“Energiaren eredu osoari eman behar zaio buelta bat”

“Energiaren eredu osoari eman behar zaio buelta bat”

Miren Garate

Lehendakari berria du Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak: Erika Martinez (Gasteiz, 1985). Esan du emakumeek energiaren arloan egiten duten lana ikusarazteko ilusioz hartu duela kargua. Dituzten erronkei buruz galdetuta, besteak beste, pobrezia energetikoari aurre egitea, kontsumoa murriztea eta gizartea aldaketaren protagonista bihurtzea aipatu ditu.

2012an sortu zen Goiener kooperatiba, eta hasieratik zuen energiaren sorkuntzan aritzeko nahia. Alabaina, garai hartako lege aldaketak medio, atzeratu egin zenuten jarduera hori. Azkenean, 2018an hasi zineten arlo horretan. Zer proiektu egin dituzue orain arte?

2018an, hiru proiekturekin hasi ginen: Hernanin, Fagollako zentral hidraulikoa erosi genuen, eta gurea da orain; Oñatin, esleipen publiko baten bidez, %10eko partaidetza dugu Ur Jauziak sozietatean; horrez gain, Ipar Euskal Herriko I-ener kooperatibaren instalazio batzuk finantzatu genituen, haiek ere proiektu fotovoltaikoak garatzeko. Aurten, pandemia betean, beste ekarpen leiho bat ireki dugu, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako bost ikastolatan eraikinen estalpea baliatuz autokontsumoa bultzatzeko eta lan didaktiko eta pedagogiko bat egiteko. Autokontsumoko instalakuntzan ezartzeko aholkularitza ere ematen du sorkuntza taldeak.

Gaur egun sorkuntzarena da begiz joa duzuen arlo nagusia?

Eredu energetikoa eraldatzeko gakoetako bat iruditzen zaigu energia bertan ekoiztea, baina ez nuke esango gure helburu nagusia sorkuntza denik. Goienerrek hiru zutabe izan ditu hasieratik: merkaturatzea, energia ekoizpena eta boluntarioek egiten duten lana. Goiener boluntarioen eskutik jaio zen, eta hori mantentzea beharrezkoa da: haien lana sustatzea, demokrazia lantzea, barne harremanak eta besteekiko harremanak sendotzea… Sorkuntza garrantzitsua da, baina proiektu horiek gure esentzia galdu gabe garatu behar ditugu, eta, horretarako, ildo denak landu behar ditugu.

Orain gutxi arte, herritarrak kontsumitzaile huts izan dira energiaren arloan. Ikusten duzue jarrera aldaketa bat?

Bai, esango nuke energiaren gaineko eztabaida badagoela gizartean: faktura ulertzearen garrantzia, energiaren prezioa… Horrek ere bultzatzen du jendea parte hartzera, ez bakarrik gutxiago ordaintzeko, baizik eta, adibidez, baita norbere etxean plakak jartzeko edo komunitate energetiko batean parte hartzeko ere. Pixkanaka, informazio gehiago dugu, eta parte hartzeko ezinbestekoa da informatuta egotea. Alde horretatik, Goienerrek hasieratik izan du plan pedagogikoa.

Energiaren sorkuntza eta merkaturatzea liberalizatuta daude, baina garraioa eta banaketa ez. Horien liberalizazioa ere beharrezko ikusten duzue?

Uste dut energiaren eredu osoari eman behar zaiola buelta bat.

Zuen ustez, zerk du lehentasuna bultzatu beharreko aldaketa horretan?

Adibidez, pobrezia energetikoari aurre egiteak. Europatik etortzen zaizkigun araudi eta neurri berriak ere garatu behar ditugu, trantsizio energetikoa hona ere iristeko. Gizartea aldaketa energetikoaren protagonista izatea ere ezinbestekoa da, bestela teknologia aldaketari buruz bakarrik hitz egingo dugu, hori noren esku geratuko den alde batera utzita. Gure kontsumo energetikoa murriztea ere garrantzitsua da, zeren ezin dugu pentsatu berriztagarriekin estaliko dugunik orain dugun kontsumoa, eta horrek bestelako eztabaida bat ere eskatzen du, gure bizimoduari, kontsumoari buruzkoa.

Zenbateko energia mendekotasuna du Euskal Herriak?

%93koa. Eta eztabaida ez da bakarrik zer teknologia erabiliko ditugun energia ekoizteko; proiektu horiek zeinek garatuko dituen ere kontuan hartu behar da. Orain gutxi ikusi dugu ekonomia berdea garatzeko Europatik etorri diren laguntzen ia erdiak izen-abizenekin emanda zeudela dagoeneko. Hori ere kontrolatu behar da.

Aipatu duzu boluntarioek garrantzi handia dutela Goienerren. Horiez gain, berrogei laguneko lantaldea duzue. Nahasketa hori ez da eredurik ohikoena. Nola kudeatzen duzue?

Boluntarioak naturalki integratu dira kooperatiban. Oso aberasgarria eta polita da. Hiru hilabetean behin, erretiro bat egiten dugu langileok, elkar ezagutzeko eta abar; boluntarioekin ere jardunaldiak antolatzen ditugu, gaiak lantzeko eta elkar ezagutzeko. Dinamizatzaile bat ere badugu, eta boluntarioekin eta langileekin aritzen da, denen beharrak detektatzeko. Orain dela bi urte, pertsonak proiektuaren erdian jartzeko helburua jarri genuen plan estrategikoan, guretzat gakoa baita hori.

Lehendakari gisa, ba al duzu helburu jakinen bat?

Nolako lehendakaritza nahi dugun denon artean landuko dugu. Pertsonalki, emakumeok energia sektorean egiten ari garen lana ikusarazteko gogoz nago. Oso maskulinizatuta egon da sektorea historikoki, eta, alde horretatik, horrelako postu batera heltzeak ardura badakarrela uste dut.

Goiener kooperatibak oraintxe bertan dauzkan proiektuen artean zein nabarmenduko zenituzke?

Sorkuntza proiektuak garrantzitsuak dira, eta ilusioz hartzen ditugu. Debagoienean ere proiektu oso interesgarria dugu, bailara osoa deskarbonizatzeko. Udal batzuekin batera, pobrezia energetikoari aurre egiteko programa bat ere badugu, eta esperientzia berria eta polita ari da izaten. Arlo sozialean, bazkideentzako jardunaldiak egingo ditugu bihar; oraingoan, online. Eta, egoera honekin, barne erlazioak eta zaintza lantzea ere uste dut proiektu bat dela, nahiz eta ekonomikoki ez den ikusten. Alde horretatik, Goiener Sarea ere aipatuko nuke, Goienerreko bazkide juridikoei gizarte masaren artean ikusgarritasuna emateko sortu zen proiektua. Horrez gain, hizkuntza politika lantzeko ere sortu dugu taldetxo bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.