Amaiera on baterako ekitaldia

Aurten pandemiagatik ikastolen aldeko jaiak bertan behera gelditu diren arren, elkarteak urteari amaiera "gozoa" eman nahi dio gaurko ekitaldiarekin. ‘Ikastolak herriari’ jaialdia egingo dute Donostiako Kursaalean, 18:00etatik aurrera.

Karmele Uribesalgo

Ikastolen Elkarteak ekitaldi bat antolatu du gaur arratsalderako, Donostian. Kursaalean izango da, 18:00etan, Ikastolak herriari izenpean. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Iparraldeko eta Nafarroako ikastolek antolatu dute elkarlanean. Urtero egin ohi dituzten jaiak bertan behera gelditu behar izan dira aurten, pandemiagatik, eta gaurko ekitaldia urteari amaiera on bat emateko modu bat da, antolatzaileen esanetan. Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak gidatuko dute saioa, eta hainbat artistaren parte hartzea izango du. Hala, oholtzara igoko dira Anje Duhalde, Pauline eta Juliette, Xabi Solano eta Kimua dantza kolektiboa, Nogen, Demode Quartet, Korrontzi eta Oinkari dantza taldea.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, helburua da ekitaldia Euskal Herriko topagune bat izatea. “Euskarari eta euskal kulturari plaza bat eskaini nahi diogu”. Izan ere, 2020an ez dute izan Araba Euskaraz, Ibilaldia, Kilometroak, Herri urrats eta Nafarroa Oinez egiteko modurik, eta, ondorioz, Tellituren hitzetan, aurten ez dute aukerarik izan herriari urtero egin ohi dioten ekarpena egiteko. “Horri buelta eman nahi diogu, eta urtea zapore gozoz amaitu; horregatik antolatu dugu ekitaldi hau”.

Ikastolen Elkarteko lehendakariak aitortu du “zartako handia” izan dela urteroko festak bertan behera utzi behar izana. Azaldu duenez, izugarrizko garrantzia dute jai horiek, hainbat arrazoi direla medio: “Auzolanean antolatzen dira, eta harremanak estutzea lortzen dugu”. Horrez gain, euskal kulturari bost plaza eskaintzen dizkiotela adierazi du, eta euskarari bozgorailu bat jartzen diotela. Aitortu du arlo ekonomikoan ere kolpe latza dela jairik ez izatea.

Dohaintzak egiteko aukera

Tellituk ez du espero gaurko ekitaldiarekin festarik ezak eragin duen zuloa estaltzerik. “Ekonomikoki, gure helburuetatik oso urrun gaude, eta hori bereziki gogorra da lurralde batzuentzat, jaietako dirua oso garrantzitsua delako egiturazko gastuei aurre egiteko”, azaldu du. Sarreretatik ez dute dirurik aterako, doan izango baitira. Dena den, hilaren 21ean ETBn emango dute ekitaldia, eta orduan kontu korronte baten zenbakia jarriko dute dohaintzak egin ahal izateko. “Arlo ekonomikoan oso eragin txikia izango du ekitaldiak, bost jai baitira eta diru kopuru handia mugitzen baita”. Gauzak horrela, euskal kulturari bultzada bat emateko modu gisa ikusten du ekitaldia.

Pandemiari aurre egiteko ezarritako mugek zeharo baldintzatu dute gaurko ekitaldia. Hasieran, Euskal Herri osotik iritsitako 800 ikusle biltzea zuten aurreikusita, baina azkenean 400 izan beharko dira, osasun neurriek ezarritako edukiera dela eta. Gainera, Donostiakoak edo Gipuzkoako hiriburuarekin mugakide diren udalerrietakoak izan beharko dute. Hori dela eta, bertako ikastoletako ikasleen artean banatu dituzte gonbidapenak. Tellituk azaldu du pena dela hasierako ideia burutu ezin izana: “Ilusio handia geneukan lurralde guztietako jendea etor zedin, baina ezingo ditugu eduki Amurriko 100 lagun, Elorrioko beste 100, Lizarrako beste horrenbeste, ezta Ipar Euskal Herrikoak ere”.

Birpentsatzeko momentua

Ikastolen Elkarteko lehendakariak esan duenez, pandemiak asko zaildu du euren jarduna. Erabaki asko ziurgabetasunez hartu behar izan dituzte, eta sarri aldaketak egiteko beharra ikusi dute. Horren adibide da ikastolen festekin nola aritu diren: “Momentu batzuetan pentsatzen genuen posible zela jaiak egitea, baina azkenean bertan behera utzi behar izan ditugu”. Horrek “higadura” ekarri duela aitortu du Tellituk. “Neke handia izan dute, bereziki antolaketan aritu diren taldeek eta boluntario lanetan ibili direnek”.

Ohiko jairik egin ahal izan ez duten arren, urtean zehar hainbat egitasmo antolatu dituzte —ziklo amaierako ekitaldiak, esate baterako—, eta horrek ilusio printza bat eskaini die. Bertso saioak, kontzertuak, erakusketak zein zinema forumak egin dituzte, besteak beste. Pandemia dela eta, mugatuak izan badira ere, “ederto” joan direla azpimarratu du Tellituk, eta, azaldu duenez, horiei esker lortu dute “nahiko era txukunean” amaitzea.

Datorren urtera begira, ikastolen jaiak eta ekitaldiak birpentsatu egin beharko dituztela adierazi du. “Egiteko moduak moldatu eta aldatu arren, helburua bera da: Euskal Herriko hezkuntza bultzatzea eta sustatzea”.