Hamarkada bat, astez aste azalberritzen

‘Gipuzkoako Hitza’-k hamar urte egin zituen iragan astean. Herrialdeko auzi nagusiak nahiz eskualdeetakoak lantzen ditu astekariak.

Julen Aperribai

Gipuzkoako Hitza astekariak hamar urte bete ditu. Hain zuzen, joan den azaroaren 5ean izan zuen hamargarren urteurrena, baita Ipar Euskal Herriko, Nafarroako eta Bizkaiko Hitzek ere. BERRIA Taldeak sortutako astekariak dira, eta beti argitaratu izan dira ostiraletan; Nafarroakoaren eta Ipar Euskal Herrikoaren kasuan, zortzina orrialdekoak, eta beste bienean, hamaseinakoak. Araban ez dago Hitza-rik; han, Alea astekaria dago, eta bertako bazkideetako bat da BERRIA Taldea.

1990etik aurrera daude kazeta nazionalak —Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA—, eta eskualdeetakoei 2001ean ekin zien hedabide taldeak, tokiko eragileekin elkarlanean, Tolosaldean Egunero sortuta —2003an, Egunkaria-ren itxieraren ondoren, Tolosaldeko Hitza izena hartu zuen—. Komunikazio proiektua osatzeko sortu zituen, orain hamar urte, herrialdeetako euskarazko astekariak.

Gipuzkoako aktualitatearen astez asteko jarraipena egiten du Gipuzkoako Hitza-k, eta herrialdeko auzi nagusiei leku egiten die. Era berean, eskualdeetako zenbait hedabidek ere elikatzen dute astekariaren edukia; Urola Kostako Hitza-k, Oarso Bidasoko Hitza-k, Tolosaldeko Ataria-k eta Goierriko Hitza-k lan eremu duten eskualdearen inguruko informazioa plazaratzen dute, ostiralero, Gipuzkoako Hitza-n. Gainerako eskualdeei ere erreparatzen die hedabideak.

BERRIA Taldeak eskaintza informatiboa berritu nahi izan zuen 2010ean. Urte hartako azaroaren 4an aurkeztu zituzten herrialdeetako astekariak, Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean. BERRIA Taldearen xedeetako bat euskarazko hedabideak sortzea eta sustatzea dela nabarmendu zuen Joanmari Larrarte orduko EKT Euskarazko Komunikazio Taldeko kontseilari ordezkariak, aurkezpen ekitaldian.

'ZU_ZARA_BERRIA'_KANPAINA