Aurretik atzera, atzetik aurrera

Aurretik atzera, atzetik aurrera

Karmele Uribesalgo

Abere ba. Proiektuaren izena palindromo bat da bere horretan. Hain zuzen ere, fenomeno hori du ardatz Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia sortzaileen azken lanak. Bigara izeneko taldea osatzen dute, eta aurretik atzera eta atzetik aurrera modu berean irakurtzen diren hitzekin edo testuekin aritzen dira lanean. Animalien izenetan palindromo meategi aberatsa aurkitu dute, eta horren erakusle dira bai Pamiela argitaletxearekin kaleratu duten Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia liburua, eta baita joan den ostiralean izen berarekin Donostiako Ernest Lluch kultur etxean ireki zuten erakusketa ere. Martxoaren 13ra arte ikusi ahalko da haien lana Donostian, Ernest Lluch kultur etxean.

Animaliekin lotutako 101 ilustrazio jarri dituzte erakusketan, bakoitza dagokion palindromoarekin. Horrez gain, berrogei testutik gora daude, koadro moduan antolatuta, baita animazioak eta bideoak ere. Hainbat baliabide erabilita gerturatu nahi izan dizkiete palindromoak bisitariei. “Hizkuntza sormena garatzeko tresna gisa ikusten dugu; ez bakarrik esanahien aldetik, baita alderdi plastikotik, grafikotik eta soinuarenetik ere”, azaldu du Aranburuk. Azpimarratu duenez, palindromoak, sortu baino gehiago, aurkitu egiten dira, eta ariketa ludikoa da horiek bilatzea.

Proiektuak azpititulu moduan dauka Palindromo ilustratuen piztegia. “Hizkuntza piztia edo animalia bat da, eta guk aberetu egin nahi dugu, etxekotu”, argitu du Aranburuk. Beste hainbat motibo ere badituzte proiektua piztegi gisa definitzeko. “Bestiario tradizionaletan bezala, natura basatia sailkatu nahi dugu, baina hitzekin ere badauka zerikusia, entziklopedia forma hartu baitu liburuak, nahiz eta gero esanahiak jostariak eta fantastikoak diren”, nabarmendu du. Horrez gain, piztu hitzarekin ere egin dute jokoa, ideia berriak piztearekin.

Elkarlana giltzarri

Kolaborazioak izan dituzte erakusketa osatzeko. Besteak beste, Begiaundi Presseko Jose Luis Azkargortarekin aritu dira elkarlanean. Letterpress tailer bat dauka, eta aspaldiko inprentetako berunezko eta egurrezko letrak erabiltzen ditu. “Inpresio sistema horrek modu alderantzikatuan funtzionatzen du; era batera jartzen dira plantxan, eta gero buelta emanda inprimatzen dira”, esan du Aranburuk. Hori horrela, pentsatu zuten bazuela lotura bi norabideko mezuekin.

Palindromoak “ikusgarri” egiteko nahia ere bazuen Bigara taldeak, eta, horretarako Zazpi t’erdi ikus-entzunezko kolektiboarekin ere aritu dira elkarlanean. Bideo eta testu animazioak sortu dituzte, hitzen ahozkotasuna lantzeko helburuarekin. Bideo horiek osatzeko ahoz gora irakurritako palindromoak grabatu dituzte. Atzekoz aurrera eskaintzen dituzte erakusketan, eta bisitariek ikusiko dute nola testu bera errepikatzen den, baina ahots “sorginduarekin”.

Esperimentaziorako atea

Garciak azaldu duenez, “liluratuta” gelditzen dira palindromoetara gerturatzen direnak. “Hasieran, askok ez dute ondo ulertzen zertan datzan, baina konturatzean, sorpresa handia hartzen dute”, adierazi du. Proposamen “esperientziala” da Abere ba, hitzekin eta letrekin esperimentatzeko gonbita egiten duena. “Jendeak esan digu hasi dela hitzei buelta ematen, eurekin jolasten eta bigarren zentzu bat bilatzen”, aitortu du Aranburuk. Ez da ikusteko erakusketa bat bakarrik, dioenez: “Hizkuntza erabil daiteke zentzurik gabe, dibertitzeko soilik, eta hori oso zentzuzkoa da”.

Proiektua Ernest Lluchen erakustea “motibagarria eta kitzikagarria” dela diote Bigarakoek, uste baitute kultur etxe horrek lan handia egiten duela kultura eta sorkuntza suspertzen. Horrez gain, erakusketa bisitatzera edonor joan daitekeela azpimarratu dute. “Haur txikienek, agian, irudietan izango dute interesa, irakurtzen hasi diren gaztetxoek palindromoetan finkatzen dute arreta, eta helduentzat hausnarketarako bidea ematen du”, zehaztu du Aranburuk.

Eskoletan landu daitekeen gaia dela iruditzen zaio, baina, horrez gain, euskaraz sortu eta euskalgintzarentzat egindako lana ere badela nabarmendu du: “Ezin da beste hizkuntza batera itzuli; beste bertsio bat egin daiteke, baina hitzez hitz itzulita ez dira palindromoak sortuko”. Aranburuk adierazi duenez, euskarak badu potentziala palindromoak sortzeko, eta nahikoa modu poetikoan agertzen dira hitz joko horiek. Bigarako kideek hizkuntzarekin jolasteko “grina” helarazi nahi diete bisitariei, eta, aurrera begira, proiektuari beste forma batzuk ematea aztertzen ari dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.