez du xehetasunik eman proiektuak izango duen aurrekontuari buruz. Aurreko proiektua egin zutenean, 72 milioi euroko kostua izango zuela kalkulatu zuten.

EH Bilduk, mozioa

“Proiektua oso garrantzitsua da Pasaiarako nahiz Errenteriatik eta Altzatik Donostiara doazen pertsonentzako garraio zerbitzua hobetzeko”, esan du Arriolak. Eta, EH Bilduri erreferentzia eginez, gaineratu du emandako bultzadak gauza bat erakusten duela: “Ez dago inolako bateraezintasunik Donostiako topoaren pasabidearen eta Altza-Galtzarabordako saihesbidearen artean, batzuek dioten bezala”. Nabarmendu du Garraio sailarentzat biek dutela lehentasuna, osagarri moduan ulertzen dituztelako, Zumaiatik Hendaiaraino metroaren maiztasunak dituen zerbitzu bat ematen duen proiektu bakar baten parte moduan.

Talde politikoen artean zenbait ika-mika izan dira azkeneko egunotan proiektuari buruz. Azaroaren 3an agerraldi bat egin zuten Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako EH Bilduko zinegotziek, Jaurlaritzari Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda proiektua lehenesteko eskatzeko. “Easo-Mirakontxa tartea geldirik dagoela aprobetxatu behar da tiradera batean sartzeko eta AltzaGaltzarabordako proiektua orain dagoen tiraderatik ateratzeko”, esan zuten.

Biharamunean, EAJk prentsa ohar bat atera zuen, eta esan zuen “harrigarria” iruditu zitzaiola Donostiako Udaleko EH Bilduren bi zinegotzi ikustea Pasaian topoa lurperatzea eskatzeko ekitaldi batean. EH Bilduren “hipokrisia” kritikatu zuen, eta leporatu zion hiriaren ondoko beste udalerri batean lurperatzearen alde egitea, eta, bien bitartean, Donostian une oro kritikatzea eta hura boikotatzen saiatzea. “Ez da koherentea esatea udalerri batentzat ona dena beste batentzat txarra dela, errealitatea bestelakoa denean: topoaren lurperatzea onerako aldaketa izango da hiriaren, bere inguruaren eta lurraldearen mugikortasunean”.

Jaurlaritzaren iragarpena, berriz, ostiralean etorri zen. Garbiñe Alkiza EH Bilduren Donostiako zinegotziaren esanetan, hiru egun lehenago EH Bilduko ordezkariek egindako agerraldiaren ostean, erantzutera “behartuta” sentitu da Arriola sailburua. Alabaina, zati horren inguruko “enegarren propaganda iragarkia” bakarrik egitea egotzi dio, EH Bilduren ustez lizitazioa 2021ean kokatzera mugatu baita sailburua, egitasmoari buruzko datu berri esanguratsurik eman gabe, finantza konpromisorik hartzeke eta aurrekontu partidarik iragarri gabe.

Alkizaren arabera, aurrekontuetan ikusi arte ez diete sinesgarritasunik emango Arriolaren hitzei. “Proiektua eginda dago, eta, hauteskunde kanpainetan behin baino gehiagotan atera duten arren, inoiz ez dute hartu konpromisorik. Lanak esleituko dituzula esan dezakezu, baina gero ez badago aurrekonturik…”.

Horren harira, EH Bilduk mozio bat erregistratu du, Donostiako Udaleko osoko bilkurak Eusko Jaurlaritzari eska diezaion Altza-Galtzaraborda tartea lehenesteko. Hilaren 26an aztertuko dute. EAJk egindako adierazpenei buruz, berriz, EH Bilduk gogoratu du Altza ez dela beste udalerri bat, Donostiako auzo bat baizik. “Hori zuzentzeko ere eskatu diogu [Eneko Goia] alkateari”, eta zehaztu du Pasaian herritarrek beraiek eskatzen dutela proiektua, “Donostian ez bezala”. Egitasmo baten eta bestearen onurak ez direla “konparagarriak” gaineratu du Alkizak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.