Pribatizazioa, aterpe bila

Pribatizazioa, aterpe bila

Julen Aperribai

Iragan astean, Ulia eta Ondarreta-La Sirena gazte aterpetxeetako langileek salatu zuten Donostiako Udalak publikoki kudeatutako gazte aterpetxeak esku pribatuetan uzteko asmoa duela. Udala, Sustapen sailaren bitartez, bi aterpetxe horien inguruko azterketa bat egiten aritu da azkeneko hilabeteetan, txosten bat osatzeko asmoz, eta horrek kezka piztu zuen langileen artean.

“2014an, prozesu bera abiatu zuten, eta orduko pauso berberak errepikatzen ari dira”, azaldu du Xabier Etxabek, Ondarreta-La Sirena aterpetxeko langileak. Azken hamar urteetako datuen inguruko informazioa jaso nahi zuten txostenean, zehaztu duenez. Langileek udalera jo zuten, azterketa horren inguruko informazio eske, baina Etxabek dio ez zutela jaso erantzun garbirik: “Mamuak haizatzen ari ginela leporatzen ziguten, eta, nolabait, haiek eskubide osoa dutela horrelako azterketak eskatzeko. Ezer argirik ez ziguten esaten”.

Aterpetxeetako langileena susmo bat besterik ez dela dio Duñike Agirerrezabalaga Donositako Udaleko Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak, eta gezurtatu egin du “momentuz, behintzat” udalak aterpetxeak pribatizatzeko asmoa duenik. Ohiko prozedura bat da egindakoa, haren arabera: “Udal gobernuak txosten bat eskatu besterik ez du egin, ikusteko nola funtzionatzen duten eta zer emaitza dituzten”. Gaineratu du momentu honetan aterpetxeena ez dela udal gobernuaren “lehentasun bat”, eta txostena esku artean dutenean erabakiko dutela “aldaketarik egin beharra dagoen edo ez”.

Txostena Donostiako Sustapen sailaren esku utzi izanak areagotu egin ditu langileen susmoak, ordea. Izan ere, hark kudeatzen du Ametzagaña parkean dagoen Green Nest Hostel Uba aterpetxea, kudeaketa kanpora aterata. Horrenbestez, “lerratuta dagoen txosten bat” izan daitekeela uste du Etxabek, eta argudioak eman ditzakeela eskaintzen duten zerbitzua pribatizatzeko. Aterpetxeko langileak adierazi du udal gobernuak, gaiaren inguruan gardentasunez aritu beharrean, ez diela eman informazio argirik, eta haiekin elkarrizketa zuzenik izateko biderik ere ez dietela ahalbidetu: “Alkatearekin bildu nahi dugu, jakiteko ea udalak benetan kudeaketa publikoaren alde egiteko asmoa duen edo ez. Bi aldiz eskatu diogu biltzeko, eta ukatu egin digu bietan, esanez ez duela beharrezko ikusten. Hirugarrenez eskatu diogu bilera bat orain, gure iritzia agertzeko eta udal gobernuarena zein den jakiteko”. Etxabek esan du ukatu egin dietela txostenaren inguruko informazioa ere.

Eredu bat arriskuan

Zazpi langileko lantalde batek kudeatzen ditu aterpetxeak. Denen egoera ez da berbera, ordea, eta Etxabek uste du pribatizatuko balira kaleratu egingo lituzketela gaur egun lanean ari direnetako batzuk: “Udal langileak dira batzuk, eta horiek beste nonbait kokatuko lituzkete ziurrenik. Langileetako bost bitarteko langileak dira, ordea, eta udalak ez dauka inolako beharrik langile horiei irtenbide bat emateko”.

Lanpostuak galtzeak ez ezik, zerbitzuaren etorkizunak ere kezkatzen ditu langileak. Zuzeneko kudeaketa beharrezkotzat jo zuten joan den astean zabaldutako ohar batean, eta eredu horrekin lotu zituzten egun espazio horiek dituzten balioak. Ondarreta-La Sirena aterpetxeko langileari iruditzen zaio aterpetxeek egungo turismo ereduaren “kontrapuntua” eskaintzen dutela, eta udalak ingurumenaren eta gazteriaren alde egiten den lanaren “isla direla”. Gertutasuna ere ematen diote bezeroei, Etxabek dioenez, eta horrek erakarrita joaten dira haietako asko: “Badira urtero errepikatzen dutenak, hain justu, zerbitzua etxeko sentitzen dutelako”.

Etxabek dio pribatizazio batek, langileen lan baldintzak okertu soilik ez, zerbitzuaren indargune horiek galtzea ere eragin lezakeela: “Inguruan ditugun eta kudeaketa pribatukoak diren aterpetxeetan lantaldeak urtetik urtera edo hilabete batetik bestera aldatzen dituzte, eta langileek bezeroekin duten harremana oso bestelakoa izaten da; lotura eta harreman gutxiago izaten dute bezeroekin”. Esan du halako aterpetxeek behin-behineko langileak kontratatu ohi dituztela, eta bezeroei emandako tratua hotzagoa izaten dela, haiek ematen dutenarekin alderatuta.

Hirira zabaldutako guneak

Aterpetxeok Donostiako Udalaren ekipamenduaren parte direnez, zerbitzua hiriaren beharretara jartzeko eta beste udal sailekin lankidetzan aritzeko aukera ere ematen du kudeaketa publikoak, Etxaberen arabera. Adibidetzat jarri du martxoko itxialdia. Ongizate sailarekin batera, gaueko aterpetxe moduan zabaldu zuten espazioa. “Hiru hilabetez egon zen bertan jendea. Gainera, udalari ez zion inolako gastu gehigarririk sortu zerbitzu horrek”. Uste du zerbitzua enpresa pribatu baten esku uzteak halakoak zailduko lituzkeela.

Era berean, Ondarreta-La Sirenako langileak nabarmendu du zerbitzua egoera ekonomiko onean dagoela, eta hori ezin daitekeela argudio gisa erabili zerbitzua beste esku batzuetan uzteko. “2010etik hona, urtetik urtera igo egin dira diru sarrerak. 400.000 eurokoak ziren orduan, eta 700.000 eurokoak dira egun. Horrek erakusten du zerbitzuak funtzionatzen duela, eta, gainera, udalak hiriarentzat izango den diru bat jasotzen du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.